Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Patronatua eta ondarea

zuzenbide erromatarretik datorren erakunde hau oso garrantzitsua izan zen elizak eraiki eta mantentzeko

Testua eta argazkia Euskal Pastoraltza - Domingo, 6 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Muskildako ermita, Zaraitzu ibarrare iparraldean.

Muskildako ermita, Zaraitzu ibarrare iparraldean.

Galería Noticia

Muskildako ermita, Zaraitzu ibarrare iparraldean.

etxeko berriak

Patronatua aspaldiko instituzioa dugu, zuzenbide erromatarretik datorrena (Teodosio eta Justiniano enperadoreen lege bildumetan aipatzen da) eta elizak eraikitzeko eta mantentzeko oso garrantzitsua izan zena. Alde honetatik, erakunde honek aldaketa eta interpretazio ezberdinak jasan ditu mendeetan zehar. Erdi Aroko lehenbiziko mendeetan, VI. mendetik XII. Mendera arte gutxi gora behera, patronatua berezko elizen errealitateari lotuta azaltzen zaigu. Aldi berean, garai haietan Eliza saiatu zen pixkanaka tenpluak beren jauntxoengandik askatzen.

Patronua jauntxo partikular bat izan ziteken (Valdespinako markesa Astigarragako parrokiaren kasuan, esate baterako), beste erakunde eklesiastiko bat (Orreagako kolejiata), edo instituzio zibil bat (herritarrak beren kontzejuarekin…).

XIX. mendean patronato gehienak desagertu ziren;gutxi batzuk iraun zuten ordea XX. mendera arte eta baten bat mende honetan sortua izan zen. Kasu honetan dago Nafarroako Urraul Goitin dagoen Santa Fe ermitari dagokiona. Vatikanoko II. Kon-tzilioak (1962-1965) eskatu zien patronu partikularrei (jauntxoei) beren presentazio eskubideei uko egiteko. Hala egin zuen esate baterako Astigarragako Valdespinako markesak Setien Donostiako apezpikuaren garaian.

XIX. MENDEKO GORABEHERAKXIX. mendeko gerrateen ondorioz (fran-tzesada, karlistadak…) parrokiek asko sufritu zuten eta beren ondareak ere asko gutxitu ziren. Parrokia batzuetan ere elizako zilarra (ontzi sakratuak, gurutzeak…) saldu zen herriaren premiei aurre egiteko. Kontzejuek diru hori bueltatzeko konpromisoa hartzen zuten, halere kasu gehienetan ez zen posible izan eta barkatu egin zitzaien.

Estatu liberalak, zor handia zuenez gero, desamortizazio bat baino gehiago burutu zituen. Eliza kaltetuenetako bat izan zen. Desamortizaziorik aipagarrienak Mendizabalena eta Madozena izan ziren. Orden erlijiosoei eta parrokiei ondasun pilo ikaragarria kendu egin zitzaien saltzeko.

1837ko legeak (1837-VII-29) monasterio, komentu, kolejio, kongregazio eta etxe erlijioso guztiak desagertzeko agintzearekin batera hamarrenak eta primiziak bertan behera utzi zituen. 1841eko abuztuaren 14ko errege dekretuak behin betiko deuseztatu zituen. Jendeak ordea, hamarrenak ez, baino primiziak boluntarioki ordaintzen zituen indar publikoak erabat debekatu arte. 1851. urtean Aulki Santuak Españarekin konkordatoa sinatu zuen. Bertan Elizak bere ondasunak berreskuratzeari uko egiten zion (ezinezkoa baitzen kasu askotan) eta ordainean Estatuak Elizaren gastuei aurre egiteko urtero subentzioa emateko konpromisoa hartu zuen. Horri “culto y clero” deitu zitzaion. Edozein kasutan, hamarrenak eta primiziak baino askozaz ere txikiagoak ziren kopuru horiek.

1881ean Iruñeko elizbarrutiko parrokien antolakuntza berria gauzatu zen egoera berriari egokitu asmoz (“Arreglo parroquial” deitu zi-tzaion honi). Aldi berean dekretatu zen parroki bakoitzaren administrazioa bertako apezek egin beharko zutela eliztarren laguntzakin (“Junta de Fábrica” delakoa osatuz). Patronatuak desagertu ziren eta harrezkero kontzejuek ez zuten parte hartzen parrokiko ondasunen zaintzan.

JABEGO ERREGISTROA ETA TENPLU KATOLIKOEN INMATRIKULAZIOA 1861eko otsailaren 8ko lege hipotekarioak sortu zuen Jabego Erregistroa, ondasun higiezinak inskribitzeko. 1863ko azaroaren 6ko Errege dekretuak arautu zuen. Hasieratik zenbait ondasun inskripziotik salbuespendu ziren: Estatuarenak, publikoak zirenak, hala nola, itsas bazterrak, errekak, errepideak eta bestelako bideak, burnizkoak izan ezik, kaleak, plazak… eta kultu katolikorako destinaturiko tenpluak. Francoren garaian lege hipotekario berria argitara eman zen. 1947an beste dekretu batek inskripzioen egoera berdin mantendu zuen.

Arau honek, praktikan, elizarentzako diskriminazio bat izan da eta kaltegarria gainera, ezin izan baitu bere tenpluak erregistroaren babespean inskribitu.

Etxe parrokialei, lur sailei eta bestelako parrokien eta elizbarrutien ondasunei dagokionez ez zen horrelako salbuespenik. Nafarroako kasuan 1930eko hamarkadan horietako asko inmatrikulatu izan dira erregistroan. Beste batzuk beranduago ere 1980eko hamarkadan, etab. Baino tenpluak ez arestian aipatutako salbuespena zela eta.

1998an, Valentziako parroko baten eskabidea eta errekurtsoa medio, 1867/1998 Errege dekretuak salbuespen hori baliogabetu du inkostituzionaltzat hartuz (musulmanek beren mezkitak inmatrikulatzeko eskubidea badute, eta protestanteek haien otoitz lekuak, zer dela eta ez Eliza katolikoak bere tenpluak?). Horrek eskubidea eman dio Elizari bere tenpluak ere nahi izanez gero inmatrikulatzeko. Inskribitzeak ez du jabetza aldatzen, publikoa egiten du eta horrekin segurtasun juridikoa bilatzen da. Elizak bere ondasunak inskribitzean batzuetan (berriak direnean) obra berriaren titulua aurkezten du;bestetan jabego titulua ere erakusten du existitzen den kasutan. Edukitza baketsua normalean demostratzeko zailtasunik ez da egoten.

Eliza parrokialak kristau elakartearenak dira (parrokiek beren nortasun juridikoa dute, baita zuzenbide zibilaren aldetik ere). Segurtasun juridiko handiagoa izateko inskripzioa elizbarrutiaren (diozesiaren) izenean egin da baino argi utziz parrokiarenak direla. Eliza kristauak kristauenak dira, kristau herriarenak, azken finean.