Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

36.000 teknikari baino gehiago 75 urtetan

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa bere urteurrena ospatzen ari da

2018(e)ko maiatzaren 3a, osteguna - 06:03etan eguneratua

Galería Noticia

  • Mondragon 75 urteReproducir
  • Un grupo de alumnos, en una de las clases de la Escuela Profesional de Arrasate.

DONOSTIA. Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren (GEP) titulartasuna duen irakaskuntza-kooperatiba, Lanbide Eskola gisa Arrasaten sortu zenetik 75 urte igaro dira aurten. Orduko helburua zen, hezkuntzan oinarrituta, "bestelako gizarte-ordena sustatzea, gizatiarra eta bidezkoa", Jose Maria Arizmendiarrieta sortzailearen hitzetan.

Mugarri garrantzitsu asko igaro dira Arizmendiarrietak 1943. urtean Lanbide Eskola martxan jarri zuenetik. Mugarri horiek tokiko esparrua gainditu eta Euskal Herria gaur egun ezagutzen dugun bezala eratzen lagundu dute. Adibidez, 1952. urtean, industria-perituen lehen belaunaldia diplomatu zen Zaragozan, eta horietako batzuek Ulgor sortu zuten 1956an, lehen industria-kooperatiba. Horrela, 75 urte geroago, 1943. urtean ereindako hazi haren fruitua egungo Mondragon da, Euskal Herriko lehen enpresa-taldea eta Espainiako hamargarrena.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak sorrerako espirituari eutsi dio ordutik hona. Bertan trebatu dira 36.000 teknikari, ingeniari eta teknologo baino gehiago, eta haiek eragin handia izan dute gipuzkoar eta euskal enpresetan eta gizartean. Joan den ikasturtean, Eskolak 6,3 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen ikerkuntza-proiektuen bidez eta beste 6,2 milioi euro ezagutza eskualdatzeko proiektuen bidez. Bestalde, Eskolak jasotzen duen euro publiko bakoitzeko 7,6 euro itzultzen dizkio gizarteari.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEP) hainbat jarduera antolatu ditu urtean zehar bere 75. urteurrena ospatzeko: hitzaldiak, erakusketak, ate irekiak eta ekitaldi akademiko/instituzional bat ere bai. Ekitaldi hori maiatzaren 18an izango da Kursaalen eta bat etorriko da graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleei diplomak emateko egunarekin.

Era berean, Eskolak bideo bat eta liburu bat argitaratu ditu 75 urteko historia laburtu eta mugarri garrantzitsuenak ezagutarazteko, izenburu honekin: "75 urte jakintza sustatuz, etorkizuna eraikitzen".

Sortu zenetik hona, MGEPek 10.700 tituludun trebatu ditu unibertsitate-ikasketa ofizialetan, 191 doktore, 23.560 tituludun lanbide-heziketan eta 1.800 profesional titulu propioetan, bai masterretan, bai aditu-ikastaroetan eta antzekoetan.

Gaur egun, MGEPek graduak, masterrak, doktorego-programak eta goi-mailako prestakuntza-zikloak ematen ditu ingeniaritzaren alorrean. Arrasaten kokatuta dago, baina Ordizian eta Hernanin ere campusak ditu. Ingeniaritzako 9 gradu, 6 master, doktorego-programa bat eta goi-mailako 6 prestakuntza-ziklo eskaintzen ditu, enpresen beharrei erantzuna emateko.

Guztira, 2.000 gazte baino gehiago trebatzen ari dira Mondragon Goi Eskola Politeknikoan ingeniaritzetan edo ikasketa teknikoetan. Haietatik, 321 prestakuntza-zikloetan daude, 1.363 ingeniaritza-graduetan, 268 masterretan eta 105 doktoregoetan. Horiei beste 2.500 profesional gehitu behar zaizkie, Profesionalentzako Prestakuntzaren negozio-unitatean ikastaro eta tituluen eskaintza zabalaren bidez urtero-urtero prestakuntza jasotzen dutenak.

Prestakuntza eta enplegua
1943an sortu zen Lanbide Eskola gisa, prestakuntzaren bidez gizartea eraldatzeko helburuz. 1964an, Ingeniaritza Teknikoaren aitorpen ofiziala eskuratu zuen. 1970eko hamarkadako lehen urteetan nabarmentzen hasi zen, Europako beste unibertsitate batzuekin egindako ikasle-truke eta lankidetza-hitzarmenegatik, Goier programaren bidez, Erasmus sortu baino 15 urte lehenago. 1977an, Goi Eskola Politeknikoak eta Debagoieneko beste bi zentrok osatutako Mondragon Unibertsitatearen sorrera onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. 2008an, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura (Bolonia izenekora) egokitu zen Estatuko lehen ingeniaritza-fakultatea izan zen Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, graduko eta masterreko titulazioei dagokienez.

