“Mina ureztatu nuen hitzak lora zitezen”

Esti Martinez Diaz de Cerio idazle iruindarrak bere lehen poema bilduma kaleratu du, ‘Azalberritze bat’

Harri Fernández Ruben Plaza - Martes, 19 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Diaz de Cerio ‘Azalberritze bat’ poema bilduma eskuetan duela, Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoko sarreran.

Diaz de Cerio ‘Azalberritze bat’ poema bilduma eskuetan duela, Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoko sarreran.

Galería Noticia

Diaz de Cerio ‘Azalberritze bat’ poema bilduma eskuetan duela, Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoko sarreran.

donostia- Esti Martinez Diaz de Cerio (1991) iruindarra izan da Donostia Kulturak Balea Zuria argitaletxearekin batera antolatu duen lehen Poesia Lehiaketaren irabazalea. Atzo Donostian izan zen, sariketaren ondorioz argitaratu duen poesia bilduma aurkezteko: Azalberritze bat. Lehen ida-tzitik -Mina- nabaritzen da, argi, autorearen nahia eta asmoa: “Mina ureztatu nuen/hitzak lora zitezen”.

Hiru zatitan banatzen da Martinez Diaz de Cerioren bilduma, narrastiek azalberritzeko duten prozesua imitatuz. Hain zuzen ere “metamorfosiak” edo “aldaketak” pisu handia du obran. “Nik ulertu dut hiru faseetan egiten dutela eta horregatik bilduma hiru ataletan banatu dut”, azaldu zuen autoreak.

Lehenengo atala -Soingainekoak-“deserosotasun momentu batekin” lotu du, “narrastiak ere horrela egoten baitira, ahulago”.

Bigarren kapituak, liburuari izena ematen dionak, “azala eranzten” hasteari egiten dio erreferentzia: “Introspekzioarekin lotu dut, barne begirada batekin, aldaketa kon-tzienteago batekin”.

Azken zatiarekin, Irrintzi intimo batekin, aldiz, “barruko distira” islatu nahi izan du. Martinez Diaz de Cerioren ustez “aldaketak azalekoak izan daitezke eta baita azalekoak ez direnak ere”. “Batzuetan barrutik distira egitera eramaten zaituen aldaketa bat egon daiteke”, gehitu zuen.

“Aldaketa” gai orokorraz haratago, Azalberritze batek baditu beste zenbait azpigai ere: beldurra, denbora, zarata, distantzia, prozesuak eta bideak dira, besteak beste, iruindarrak landu dituenak.

Poema gehienak esperientziatik baino “pentsamendutik” sortu direla azaldu zuen: “Sentipenak ere badaude baina ekintza edo esperientzia asko ez daude. Askotan ere izaten dira behatzen ditudanak. Kanpotik ikusten ditudanekin ere identifikatu egiten naiz”.

literaturatik poesiara bidaiaIruindarra, orain dela gutxi arte ez zen ausartu poesia idaztera. Prosa izan da orain arte bere etxea baina onartu zuenez “modu inkoszientean koadernoen ertzeetan edo ipuinetan tartekatuz” beste formula “lirikoagoak” idazten zituen. “Ez nion ongi bere tokia topatzen. Orduan konturatu nintzen nire narrazioek modu horretan ez dutela hain ongi funtzionatzen”, esan zuen, eta zuen bi urtez Bergarako Idazle Eskolan aritzeak ere lagundu diola genero hori sakonago lan-tzen.

Poesiari “bere tokia” aurkitu zionean, konturatu zen bere koadernoa poesiaz beterik zegoela eta bazegoela horretan proiektu bat. Jarraiki adierazi zuen Donostia Kulturako Poesia Lehiaketara aurkeztu zuen proiektua Tere Irastortzaren idazle eta irakasleak eragin egin ziola.

Donostia Kulturako I Poesia Lehiaketa ez da Martinez Diaz de Ceriok irabazten duen lehena -Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxoteko izan ziren epaimahai kideak-. 2012an Iruñeko Udalak antolatutako egile hasiberrientzako euskarazko XXIII. literatur lehiaketako aipamen berezia lortu zuen. Urtebete geroago, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sormen lehiaketako euskarazko narratiba sailean lehen saria irabazi zuen, baita 2015ean Petri Atarrabikoa XXV. Literatur Saria eskuratu ere.

Felipe Juaristi poeta aritu zen atzo Balea Zuria argitaletxearen ordezkari gisa. Honek aditzera eman zuenez Martinez Diaz de Cerioren lana sari-tzeko hiru ezaugarri izan dira kontuan.

Alde batetik, “liburuaren heldutasunari” erreparatu diote egilearen gaztetasuna kontuan izanik. Bestetik, egilearen poesiaren ezagutza ere kontuan hartu dute -egileak, esaterako, Joseba Sarrionaindia, Virgina Woolf, Maria Aurèlia Capmany eta Anariren aipuekin osatu du obra-. Azkenik, “ordenaren estetika” ere goraipatu zuen Juaristik: “Poesia liburu bakoitzak bere ordena dauka. Batzuetan azalean ikusten da eta bestetan azpian”.