Jorge Pacheco Hernaniko musika bandaren zuzendari berria

“Ni gaur egun musikari profesionala naiz Hernaniko musika bandan jotzen hasi nintzelako”

Irailean hartuko du Jorge Pachecok Hernaniko bandaren batuta. Dagoeneko taldearekin entseguak hasi ditu eta San Joanetako kontzertuan estreinatuko da. Ilusioz eta ideiez beteta dator zuzendari berria

Aitziber Muga - 2018(e)ko ekainaren 13a, asteazkena - 06:03etan eguneratua

Jorge Pacheco, Hernaniko musika bandaren zuzendari berria.

Jorge Pacheco, Hernaniko musika bandaren zuzendari berria.

Galería Noticia

Jorge Pacheco, Hernaniko musika bandaren zuzendari berria.

Hernani- Nola suertatu zitzaizun Hernaniko bandako zuzendari kargua?

-Roberto (Pacheco) bost urtez egon da zuzendari bezala eta 45 pertsonetako talde bat eramateak asko nekatzen du eta sasoiarekin hartu behar da. Bera zuzendari aukeratu zutenean esan zuen bost urtez arituko zela eta horregatik lehengo urtetik hasi ginen erreleboan pentsatzen. Robertok ni proposatu ninduen eta taldekideek onartu zuten.

Roberto zure anaia da, batuta familian geratzen da, beraz.

-Bai, horrela esanda itsusi geratzen da. Nire anaia profesionala da, saxofoilaria da, Euskadiko Orkestrarekin eta Bilboko Orkestrarekin jotzen du eta irakaslea da;baina ni ere profesionala naiz, bandan 25 urtez perkusioa jotzen aritu naiz eta nahiz eta atzerrian kontzertuak eman saiatu izan naiz ostegunero entseguetara etortzen. Bilbon, Bartzelonan, Tenerifen eta horrelako lekuetako orkestra sinfonikoekin jotzen aritu naiz. Horregatik nire anaiak pentsatu zuen ni egokiena nintzela zuzendari berria izateko.

Zuzendari izatea oso desberdina izango da orain arte egin duzun lanarekin alderatuta.

-Oso diferentea da, baina Donostiako eta Irungo kontserbatorioetan irakasle naizenez ohituta nago taldeak eta jendea zuzentzen eta ondo ikusten dut neure burua. Musika asko gustatzen zait eta nik uste dut zuzendariak musikariak animatu behar dituela gero publikoak gustora entzuteko.

Nondik datorkizue musikarekiko zaletasun hori?

-Niri nire anaiak pasa zidan. Gure birraitonak tronboia eta bonbardinoa jotzen zituen, baina Gerra Zibilean hil egin zuten eta hor moztu zen musikarekiko zaletasuna bi belaunaldiz, baina nire anaia hasi zen musika ikasten eta ni erakarri ninduen: oso pozik nago.

Festen etorrerarekin emanaldi asko dituzue datozen egunotan.

-Bai, Preludioa dugu, baita San Joan egunean kontzertu bat ere, eta nik pieza batzuk zuzenduko ditut, baina bandan egondako beste zuzendari batzuk, Roberto eta Zipri Otxandorena beste piezak zuzenduko dituzte. Robertori omenaldi txiki bat egiteko ere erabiliko dugu kontzertu hau.

Hernaniko banda zaharrenetarikoa da eta herriarekin lotura handia dauka.

-Bai, oso beteranoa da. 157 urte ditu. Ni hamabi urterekin sartu nintzen eta 25 urte bete ditut bandan orain, ekainean. Oso fidelak diren jarrai-tzaileak ere baditugu, kontzertu guztietara etortzen direnak.

Zer eskaini diezaiokezu bandari?

-Ni profesionala izanik, nik uste dut bandari profesionaltasuna eman diezaiokedala eta bide hori jorratu dezakegula, beraien maila oso altua delako.

Errepertorioa aldatuko duzu?

-Beharbada bai. Nire eskarmentua musika klasikoan egin dut, batez ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta asko ikasi dut. Kontzertu berezi ba- tzuk eskaintzea ere gustatuko litzaidake. Agian lehenengo urtean ez, baina bigarrenean horretan murgilduko gara. Batez ere, Roberto sartu zenean hasi ziren kontzertu bereziak egiten rock bandekin, dantza taldeekin, kontzertu pedagogikoak... eta nik uste dut publikoari horrelako gauzak eskaini behar dizkiogula, ez bakarrik musika. Publikoak horrelako gauzak eskatu eta eskertzen ditu.

Musikariek ere eskertzen dituzte horrelako emanaldiak, nahiz eta lan gehiago suposatu?

-Bai, oso erakargarria da beraientzat. Ez da bakarrik jotzea bezala, nahiz eta oso polita izan. Beste diziplina batekin ari zarenean oso motibagarria da. Musika beti disfrutatzen da, baina musika dantzarekin edo musika irudiekin ere egin daiteke.

Nolakoa da bandaren osasuna gaur egun?

-Oso osasuntsu dago, bandak izugarrizko gorakada eman du Robertorekin eta espero dugu oraindik gorago joatea. Gazteak berriz ere etortzen hasi dira, hamabost urte dituen bat sartu da orain eta musikari hernaniar handiak ditugu Donostiako kontserbatorioan, Errenterian... Bandako musikariak oso sartuta daude taldean eta hori oso beharrezkoa da, ni gaur egun musikari profesionala naiz bandan hasi nintzelako.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokorik maiteena. Nik esango nuke Urumea ibaia, Urumea ibaiaren bailara guztia.

Paisaia idiliko bat. Adarra menditik ikusten dena..

Mendi bat. Adarra mendia ere bai

Hondartza bat. Kontxa.

Festa edo ospakizun bat. Dudarik gabe, Hernaniko sanjoanak, nahiz eta orain Donostian bizi.

Últimas Noticias Multimedia