goierri

Segura eta Zeraingo mendien barrena, korrika

Gaur, 16.00etan, hasiko dute lasterkariek III. Sanson mendi proba

M. Aranburu - Sábado, 5 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h

Iaz, proba laburreko irabazlea izan zen Borja Gereñu segurarra helmugara iritsi zen unea.

Galería Noticia

Iaz, proba laburreko irabazlea izan zen Borja Gereñu segurarra helmugara iritsi zen unea.

segura- Ingurune ederrak korrika igarotzeko aukera izango dute gaur III. Sanson proban parte hartuko duten lasterkariek. Segurako plazatik hasiko dute proba eta bertako zein Zeraingo mendietan barrena ibiliko dira gora eta behera ibilbide osoa egin arte. Segurako Kirol elkarteak antolatutako lasterketa da hau eta Goierri Kopa Trail probako puntuagarria da, gainera.

Nahiz eta normalean horrelako lasterketak goizetan izaten diren, Sanson arratsaldean jokatzen da. Beste kasuetan bezala, ordea, bi ibilbide egongo dira eta korrikalari bakoitzak nahi duenean ateratzeko aukera izango du, nahiz eta 18 urtez azpikoek derrigor atera beharko duten distantzia laburrean. Batetik, beraz, 25 kilometrokoa edo proba luzea egongo da, 1.600 metroko desnibel positiboa duena. Iaztik aldaketa batzuk izan ditu, izan ere, beste jaitsiera bat gehitu diote bideari eta ibilbidearen erdialdean, 12 kilometro inguruan, tontor bat igo beharko dute;hala, 100 metroko desnibela gehitu diote iazko bideari. Bide hau arratsaldeko 16.00etan hasiko da eta lasterketako punturik altuena Harripileta izango da, 883 metrorekin. Bestetik, proba laburragoa ere badago: 15,3 kilometrokoa da eta 800 metroko desnibel positiboa du guztira. Proba honetako korrikalariak, baina, trail distantziakoen ondoren hasiko dira eta 16.15ean aterako dira lasterka. Bi proben amaiera Segurako plazan izango da, eta beste urteetan bezalaxe, ibilbidean zehar zein bukaeran herritarrak parte-hartzaile guztiak animatzeko prest izango dira.

Helmugara lehen iristen direnek saria izango dute. Kategoria bakoi-tzeko sei sari banatuko dira, lehen hiru emakumezkoei eta gizonezkoei, hain zuzen ere. 200, 150 eta 100 euro jasotzeaz gain, garaikurra ere eskuratuko dute.

Iazko proba luzeko irabazleak Arrasateko Aritz Kortabarria (2:05:34) eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra (2:36:21) izan ziren. Proba laburrean, bestalde, Borja Gereñu herritarra iritsi zen lehen postuan 1:14:05eko denbora eginez, eta Nerea Amilibia zarauztarrak 1:27:48ko denbora behar izan zuen helmuga igarotzeko.

Izen-emateak gauerdian itxi dira eta proba luzean 250 korrikalarirentzako muga dago. Motzean, berriz, 150 lagunentzako. Beraz, gaur arratsaldean inguruko mendietan barrena korrikalari andana ibiliko direla espero dute antolakuntzakoek eta jende asko inguratuko dela animatzera ere.

etiquetas: mendia, segura, zerain