Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Erripan gora

Gaztetxeen haritik

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 6 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Hiriak ez du gazte eta nerabeendako leku publiko egokirik. Negu luzea izan dugun honetan, udalak ez du ia inolako aterperik eskaini, eta 13-14 urtetik gorako jendeak nola edo hala moldatu behar izan du hotzari eta euriari aurre egiteko, karrika gorrian ez baita girorik izan batere. Aspaldiko afera da, eta oraingoz behintzat, ez zaio aterabiderik eman legealdi honetan. Zezen plaza azpiko txaletarena ez zen ongi atera, eta Mendillorrikoa ikuskizun dago. Iruñearekin mugakide diren herri frankotan, ordea, badira leku aproposak (Gaztelekuak) adin horretako jendearentzat, eta ez dira egonleku hutsak, baizik eta halako programazio berezi bat lantzen da gaztetxo eta gazteekin batera. Iruñean, berriz, peñetan biltzen da gazte aunitz. Ikusteko modukoa da zenbat bazkidetu diren azken urteotan. Baina bistan da horrelako lekuak ere ez direla asegarri sektore batentzat, eta beti saiatuko direla okupazioaren bidean, adinaren suharrak eskaturik. Gaur egun, bi toki okupaturik daude hirian, google mapetan berean ageri den bezala. Egunotan hizpide dira, apiril erdian Arrotxapekoan egindako gaupasa jendetsu eta zaratatsuaren karira, eta orain, gertatutakoak gertatuta (pintaketa barne), beldur dira ez ote dituen Udalak hertsiko. Udalean bertzelako aginte taldea izatera, aspaldian leudeke bi-biak itxita. Ez dute egungoa baino giro ofizial aproposagorik aurkituko. Gainera, zabalik iraunen badute, inguruan bizi den jendea alde izan beharko dute;edo, ez behintzat, kontra. Egun, auzokideak gero eta sentiberagoak baitabiltza burrunba, zarata eta zikinkeria direla eta. Nabarreriakoak, behintzat, orain arte kultur programazio oparoa eskaini du, eta gogotik saiatu da auzokideekiko harremanak zaintzen. Horrela diharduen bitartean, nekezago iritsiko zaio ixteko agindurik.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia