xehetasunak

Bertsolari gazteen eguna, leitzan

Ospakizuna Eguraldi ona lagun, herrialdeko bertso eskoletako 121 ikaslek hartu zuten parte goiz zein arratsaldez izan ziren ekitaldietan.

Viernes, 11 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Gazteen bertso-eskolen egunean parte hartu zuten bertsolariak, Peru-Harrin. d.n.

Gazteen bertso-eskolen egunean parte hartu zuten bertsolariak, Peru-Harrin. d.n.

Galería Noticia

Gazteen bertso-eskolen egunean parte hartu zuten bertsolariak, Peru-Harrin. d.n.

Diario de Noticias

Nafarroako gazteen bertso eskolen eguna ospatu zuten joan zen igandean, Leitzan. Eguraldi ona lagun, herrialdeko bertso eskoletako 121 ikaslek hartu zuten parte goiz zein arratsaldez izan ziren ekitaldietan. Eguna Nafarroako bertso-paper lehiaketako sariak banatzeko aprobetxatu zuten.

Ikasturteari amaiera emateko, Nafarroako gazteen bertso eskolen eguna egin zen igandean Leitzan. 9 eta 15 urte bitarteko 121 gaztetxok hartu zuten parte goiz zein arratsaldean egin ziren ekitaldietan. Iruñea, Barañain, Orkoien, Atarrabia, Baztan/Bidasoa, Leitzaldea, Larraun eta Sakanako bertso eskoletako ikasleak izan ziren eguraldi ona zein giro bikaina aprobetxatu zituztenak.

Goizean hainbat ezagutza jolas egin ostean, gaztetxoen bertso saioa izan zen Leitzako zineman. Horren ondoren, Nafarroako bertsopaper lehiaketako sariak banatu zituzten. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan Kattin Madariagak eraman zuen saria;5. eta 6. mailakoen artean, Amaiur Goñik eta DBHko 1. eta 2. mailan, Beñat Astizek.

Bazkariaren txanda etorri zen gero eta horren ostean, Peru-Harrira bisita egin zuten gaztetxoek. Izugarri gozatu zuten Iñaki Perurena harrijasotzaileak eta bisitaldiko gidariak emandako azalpenekin. Horrekin, Nafarroako gazteen bertso eskolen egunari amaiera eman eta etxerako bidea hartu zuten ikasleek.

Ikasturte honetan 18 urtetik beherako 350 ikaslek landu dute bertsolaritza Nafarroako bertso eskoletan, herrialdean dauden 40 taldeetako batean. Astean behineko maiztasunaz, bertsogintzaren oinarriak jasotzearekin batera, besteak beste ahozkotasuna eta komunikazioa gaitasunak ere landu dituzte. Bertso eskolen arteko harremanak sendotu, mugimendua bera azaleratzeko eta egunaz elkarrekin gozatzeko ospatzen da urtero Bertso Eskolen Eguna. Gazteei dagokienez, klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen arteko elkar ezagutza handitu eta harremanak sendotzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.

Zer dira bertso-eskolak?Bertsotan ikasteko guneak dira bertso-eskolak: bat-batean edo idatzizkoan ikasteko tokiak.

Nolakoak dira?Izaera oso ezberdineko bertso-eskolak daude: haurren ala helduen taldeak izan daitezke, irakaslearekin edo gabe aritzen direnak, helburu oso ezberdinei erantzuteko elkartzen direnak... Batzuk bertsotan trebatzeko elkartzen dira;beste batzuk herrira begirako ekimenak antolatzeko ere bai.

Nola funtzionatzen dute?Bertso-eskola gehienek funtzionamendua beregain dute;beste asko Bertsozale Elkarteak sustatzen ditu;eta badira beste erakunde edo elkarteek kudea-tzen dituzten bertso-eskolak ere.