Erripan gora

Kultura vs gorrotoa

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

maiatzaren bigarren hamabortzaldia bezala hasi zaigu ekaina, hau da, ortots eta erauntsi, nonahi eta noiznahi. Nekez ari dira galsoroak horailtzen, eta euri-jasen ondorioz, etzanaraziak ditugu garagar-alor aunitz hiriburuaren inguruan. Kontrara, urak bulkaturik, ekilore-sailak eder eta mardul ari dira hazten. Eguraldia bezala, egunerokoa ere gorabeherez beterik dugu, egutegia nahiz gertakariak ziztuan doaz aitzina, eta suerte guztietako ekitaldiak eta albisteak ditugu egunero (batzuk mingarri, besteak pozgarri). Ekitaldien haritik, atzoko egunak gaina jo zuen;gehienak Alde Zaharrean, jakina. Bertzeak bertze, Euskal Herria Kantuz, Herrien Alternatiba delakoa, eta euskaldunen aurkako manifestazioa, hau da, euskal jendearen kontrakoa. Hizkuntza bat hiztunek egiten baitute, eta atzokoa, bertzerik agertu arren, Nafarroako gizon-emakume eta familia euskaldunen aurkako manifestazioa izan zen, gorrototik abiatua. Ez dakit behar adina nabarmendu ote den alde hori. Eta ez da kontu berria. Gertatu izan baita, konparaziora, dantzaldi batean musika-taldeak gaztelaniazko eta ingelesezko kantuak barra-barra ematea, eta euskarazko kantu bakarra abestean, plazan haserrea piztea: “ez dugu ulertzen”, “musikaria kanpora”… Ez dute ongi ikusten bertako bi hizkuntzak jakitea, bat bakarra aitortzen baitute bertako-tzat. Eta egiazki biak ditugu hemengo, biak ere gure. Atzo, denon ikurrak bahiturik, gorrotoa kalez kale zebilen bitartean, Iruñeari buruz euskaraz plazaratu berri den liburu mardul eta jakingarri baten aurkezpena egin zen Gazteluko plazan, kulturaren plaza bilakatu baitzaigu, ohi denez, urte sasoi honetan. Zaila da gorrotoak itsuturik daudenen jarrera itxiak kulturaren bidez aldatzea, baina saiatu beharko da, ez baita bertze biderik. Ea liburu horretan bildutakoak goxo zabaldu eta gizarteratzeko gauza garen.