Erripan gora

Gainezka

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 17 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Alde Zaharreko jendea berriz ere hasi da karrikan biltzen auzoan gertatzen ari denaz kezkaturik eta sumindurik. Gero eta biztanle gutxiago, gero eta haur gutxiago, gero eta zalaparta handiagoa. Gainera, gero eta gehiago dira denetariko ekitaldiak, kirol arlokoak barne. Aspaldiko kezkak dira, eta orain, badirudi Udalak zerbait eginen duela kirol ekitaldi guztiak Alde Zaharrean ez bukatzeko. Baina, hara, denda-jabeek beren kexua agertu dutenean erran du udal-aginte taldeak neurriak hartuko direla kirol ekitaldiak bertze auzo batzuetara ere eramateko. Denda-jabeek diote kaltegarria zaiela bai karrikak itxita egotea, bai dena hesitua egotea, bezeroak ez baitira iristen. Auzokideek aspaldian errana zuten gauza bera, baina, denda-jabea izateak, nonbait, oihartzun handiagoa eragiten du, eta agintariak berehala nerbiosten dira. Horrekin batera, azkenaldi honetan, hainbat inbertsio-taldek Alde Zaharreko eraikin osoak erosi dituzte negozio ederra egiteko asmoz, eta zenbait egunez turista-emaria etengabea da. Kontu delikatua da azken hori, eta ez du aterabide errazik. Alde Zaharreko aferak, dena den, badu bertze hari muturrik, gehiegi nabarmendu ez izanagatik ere. Horrela, bisitari kopurua handia izanik ere, auni-tzez ere handiagoa da hemengo jende oldea. Erran nahi baita, San Nikolas, Estafeta eta Nabarreria, konparaziora, jendez gainezka daude, eta ez da preseski bisitan etorritako jendea, gu denok ibiltzen baikara, hein handiagoan edo txikiagoan, tabernaz taberna, baina ez barnean, kanpoan baizik, karrikan. Gainera, ez da asteburuko kontu hutsa, ortzegunak aspaldian bilakatu baitira parranda egun, baita gaueko ordu txikietan ere, gero eta ugariagoak diren taberna-diskotekek erakarrita. Udalaren eskumena da diskoteka horien jarduna begiratzea, argi baitago udal araudia urratzen dutela. Ea ausartzen den.