Giro bikaina izan dute aurten ere Errekaren XII. Egunean

Larunbat goizeko Malerrekako bizikleta itzulia izan zen berrikuntza nagusia

Aitor Arotzena Erreka K.E. - Jueves, 7 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Eskubaloi taldeko senior eta beteranoen artean hiru talde osatu zituzten.

Eskubaloi taldeko senior eta beteranoen artean hiru talde osatu zituzten. (ERREKA K.E.)

Galería Noticia

Eskubaloi taldeko senior eta beteranoen artean hiru talde osatu zituzten.

doneztebe- Ekaineko lehendabiziko asteburuan, Erreka Kirol Elkartearen hamabigarren edizioa ospatu dute Donezteben. Aurtengoan, Malerrekako Bira, 56 kilometroko bizikleta ibilbidea izan da berrikuntza nagusia.

Bezperatik mugimendua izan zen Donezteben, puzgarriak paratu eta ttikienen eskubaloi partidak jokatu baitziren. Afalondoan, 42 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan. Iban Ezkurra Tuli eta Iñigo Etxeberria suertatu ziren txapeldun eta 300 euroko saria jaso zuten, Manueltxo eta Ana izan ziren txapeldun orde (100 euro).

Egun handia larunbatean Larunbateko Errekaren Egunari goizean goizetik probetxua ateratzeko, Malerrekan barna 56 kilometroko ibilbidea egin zuten bizikletaz. Pepas kafetegitik abiatuta, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oiz, Urroz, Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Zubieta, Ituren eta Elgorriagatik igarota, berriz ere Donezteben helmugara-tzeko. Hogei bat txirrindulari elkartu eta giro ederean egin zuten itzulia.

Goizean gazteen arteko eskubaloia eta eguerdian judo erakustaldia izan ziren. Arratsaldea kadeteen arteko partidarekin hasi ziren eta senior eta beteranoen artean hiru talde osatu eta triangularra jokatu zuten. Tartean dantzariak ere aritu ziren. Zozketen ondotik, trikitixaren doinupean poteoa egin zuten eta herri afarian 150 lagun bildu ziren. Afalondoak luze eman zuen eta Oharkabe taldearekin gaupasa ere izan zuten.

Herri krossa 24an Aitzinera begira, Erreka Kirol Elkarteak Herri Krossaren XL. edizioa antolatu du. Ohitura den bezala San Pedro bestak baino igande bat lehenago izanen da, kasu honetan ekainaren 24an. Berritasun gisa, helduentzat bi laisterketa izanen dira, motza eta luzea. Gazteenendako izen ematea debalde izanen da kadeteak arte eta www.erreka.org web gunean egin daiteke. Baita ere egunean bertan irteera puntuan. 11.30ean hasiko den lasterketa nagusirako ( kadete, jubenil, senior eta beteranoak) izen ematea www.herrikrosa.eus edo www.erreka.orgweb-en bidez egin daiteke edo egunean bertan irteera puntuan. Halere, web bidez egitea gomendatzen dugu kontua arinago joateko.