KULTURA

Bertso jaialdia antolatu dute, Kilometroak festaren barne

Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Mikel Iturriotzek abestuko dute, ostiralean Urretxun

2018(e)ko maiatzaren 16a, asteazkena - 06:02etan eguneratua

Alaia Martin, Baigorrik ospatutako saioan.

Alaia Martin. (Alberto Elosegi)

Galería Noticia

Alaia Martin, Baigorrik ospatutako saioan.

urretxu- Urretxu-Zumarraga ikastolak bertso jaialdia antolatu du Kilometroak 2018 festaren barne. Ostiral honetan izango da: 22.30ean Urretxuko Labeaga aretoan. Belaunaldi ezberdinetako lau bertsolarik parte hartuko dute: Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek eta Mikel Iturriotz urretxuarrak. Beñat Torres izango da gidari eta gai jartzailea.

Egañak lau aldiz irabazi du Euskal Herriko txapelketa eta Mendiluzek azken finaletan parte hartu du. Gainera, Gipuzkoako txapelketa bi aldiz irabazi du. Martini dagokionez, indartsu datorren bertsolari belaunaldi berriko kidea da.

Iturriotz ikastolako ikaslea izan zen eta bertso eskolako irakaslea da. 2013an Gipuzkoako eskolarteko txapelketa irabazi zuen eta Euskal Herrikoan txapeldunorde izan zen. Kilometroak 2018ko kantaren letraren egilea da, Amaia arrebarekin eta Manex Mantxolarekin batera.

Salmenta puntuak Sarrerak salgai daude dagoeneko, Urretxu-Zumarraga ikastolan eta Kilometroak dendan. Bi herrietako eta inguruko taberna batzuetan ere salgai jarri dituzte: Urretxuko Zona Zero eta Motzen, Zumarragako Arkupen, Legazpiko Katilun, Azkoitiko Latzen, Beasaingo Irizarren, Ordiziako Modernon eta Lazkaoko Zelatan.

Sarrerek 10 euro balio dute, baina ikasleek eta langabetuek 8 euro ordaindu behar dute bakarrik. - A.Z.