Urrestildarrek ere San Juan jaiak ospatuko dituzte asteartera bitartean

Willis Drummond eta Bad Sound System taldeen kontzertuak izango dira gaurko Sorgin gauan

2018(e)ko ekainaren 22a, ostirala - 08:27etan eguneratua

azpeitia- Joan den asteburuan giroa berotu ondoren, Urrestillako bizilagunek ere San Juan jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan. Beti bezala, Festa batzordeak adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintza ugari antolatu ditu datorren asteartera arte luzatuko diren aurtengo jaietarako.

Gaurkoan Gazte egunak eta Sorgin gauak bat egingo dute Urrestillan eta horiek ospatzeko sorgin poteoa (19.00), Unidad Alavesa (19.30), gazte afaria eta Willis Drummond eta Bad Sound System taldeen kontzertuak (23.00) egongo dira.

Bihar berriz, herri poteoa (20.00), festei hasiera ofiziala emateko pregoia (21.00), herri afaria, San Juan sua eta dantzaldia (00.30) eta Laket taldearekin erromeria izango dira.

Asteburua borobiltzeko hainbat ekintza izango dira igandean. Horien artean, Azpeitiko Udal musika bandaren kontzertua (11.45) buruhandiak (13.00), ipuin kontaketa (17.30), merienda eta saloiko dantzen emanaldia (20.15) nabarmendu daitezke.

Astelehenean San Juan Txiki ospatuko dute eta egun horretan sagardo dastaketa (12.30), Mus txapelketa (15.15), puzgarriak eta merienda izango dira;asteartean, haur jolasak, patata tortilla lehiaketa (18.30) eta merienda egongo direlarik. - J.L.