BERTAKO GAIA

Elkartasuna hezkuntzatik hasita

Bosgarren urtez Ordiziako Oianguren Institutuko ikasleek elkartasun egunak ospatu dituzte eta lortutako diru guztia Legorretatik Mundura elkarteari bideratu diote.

M. Aranbururen erreportajea eta argazkiak - Miércoles, 20 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Legorretatik Mundura elkarteko hiru kide, Oianguren BHIko irakasleekin.

Legorretatik Mundura elkarteko hiru kide, Oianguren BHIko irakasleekin.

Galería Noticia

Legorretatik Mundura elkarteko hiru kide, Oianguren BHIko irakasleekin.Oianguren Institutuko ikasleek Legorretatik Mundura GKE-ari 1.500 euroko txekea eman ondoren ateratako argazkia, Ordiziako plazan.Oianguren institutuko ikasleak, atzo goizean jokoetan.

Elkartasun egunak ospatu dituzte herenegun eta atzo Ordiziako Oianguren institutuko ikasle eta irakasleek. Hainbat hitzaldi eta tailerren ostean, atzo Ordiziako plazara atera ziren eta hainbat joko egin zituzten. Amaieran, ekintza guztiekin eskuratutako dirua Legorretatik Mundura Gobernuz Kanpoko Elkarteari bideratu zioten, Hondurasen egiten ari diren proiektuan lanean jarrai dezaten. Hala, 1.500 euroko txekea eman zioten elkarteko arduradunei.

Ez da lehen aldia Oiangurenekoek horrelako zerbait egiten dutena, izan ere, dagoeneko bosgarren edizioa da DBH 1 eta 4. mailako ia 400 lagunek ekintzarekin bat egiten dutela. Jose Cuerdo, programaren antolatzaile eta koordinatzailea gustura dago ikasleek egitasmo honen harira agertu duten borondate onarekin. “Urte osora zabaldu ohi ditugu ekintzak, horrela, ikaslegoa askoz ere gehiago inbolukratzen delako;ez dute zerbait puntuala bezala ikusten”, azaldu dio egunkari honi Cuerdok. Baina ez hori bakarrik, hain zuzen, ikasleak dira proiektu edo elkartasun egun hauen oinarri nagusia: “ikasleek ikusi beharra daukate elkartasun hori zertan datzan eta haiek izaten dira diruz lagundu nahi duten elkartea aukeratzen dutenak. Aurtengo kasuan, kultur astean Legorretatik Mundura elkarteko kideak etorri ziren haien proiektuaren berri ematera eta ikasleek oso gustuko izan zuten elkarteak egiten zuten guztia, interesgarria zela azaldu zuten. Eta nola ez, guretzako oso garrantzitsua da ikasleek gertutik bizitzea beste errealitate horiek, azken finean, modu horretan askoz ere gehiago iristen zaie, haiena sentitzen dute”. Gainera, Legorretatik Mundura elkarteak laguntzak behar dituzten herrialdeetan hezkuntzan jartzen dute esfor-tzu handia eta horrek, era batean, “hemengo ikasleei erakusten die beste herrialde batzuetan zein egoeratan dauden hezkuntzaren arloan eta hemen dituzten aukerak balioan jartzeko ere balio diete”, zehaztu du irakasleak.

hezkuntza emanezLegorretatik Mundura GKEk aurtengo urte hasieran Legorretan bertan ezagutzera eman zuten taldea zein proiektu ari den ateratzen aurrera eta hurrengo helburuak zeintzuk diren ere bai. Bost-sei legorretarrez osatutako taldea da, nahiz eta onartzen duten hainbat momentutan herriko beste eragile batzuk ere laguntza ematen dietela.

Taldekideak munduko beste herrialde batzuetan bizi dituzten egoera latzen jakitun dira, eta horiei aurre egin nahian batu ziren kooperazioaren bidera, eta une honetan, Hondurasen eta Cabo Verden ari dira lanean, bertako herritarrei laguntzeko asmoarekin. Hain zuzen ere, Hondurasen, La Nora kolonian, gazteek hezkuntza jaso dezaten lanean dabiltza. “La Norako eskolaren lehen solairua eraikitzea lortu dugu dagoneko eta orain bigarren solairu bat egitea da gure asmoa eta bertako ikasleek, gutxienez, egunean otordu bat jasotzeko aukera izatea”, zehaztu du Daniel Cardoso, taldeko kideak. Oraingoz, lehen solairu horretan 12 urte bitarteko 120 ume ingururi ematen diete zerbitzua, baina aurrera begira helburuetako bat da 250 umeengana iristea eta eraikitzen duten bigarren solairu horretan haur zahartxegoei ere zerbitzua emateko aukera izatea.

Aurten zenbait proiektutan lortutako dirua haiei bideratu diete eta horixe izan da Oianguren institutuak egin duena. “Ilusio handia egin digu ikusteak Goierri mailan badagoela borondate eta sentsibilizazio hori herrialde azpigaratuei laguntzeko”, nabarmendu du Cardosok. Eragile eta instituzio desberdinak bultzada ematen ari zaiela ere adierazi du eta alde horretatik “oso pozik” daudela ere esan du. Hondurasen ez ezik, Cabo Verden ere badabiltza lanean. “Ospitaleetako azpiegiturak hobetzea da helburuetako bat. Hitzarmen ba-tzuk lortzen ari gara hemengo medikuak bertara joateko operatzera eta hango medikuei ere erakustera. Bestalde, baratze komunitario bat egitea lortu dugu eta eskola txiki bati argindarra jartzea ere bai”, gehitu du.

Legorretatik Mundurakoak ilusioz hartu dute Oiangurenekoek haiekin kontatu izana;azken finean, milaka kilometrora dauden haur eta familiei lagunduko diete bizimodu hobexeago bat izan dezaten eta hezkuntza duin bat jasotzea ahalbidetuko die.

Últimas Noticias Multimedia