Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroako Gobernuak “Ezagutzatik bizikidetzara. Topaketa komunitate islamiarrekin” jardunaldiak antolatu ditu

navarra.es - Lunes, 7 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 13:52h

NAFARROA. Nafarroako Gobernuak, Bake, Bizikidetza eta Giza-Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, datorren astean Iruñean eta Tuteran egingo diren komunitate islamiarrekiko topaketa-jardunaldiak antolatu ditu “Ez hitz egin gutaz, hitz egin gurekin” lemapean. Nafarroako Komunitate Islamiarren Batasunaren eta GENen (Gizarte Eskubideak Nafarroa) lankidetzaz, “Ezagutzatik bizikidetzara” jardunaldi hauen bitartez, gero eta emankorragoa izango den bizikidetza lortu nahi da kulturen eta komunitateen artean. Hartara, topaketak lan-ildo berriak bilatu nahi dizkie gai honetan zer esana duten eragileei: Nafarroako Gobernuari berari, toki-erakundeei, ikastetxeei, elkarteei nahiz Foru Komunitateko herritarrei.

Jardunaldiak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok inauguratuko ditu astelehenean, maiatzak 7, 19:00etan, Iruñeko Baluarten. Hauexek dira topaketa eta elkar ezagutza xede dituen lehendabiziko saio honetako partaideak: Riay Tatary, Espainiako Islamiar Batzordeko lehendakaria;Rocío López, Justizia Ministerioko Pluralismoa eta Bizikidetza Fundazioko zuzendaria;Mohamed Amnay, Nafarroako Komunitate Islamiarren Batasuneko lehendakaria, eta Maryam Martínez Méndez, Nafarroako emakume musulmanen taldeko kidea.

Bigarren eta hirugarren saioek antzeko egitura izanen dute: maiatzaren 9an Iruñeko Baluarten eta maiatzaren 10ean Tuteran, Rua Zentro Zibikoan, bizikidetzaren gaia ardatz hartuta. Bertan, tokian tokiko hainbat ekimen aurkeztuko dira;hala nola, Burlatako eta Ribaforadako udalek bultzaturikoak edota Iruñeko Buztintxuri eta San Adrianeko Alfonso X El Sabio ikastetxeenak. Azkenik, mahainguru batean, hainbat elkarteren ahotsak entzuteko aukera izanen da: GEN, Islamofobiaren aurkako Plataforma Herritarra, Amnesty International, Munduko Medikuak, Gurutze Gorria, Zaska Nafarroako Zurrumurruen aurkako Sarea, San Jorgeko Zentro Kultural Islamiarra eta Castejoneko Komunitate Islamiarra. Nafarroako Gobernuak jardunaldietan parte hartzeko gonbita luzatu die toki-erakunde, ikastetxe nahiz elkarteetako arduradunei eta herritar guztiei, topaketa aberasgarria izan dadin eta bizikidetzari buruzko lan-ildoak irekitzen jarrai dezan.

Departamentuen arteko mahaia

Nafarroako Gobernuak departamentuen arteko mahaia sortu zuen 2016an, Nafarroako komunitate islamiarren ordezkariekin batera. Komunikazio eta elkarrizketarako tresna iraunkorra finkatzea da helburu nagusia, Nafarroako zenbait herritan dauden komunitate islamiarrei berariaz eragiten dieten kulturen arteko harreman eta bizikidetzari buruzko arazoei aurre egin ahal izateko.

Lan horren ondorioz, Bake, Bizikidetza eta Giza-Eskubideen Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du komunitate islamiarrekiko topaketa hori gizarte osoari helaraztea, jendearentzat irekitako leku batean.

etiquetas: nafarroa