Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikoan lankidetza mantentzeko nahia berretsi dute

Duela urtebete hasitako lankidetzarekin jarraitzeko dokumentu bat sinatu dute gaur Ana Ollok, Bingen Zupiriak eta Beñat Arrabitek

navarra.es - Lunes, 18 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:36h

Ezker eskuin:Arrabit, Olllo eta Zupiria.

Ezker eskuin:Arrabit, Olllo eta Zupiria. (NAVARRA.ES)

Galería Noticia

Ezker eskuin:Arrabit, Olllo eta Zupiria.

NAFARROA. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak gaur berretsi dute hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa. Iazko uztailean sinatu zuten hitzarmenaren urteurrena betetzear dagoela, hiru erakundeek urte osoan zehar elkarlanean sustatutako proiektuen berri eman dute Donostian egindako agerpen publiko batean.

Adierazi dutenez, 20 proiektu eta lan-ildo inguru jorratu dituzte urte osoan zehar, eta bide emankor horri eusteko borondate argia azpimarratu dute. Horretarako, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak iazko konpromisoari jarraipena ematen dion aurtengo eranskina sinatu dute gaur, Hiruko Itun honek hizkuntza politika eraginkor bat bideratzen laguntzen jarrai dezan.

Sinadura ekitaldian, Ana Ollo kontseilariak, hiru erakundeen elkarlana eraginkorra izan dadin egindako esfortzua azpimarratu du: "Urtebete daramagu jada lankidetzan, ondo antolaturiko elkarlan batean murgildurik. Denbora honetan guztian zehar, gai izan gara interesak elkarri ezagutarazteko, lanean elkarrekin aritzeko eta ezagutza, jakituria eta esperientziak elkarrekin partekatzeko. Gaurko eranskina, hain zuzen, horren adierazlerik argiena da. Euskara balore bezala ikusteko gai izan gara, hiru lurraldeak aberasten dituen zerbait bezala”.

Zupiria sailburuak, bestalde, elkarlan honen eraginkortasuna nabarmendu du: “Iaz azpimarratu genuen bezala, elkarlan hau erabat naturala da. Euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugu Hiruko Itunaren atzean gauden hiru erakundeok, arduragabekeria litzateke bizkarra emanda lan egitea. Hitzarmena sinatu eta urtebetera lankidetza hau oso eraginkorra suertatu dela esan dezakegu. Proiektu zehatzak sustatu dira eta informazioa trukatzeko bideak hobetu ditugu, beti ere herritarren eta euskararen mesedetan. Aurretik elkarlan zehatzak egon badira ere, lehen aldiz era sistematikoan ari gara lanean elkarrekin eta babes ofizial batekin”. Beñat Arrabit EEPko presidenteak azaldu du erakundeek erakutsi dutela "posible dela" elkarlanean aritzea proiektu ezberdinak aurrera ateratzeko: "Erakutsi dugu posible dela elkarrekin lan egitea, Inkesta Soziolinguistikoa, EAS edo Eskola Futura proiektuak martxan jartzeko. Eta demostratu dugu, baita ere, gai garela indarrak batzeko Europatik finantzabideak lortzeko".

Etorkizuna eta ‘Hiruko Ituna’ marka

Hiruko Itunari esker, orain urtebete ireki zen bideari jarraipena emango zaio aurten ere, urteko programak ezartzen duen eranskinaren bidez. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak gaur sinatu duten hitzarmenak ahalbidetuko du aurten aztertu diren hainbat gai datozen hilabeteotan gauzatzea, bai eta proiektu berriak bultzatzea ere. Hortaz, elkarlan honen helburua denboran irautea da, kontrakoak ez bailuke zentzurik izango lortzen ari dena ikusita. Irauteko konpromiso horren erakusgarri da hiru erakundeek lankidetza hau islatzeko sortu duten marka: ‘Hiruko Ituna’.