Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Hiru paziente alkoholikotatik batek jokaera bortitzak izaten ditu, NUP-eko ikerketa baten arabera

unavarra.es - Lunes, 7 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 13:54h

Sonia Esarte Eseverri, NUPeko doktore berria.

Sonia Esarte Eseverri, NUPeko doktore berria. (UNAVARRA.ES)

Galería Noticia

  • Sonia Esarte Eseverri, NUPeko doktore berria.

NAFARROA. Kontsultara joaten diren hiru paziente alkoholikotatik batek arazoak izaten ditu jokaera bortitzak kontrolatzeko, hots, herritarrengan oro har izaten dena baino ehuneko handiago batek. Gainera, bortizki jokatzen duten pertsona alkoholiko horiek izaten dira mendekotasun larrienak, nortasun nahasmendu bizienak eta sintomatologia psikopatologiko handienak edukitzen dituztenak. Aurkako ikuspuntutik, paziente alkoholikoen % 26,5 indarkeria fisikoaren edo sexu indarkeriaren biktima izan da bizitzan noizbait. Zifra horri dagokionez, hori ere handiagoa da, herritarrengan oro har izaten dena baino, eta jazarpen horien biktimen artean emakumezkoak dira nagusi. Horiek dira Sonia Esarte Eseverri psikologoak (Jaurrieta, Nafarroa, 1983) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesiaren emaitzetako batzuk, zeinek berresten baitituzte ezaugarri paretsuetako aurretiko azterlanetan lortu diren zifrak, hala nola hiru pazientetatik bik lortzen dutela tratamenduaren ondoren alkoholik ez edateko helburua.

Javier Fernández Montalvo eta José Javier López Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleek zuzendutako ikerketan, Sonia Esartek aztergai izan ditu paziente alkoholikoen profila, horien berrospitaleratze terapeutikoen ezaugarriak eta tratamendu anbulatorioaren eraginkortasuna paziente alkoholikoengan. Horretarako, Arreta Anbulatorioko Aldatu Zentrora jo du, hogei urte baitarama abian Nafarroan, Gizakia Helburu Fundazioak kudeatua, eta bertan tratamendu mota hori jasotzen duten 151 paziente alkoholikok (111 gizon eta 40 emakume) osatutako lagin bat ebaluatu du. Tratamendu hori maila kognitiboko eta jokabidea lantzeko esku hartzean datza, eta banakako eta taldeko saioetan egiten da.

Laginean aztertutako alkoholiko gehienak gizonezkoak dira, egunero kontsumitzeko patroiari jarraitzen diote, ezkonduak daude, eta lehen hezkuntzako ikasketak amaituta dauzkate. Horien artean, oro har, gaixotasun mentalak eta nortasun nahasmenduak dira nagusi, eta baldintza horiek negatiboki eragiten diote prozesu terapeutikoari. Azterlaneko paziente alkoholikoen berrospitaleratze tasa % 51koa da, hots, antzeko azterlanetan aurki daitekeena baino handiagoa.

Tratamenduaren eraginkortasuna

Ebaluatutako programaren eraginkortasunari dagokionez, pazienteen % 63,5ek lortzen du tratamenduaren ondoren alkoholik ez edateko helburua, eta emaitza hori mota horretako beste tratamendu batzuen bidez (pentsamenduaren eta jokabidearen arteko lotura bilatzen dutenak) lortutako emaitzen ildo beretik doa. Alde horretatik, tesiak nabarmentzen du familia eta gizartea garrantzitsuak direla tratamenduaren bilakaeran. “Familiaren eta gizartearen babes handiagoa daukaten pazienteek aukera handiagoa dute alta terapeutikoa eskuratzeko, eta, horregatik, alderdi hori kontuan hartu beharra dago alkoholikoekin esku hartzeko programetan”, adierazi du tesiaren egileak, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi baitu.

Alkoholismoa da, antsietate nahasmenduen ondotik, nazioartean hedatuen dagoen osasun mentaleko arazoa, eta, hortaz, hainbat ondorio eragiten ditu osasun, gizarte eta ekonomia mailan. Egia bada ere asko aztertutako fenomeno bat dela, ez dugu oraindik sakonki ezagutzen, eta, horregatik, horrelako azterlanek datuak ematen dituzte tratamendu berriak diseinatzeko.

Curriculum laburra

Sonia Esarte Psikologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (2007), Psikopatologiako eta Osasuneko Masterra egin zuen UHUNen, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (2010), eta Psikologian doktorea da NUPen. Ikertzaile gisa, bekadun izan zen Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuaren “Paziente kokainazaleengan atxikimendua eta terapeutika uztea aurreikusteko faktoreak” programan, 2006tik 2008ra bitartean. Halaber, drogen mendekotasunaren tratamenduari eta haren ondorengo integrazioari buruzko zenbait artikulu egin ditu, eta zenbait kongresu eta jardunaldi nazionaletan parte hartu du. 2008tik gaur egun arte, psikologo dihardu Gizakia Helburu Fundazioaren Arreta Anbulatorioko Aldatu Zentroan, eta irakasle elkartua da NUPeko Osasun Zientzien Saileko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia arloan.

Herramientas de Contenido

etiquetas: upna, nafarroa