Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakaria

“Gure bizitza erdal munduan kokatzen dugu, euskarari ez diogu behar duen zentralidadea ematen”

Liburuaren sektorea izugarri aldatu da azken hamarkadetan eta horren lekuko izan dira Elkar Fundazioa eta bere lehendakaria, Joxemari Sors

Harri Fernández Ruben Plaza - Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 07:34h

Joxemari Sors.

Joxemari Sors.

Galería Noticia

Joxemari Sors.

donostia- Elkarreko zuzendari-tza komunikabideekin bildu da aste honetan fundazioaren dimentsio osoa ezagutzera emateko. Zergatik orain?

-Beste garai batzuetan, 1980ko hamarkadan ere, egin ziren horrelako aurkezpen batzuk. Gero, egia da, isilune luzea etorri dela gure aldetik. Denbora horretan asko hazi da Elkar. Gaur egun izen guztiak bateratu ditugu baina zenbait jendek izan ditugun beste izenekin ezagutzen gaitu: Bilintx, Urretxindorra, Zabaltzen, Xalbador... Gure lana liburuaren kate osoan egiten dugu, produkziotik hasi eta banaketa eta liburu dendetatik pasaz. Gure dimentsio osoa jendeari erakutsi nahi genion. Urtero horrelako zerbait antolatu nahiko genuke.

Elkar 28 enpresa ezberdinez osaturik dago.

-Askotan ez da erraza jendeak uler-tzea. Orain 28 gara, baina kontzentrazio lanetan gabiltza batez ere auditoria eta kontsolidazio lanetan bideak errazteko. Enpresa gutxiago izango dira hemendik aurrera. Zergatik ditugu hainbeste enpresa? Guk ekimen bat abiatu dugun uneoro bat sortu dugulako. Adibidez, liburu denda bat irekitzen genuen bakoitzero.

Enpresa horiek 1996an sortutako fundazio batek kudeatzen ditu.

-Hasiera-hasieratik, Elkarren argi genuen bere xedea izan behar zela etekinak, baldin eta bazeuden, ez zirela inoiz joango sortzaileen edo beraien familien poltsikoetara. Etekinak euskal kulturan berrinbertitu behar ziren. Bi formula geneuzkan mahai gainean: kooperatiba edo fundazioa. Azken hori hautatu genuen, legez fundazioetan ezin direlako etekinak partekatu. Gure enpresetan akzionista bakarra dago, fundazioa bera. Zergak ordaindu ondoren gelditzen diren etekinak fundaziora itzultzen dira.

Halere, kooperatibetatik ideiaren bat hartu zenuten.

-Soldatak bat-hiru eskalakoak dira, eta hori mantendu egin dugu. Sor-tzaile bat, bere garaian akzioak zituena eta doaitza egin ziona fundazioari, hiruko eskalan egongo da. Gutxiago, agian, bere postuaren arabera. Langile bat denbora gutxi gurekin daramana, batean egongo da. Diferentzia oso txikia da, uste dugulako jendearen inplikazioa ez delako bakarrik dirua, proiektua ere bada.

Azken batean, Elkarren misioa euskal kultura eta euskara susta-tzea da.

-Hori da gure misio bakarra. Hutsetik zetorren euskal kultura. Frankismoa bukatuta hau desertu kulturala zen. Orain euskal produktuetatik datorren etekina ez da nahikoa. Gure lehenengo pausoa izan zen gure liburu-dendak generalistak izan zitezen lan egitea: euskarazkoa saltzen dugu eta baita erdarazkoa ere. Zertarako? Baliabideak izateko euskal kulturan inbertitzeko. Estatu mailan euskarazko liburuen produkzioak %2 suposatzen du. Baina gure liburu-dendetan %25eko presentzia du. Euskal produkzioa positiboki diskriminatzen dugu. Gero beste pauso bat eman genuen: dibertsifikazioa. Liburuez gain, jokoak, musika eta papertegia ere lantzen hasi ginen. Hirugarren pauso bat ere eman dugu: Estatu mailan banaketa egitea. Misioa da euskal kulturan inbertitzea, baina guretzat ez da garrantzitsua non dagoen diru iturria, baizik nora doan diru hori.

Orain dela gutxi, Siadecorekin egindako irakurzaletasunari buruzko datuak ezagutzera eman zenituzten. Euskal kultura ahul dago?

