Erripan gora

Maiatzaldia

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 13 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

hiria gero eta nerbiostuago doa Sanferminetarantz, maiatza baita, eta herenegun hasi ziren tonbola paratzen. Sekulan baino jende gehiago ari da festak iragartzeko kartela bozkatzen. 1895eko afixan ageri da emakume bat lehen aldiz, eta duela ehun urte inguruko kartel frankotan ere emakumea izan zen protagonista nagusia. Gero, gerra ondoren, bitan baizik ez, azken 40 urte honetan karteletik ia guztiz desagertu arte, gezurra badirudi ere. Ez legoke gaizki aurtengoak joera hori haustea. Bitartean, maiatzean ohi denez, munta handiko kirol, musika, ostalaritza eta kultur arloko ekitaldiak ditugu asteburuero;gehienak, Alde Zaharrean, erakunde ofizialek diruz lagunduak, eta gehienetan, euskara, erabiltzekotan, apaingarri hutserako erabilia. Hiriari kultur ekimen handi bat falta zaio euskaratik sortua, gure mugetatik harata ere oihartzuna izan dezakeena. Alabaina, joria dugu Iruñea denetariko kultur ekimen ttipietan, hemen bertan pentsatuak eta onduak, baina euskal prentsa ida-tzian ia lekurik ez dutenak. Maia-tzak ekarriko digu horietako bat, Maiatzaldia izenekoa, hain zuzen ere. Iruñea eta Baiona arteko zubia izan nahi du. Aurten, gainera, ekimenaren karira, harremanetan sartu dira Baionako Zizpa Gaztetxea eta Nabarreriakoa. Bertze saio batzuen artean, “Seitan” izeneko kantu talde garaztarra etorriko da Zaldiko Maldiko elkartera ostegun honetan, baina ekitaldi nagusia, bai Baionan, bai Iruñean, Lehen Mundu Gerrari buruzko oroitzapen ekitaldi jakingarria izanen da. Gerrak milaka euskaldunen heriotza eragin zuen. Iruñekoa, hilaren 24an, Kondestable Jauregian. Curia karrikako Agerre euskal kazetaria euskaldun haiez oroitu zen, 1915ean:“Lubakietan, ahal dutenean, musean aritzen dira gogotik, eta nahiz eta zerua buruen gainerat jautsi, ez dira izutzen. Jainkoak gorde bitza gure senide horiek gaitz guztietarik”.