Iritzia

Burujabetza teknologikoa mahai gainean

Aitzol Astigarraga, Gorka Julio, Edurne Larraza eta Juanan Pereira, IEB2018ko koordinatzaileak - 2018(e)ko maiatzaren 9a, asteazkena - 11:05etan eguneratua

La última tecnología relacionada con el consumo se presenta en la convención de Mandalay.

Galería Noticia

La última tecnología relacionada con el consumo se presenta en la convención de Mandalay.

Teknologiak gure bizitzako alderdi guztiak zeharkatzen dituen garaian, azpiegitura eta zerbitzu garrantzitsuenak enpresa transnazional gutxi batzuen esku daude. Joera, gainera, lainoan oinarritutako ereduan oinarrituta, hardwarea eta softwarea urruneko zerbitzarien esku uztekoa da. Gero eta erabilerrazagoa eta eskuragarriagoa den teknologia daukagu, baina horrek, badu bere ifrentzua: zer egin hornitzaile komertzialek zerbitzua eteten edo murrizten badute? Noren esku lagatzen ditugu gure datuak? Garbi dago gehien-gehienetan kontrola ez dagoela gure esku.

Abiapuntu horrekin, aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkuran (IEB), burujabetza teknologikoaren gaia jarri nahi dugu mahai gainean. Hausnarketak beste eremuetara eramaten bagaitu ere, teknologiaren talaiatik begiratu eta aztertuko dugu guk. Burujabetzaren oinarri izan daitezkeen egitasmoei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko, lau bloke nagusi bereizi ditugu:

Azpiegitura teknologikoen alorrean, sare libre eta neutralak izango ditugu hizpide. Alde batetik, Fibermua ezagutuko dugu, Ermuko Udalak sustatu duen banda zabaleko komunikazio-sare neutrala, arduradun teknikoa den Gorka Areitoaurtena Abaituaren eskutik. Bestetik, arlo komunitario-kooperatibotik, Asier Garaialde Etxaburu izango dugu, Izarkom telekomunikazio operadoreari eta Guifi.net sareari buruzko azalpenak emanez.

Gero eta erabilerrazagoa eta eskuragarriagoa den teknologia daukagu, baina horrek, badu bere ifrentzua: zer egin hornitzaile komertzialek zerbitzua eteten edo murrizten badute? Noren esku lagatzen ditugu gure datuak?

Hezkuntzak zeresan handia dauka burujabetza prozesuan, nola ez. Jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean teknologia digitalek eta hauen erabilerak daukan paperaz arituko gara bigarren saioan. Batetik Sagra Crespo, Donostiako Berritzeguneko IKT arduraduna eta Hezkuntzan ere Librezale mugimenduko kidea, gaiari buruzko ikuspuntu ezberdinak erakutsiko dizkiguna. Eta, bestetik, Galder Gonzalez, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko koordinatzailea, Wikipedia entziklopedia libreaz eta honek hezkuntzaz jokatu dezakeen paperaz arituko zaiguna.

Beste ertz batetik, gaiari buruzko eztabaidak ezinbestean garamatza segurtasun digitalari buruz hausnartzera. Azken bi urteotan azpiegitura teknologikoen kontrako erasoak eta IKT erabiltzaileen pribatutasunari egindako urraketak, bolo-bolo ibili dira komunikabideetan. Nortasun digitala eta ziber-krimena izango ditugu eztabaidagai, Mikel Iturbe (EuskalHack, Mondragon Unibertsitatea) eta Iñaki Mora (S21Sec) solaskideekin. Mikel azpiegitura kritikoei eginiko erasoez ariko da, jendartearen ongizateari zuzen-zuzenean eragiten diotenez. Iñakik, berriz, nortasun digitala eta ziber-krimena izango ditu hizpide, berauek definituz eta gaur egungo gizartean duten garrantzia argituz.

Azkenik, ezinbesteko softwarea herri eta herritar burujabeagoak izateko saioan, elkarren osagarri izan daitezkeen bi ikuspegi azalduko ditugu. Alde batetik IXA taldeko Iñaki Alegria eta Olatz Perez de Viñaspre izango dira, akademiaren talaiatik softwarearen egoera eta hizkuntza-teknologien erabilera eta ondorioak izango dituztenak aztergai;eta, bestetik, Arrate García Campos (Ibatuz) eta Paul Gurmendi Cullak (Tech For Society) parte-hartze plataformak eta Gobernu Irekia izango dituzte hizpide.

Lau saio horien ostean, aplikazio eta esperientzien txanda izango da, aurretik zabaldutako gaietan sakonduz eta haiek ikuspuntu eta esperientzia berriekin aberastuz. Bazkariari tartea egin ostean, arratsaldez, lan-taldeak eratuko ditugu goizean landutako lau saio nagusien inguruan: ekarpen berriak jaso eta talde-eztabaida sustatzea izango da helburu nagusia.

Jakitun gara hasiera baino ez dela hau, maiatzak 17an neurtuko ditugu burujabetza teknologikoak planteatutako erronka berriei heltzeko dauzkagun indarrak. IEBk XI. Edizioa izango du aurtengoa. Hamarkada berria, erronka berriei erantzuteko asmoz ekiten diogu hurrengo bilkurari.

Más sobre Opinión

ir a Opinión »