-Euskal kultura ez dago beharko lukeen lekuan. Azken urte hauetan euskararen ezagutza asko hazi da. 16 urtetik gorako 750.000 pertsonek badakite euskaraz. Horietatik, 150.000k euskaraz irakurtzen dute. Biztanleria osotik kopuru txikia da azken hori, %6. Gertatzen dena da, gauza bat ezagutza dela eta bestea erabilera. Gizarteak dituen inputgehienak erderaz dira. Zaila da horrela euskaraz bizitzea eta gure bizitza, nahi gabe ere, erdal munduan kokatzen dugu. Ez diogu ematen euskarari behar duen zentralidadea. Eman beharko genioke bai enpresetan, bai instituzioetan eta baita leku guztietan ere. Ez da bakarrik gizarte kultural-zibilaren arazo bat, orokorra da. Zentralidade hori beharrezkoa da.

Zer ondorio atera dituzue ikerketa horren ondoren?

-Euskaraz irakurketa maila ez dela hain altua euskaraz ugaritasun faltarengatik. %42k esan du ahalmen falta duela irakurtzeko. Horrek esan nahi du, euskalduna izan arren, bere bizi-tza ez duela euskaraz egiten. Politika iraunkorrak martxan jarri beharko lirateke euskarari zentralidadea emateko.

Inkesta horrek ere dio irakurleen %10rari euskarazko eskaintza ez zaiola interesgarria iruditzen. Errealitate horrek beste batekin kontrastatzen du. Egun, historian inoiz baino gehiago idazten da euskaraz. Elkarreko argitalpen datuei erreparatuz, 698 titulu argitaratu zenituzten 2017n. Horietatik, 227 liburu berriak ziren eta 355, berrinpresioak.

-Inoiz baino gehiago idazten da euskaraz eta, esango nuke, inoiz baino kalitate altuagoarekin. Gainera, idazle gazte asko daude, baita emakumeak ere. Ugaritasunean ere irabazi da, %10ak bakarrik dio hori. Haustura iristen da haur edo gazteen aisialdian, liburuak irakurtzera behartuta ez daudenean. Hori ere ikertu beharko litzateke. Nire ustez azken hori kultura guztietan gertatzen den zerbait da. Lehengo astean Galizian egon ginen Editoreen Galeusca jardunaldietan eta galiziar, valentziar eta katalanek haustura bera identifika-tzen zuten. Gaztelaniazko produkzioaren bezero potentziala handia da eta euskarazkoena, txikia. Gaur egun, inpresio digitalarekin argitaraldi txikiagoak egin ditzakegu, baina inbestimentuak egin behar dira eta errentagarritasun arazoekin aurki-tzen gara.

Halere, %10eko datu hori esanguratsua ere bada.

-Nire ustez gainditzen ari gara hori. Askotan esaten da gaur egun dauden telesailak euskaratu egin beharko liratekeela, bestela gaztelaniazko bertsioetara jotzen dugula. Euskararen erreakzio ahalmena askoz txikiagoa da. Euskaraz zerbait egin nahi baduzu, gaztelaniaz egiten den momentu berean egin behar duzu. Eta, ahal bada, lehenago. Elkarrek, adibidez, erabaki bat hartu zuen bere garaian: euskarara ez dugu behin ere itzultzen jatorrizko bertsioa gaztelaniazkoa baldin bada. Ez kontra gaudelako, baizik eta elebidunak garen heinean gaztelaniaz irakurtzeko gaitasuna ere badugulako.

Siadecorekin egindako ikerketak errepikatuko dituzue?

-Siadecorekin egin dugun lanaren emaitza horiek ere jendearekin konpartitu nahi ditugu. Gu eragile kultural bat garen heinean, datu horien eboluzioa ikusi nahi dugu. Egin duguna baliagarria da erabaki batzuk har-tzeko, baina halako ikerketak aldian behin egiten ez badira, momentu bateko argazkian geratuko dira.

Lehengo urtean, 355 liburu berrinprimitu zenituzten.

-Oso garrantzitsuak dira. Berrinprimitzen den liburua gizartean onartua izan den liburua da.

Liburu bat argitaratzeko garaian, errentagarritasunak ere pisua izango du.