Gaur egun, prestakuntza praktikoa, eleaniztuna eta enpresaren mundutik hurbila eskaintzen du talde-lanaren bidez eta Danimarkatik ekarritako ikaskuntza-metodologia aktiboetan oinarritua. Proiektuak garatuz benetako arazoak konpontzea da metodologia horren funtsa. Lanbideren 2016ko Laneratze Inkestaren arabera, Goi Eskola Politeknikoko tituludunen laneratze-tasa % 94,2koa da, eta enplegu enkajatua (ikasitako lanbidearekin bat datorrena) % 97koa.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren erronka hauxe da: ezagutzak, prestakuntza-eskaintza eta egiturak egokitzea, ikasle eta irakasleek teknologiaren bidez aurre egin diezaieten enpresen eskariei eta gizartearen beharrizanei. U-Multirank unibertsitate-rankingaren arabera, MGEP Estatuko lehen unibertsitatea da transferentziaren eta teknologiaren aldetik. Era berean, nabarmena da spin off-ean (unibertsitatean enpresak sortzen) eta profesionalentzako prestakuntzan duen bikaintasunagatik. Hala, profesionalentzako prestakuntzaren inguruan honako datu hauek ditu: 2.453 profesional baino gehiago trebatu dira, 238 prestakuntza-programa eman ditu -9.500 ikastordutik gora-, 320 enpresa parte-hartzaile ditu eta erakundeen batez besteko gogobetetasuna 8,3koa da.

Prestakuntza duala 1966az geroztik
MGEPeko ingeniaritza guztietako ikasleek prestakuntza dualean parte har dezakete lehen mailatik. Prestakuntza hori 1966an hasi zen, Alecop kooperatiba sortu zenean. Haren bidez, ikasketak eta lana batera egin zitzaketen Lanbide Eskolako ikasleek. Gaur egun prestakuntza duala esaten zaio horri, eta garai hartan, berriz, ikasketak eta lana txandakatzea. Gaur egun 741 ikaslek hartzen dute parte horrelako programetan. Ikasle horiek 262 enpresa kolaboratzailetan egiten dituzte praktikak eta gradu-amaierako lanak, eta enpresa horien gogobetetasun-maila 10etik 9,04koa da. Datu bat ematearren, esan daiteke Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ematen dituen 8 ingeniaritza-graduek prestakuntza dualeko ibilbideak dituztela, baita 6 masterrek ere. Datu horrek agerian jartzen du fakultateak apustu egiten duela eredu horren alde, horri esker ikasleak lan-merkatuan murgiltzeko eta hartutako ezagutza akademikoak erabiltzeko aukera baitu. Izan ere, Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da funtseko tresna horretan.

Ikerkuntza eta transferentzia
Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren indarretako bat enpresarako joera da. Ikuspegi horri esker, diziplina anitzeko ikerkuntza-taldeak sortzen ditu, enpresen beharrei erantzun bizkor eta eraginkorra emateko berariaz eratuak. Ikerkuntza eta Transferentzia arloak 17 ikerkuntza-talde ditu, eta horietako 9 bikaintzat eman ditu Eusko Jaurlaritzak.

Eskolak funtsezko ikerketa bideratuko proiektuak egiten ditu -doktorego-tesiak sartzen dira horietan-, baita industria-ikerkuntzako eta garapen esperimentaleko proiektuak ere -enpresekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean-, eta horietatik produktu, prozesu eta zerbitzu berritzaileak sortzen dira.

Horrela, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 110 milioi euro kudeatu ditu 2007az geroztik ikerkuntzan eta transferentzian, horietatik % 46 ikerkuntzan eta gainerako % 54a transferentzian. Orobat, bikaintasuna lortu du industriarekin egindako argitalpen eta patenteetan, U-Multiranken arabera (2017).

Unibertsitatearen ikerkuntza-eredua zientzia-bikaintasunaren mailatik gertu dago eta bat dator euskal enpresek epe ertainera eta luzera dituzten beharrekin. Gaur egun (2018-2017 ikasturtea) Eskolak 105 tesi ditu abian, 6,3 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu ikerkuntza-proiektuen bidez eta beste 6,2 milioi euro ezagutza eskualdatzeko proiektuen bidez. Bestalde, Eskolak jasotzen duen euro publiko bakoitzeko 7,6 euro itzultzen dizkio gizarteari.

Etorkizuna
Mondragon Unibertsitateak eboluzionatuz jarraitu nahi du. Egungo 2017-2020 epealdi estrategikoan, hezkuntza-eredua eguneratu egingo du, gazte teknologoei prestakuntza integrala emateko eta lankidetzako eta ingurune digitalizatuetako lanetan trebatzeko. Era berean, enpresen interesetara areago lerrokatzeko ekimenak eta ekintzak jarriko ditu abian, aliantza egonkorren bidez. Ildo horretan, esparru jakin batzuetan espezializatuko da: 4.0 Industrian, Gauzen internetean, Big datan, Zibersegurtasunean eta Osasun-teknologietan. Enpresak horrelako euskarrietan oinarritzen dira beren etorkizuna bermatzeko;gainera, profil profesionalen gabezia garrantzitsuak nabarmentzen ari dira arlo horietan. Premia berriek profil berriak eskatzen dituzte, jakina, eta Unibertsitateak eta MGEPek titulu berriekin eta lehendik dituenak eguneratuz erantzun behar diete horiei.

Herramientas de Contenido