azpimarratzeko

Eskolartekoren finala erabakita gelditu da

Ekainaren 9an, Saran Lurraldeetako txapelketetan sailkatutako 13 gazteak arituko dira herriko trinketean, goizeko 11.00etatik aurrera

Diario de Noticias - Viernes, 1 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:01h

2017ko Eskolarteko Txapelketako irudia.

2017ko Eskolarteko Txapelketako irudia. (UTZITAKOA)

Galería Noticia

2017ko Eskolarteko Txapelketako irudia.


Duela bi aste gauzatu zen Hazparnen lurraldeei zegokien azken Eskolarteko bat-bateko Txapelketako finala. Hala, Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako txapelketak amaituta, lurraldeetako parte-hartzaile eta zaleak Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko Txapelketan elkartuko dira festa giroan, ekainaren 9an Saran. Izan ere, oholtza gainean finala jokatuko den arren, ikasturtearen amaiera ere ospatuko dute hurbildutako gazteek, eta tartean baita egitasmoaren 30. urteurrena ere.

Goizean, 11:00etatik aurrera, jokatuko da finala Sarako trinketean. Lurraldeetako egitasmoetatik sailkatutako gazteek hartuko dute parte: Arabatik, Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001);Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001);Bizkaitik, Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000) eta Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000);Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Aner Peritz Manterola “Euzkitze” (Zarautz, 2002);Lapurditik, Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001);Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002);eta Zuberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).

14:00tan bazkaria eskainiko da Lur-Berri aretoan Idokiren eskutik. Han bazkaldu ahal izateko txartela eskuratu beharko da aurrez;www.bertsosarrerak.eus atarian erosi ahal izango da txartela, 16 euroren truke. Ekainaren 1era arte lortu ahal izango da Internetez. Bazkalostean ere jaia luzatuko da.

Sarara joateko autobusa ere antolatu da zenbait kasuetan;Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, esate baterako, Durangotik autobusa antolatu du Sararako joan-etorria egiteko;txartel hauek ere eskura daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

30. urteurrena.Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute elkarlanean Eskolarteko egitasmoa. Aurten 30 urte beteko ditu eta Mikel Mendizabal bertsolariak eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritu denak jantziko dio txapela irabazleari.


Helburuak.Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.