-Liburu bat argitaratzean lau hipotesi daude: ekonomikoki eta kulturalki errentagarriak direnak eta ekonomikoki eta kulturalki errentagarriak ez direnak, alde batetik. Bi horiekin erabakiak hartzea erraza da, baina zer erabaki hartu behar dira ekomikoki errentagarria den liburu batekin, baina kulturalki txarra denarekin? Edo kulturalki errentagarria denarekin, baina dirurik emango ez duenarekin? Hor dago gakoa. Elkarren etekin ekonomiko eta kulturalak uztarturik bilatzen ditugu. Halere, bistan da etekinik gabe enpresak ezin duela aurrera egin. Fundazio bat gara, baina ez etekinik gabeko erakunde bat. Ekilibrio bat bilatu behar da. Nola? Arlo ekonomikoan interesgarriak diren produktuekin, beste batzuk finantzatzen ditugu.

Adibidez?

-Garai batean Elkarrek Pottokiei buruzko produktu oso sinpleak eta kulturalki inongo ekarpenik egiten ez zutenak argitaratu zituen. Baina haiekin Huzeiko hiztegiak finantzatu genituen. Gaurko egunean, hiztegigintza Huzeiko libururik gabe, beste egoera batean egongo zatekeen, dudarik gabe.

Elkarrek liburu digitala alboratu du?

-Ez. Liburu digitalaren alde apustua mantentzen dugu, baina ez ditugu gailuak salduko. Modu beran, gure plataforman gure liburu digitalak salduko ditugu baina ez beste argitaletxeenak. Arazoa gailuan eta plataforman dago. Emailak atera zirenean, jendeak zerbitzariak alokatzen zituen. Gero multinazionalak zerbitzari horiek kudeatzen hasi ziren. Inork ez du pentsatzen orain zerbitzari bat alokatzea emaila izateko. Liburu digitalean gailua behar duzu, guk gure eduki genuen. Gailuan egin behar diren inbertsioak oso handiak dira. Hori da ETBri eskatzea bezala telebistak egin eta saltzeko.

Digitalaren salmenta datuak txikiak dira.

-Ministerioak %10 saltzen direla esango dizu;editoreei galdetzen badiezu, esango dizute %5ekoak direla salmentak. Ez, %3-%3,5ean egongo dira.

Irakaskuntzarako Ikaselkarren bitartez ekoiztutako liburuak digitalean egotearen aldeko apustu sendoa ere egin duzue.

-Baditugu eskola eta ikastola mordo bat bakarrik liburu digitalarekin lan egiten dutenak. Lerro horretan gure salmenten %20 dira digitalean.

2008tik 2016ra, Estatu mailan, liburuen sektorean salmentak %32 jaitsi dira. Nola eusten zaio egoera horri?

-1.000 milioi salmenta galdu dira. Birmoldatze isil bat dago. Ez da krisia bakarrik, paradigma berri bat da. Gazteek beste modu batean kontsumi-tzen dute, beste era batera irakurtzen dute... Teknologia gizartea baino aurrerago dago beti.

Elkar fundazioa

Argitaletxeak: Elkar, Ttarttalo, Txertoa, Sua, Ohiuka, Ikaselkar (%50) eta Irrien lagunak (%33).

Banaketa: Elkar Banaketa (Euskal Herrian), MLC (Bartzelonan kokatua), ACL (Madrilen kokatua), Dispe (Madrilen kokatua) eta Morcillo (Valentzian kokatua).

Kultur enpresak: Leitzaran inprimategia, LA Ekoizpenak AIE, Hamaika TB (%10), Martin Ugalde Kultur Parkea (%50).

Guztira Elkarrek 20 denda ditu, horietako 18 Euskal Herrian.

argitalpenak 2017

Literatur tituluak guztira. 698.

Berrinpresioak. 355 liburu berrinprimitu dira.

Berriak. 227 liburuen lehen edizioa argitaratu du Elkarrek.

Musika. 116 disko kaleratu ditu.

Argitaratutako aleak. Guztira 998.133 ale argitaratu dira. Horietatik, 893.797 liburuak dira eta 104.336 diskoak.

Itzulitakoak. Beste hizkuntzetatik euskarara 67 liburu itzuli dira. Euskaratik beste hizkuntztara, berriz, zortzi.

fakturazioa 2017

Guztira: 120 milioi euro. Horren %40 Euskal Herrian egin da eta, %60 kanpo.

Sailka: Banaketa (%75), dendak (%15), argitaletxeak (%8) eta inpresioa (%1).