Erripan gora

Iruñea, probaleku

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 08:27h

Galería Noticia

Iragarpenak iragarpen, ekainak eguzki gaina ekarri digu, gure bazterrotan ohi denez. Aurten ere, gariak horaildu bidenabar, ederki gorrituko dira hiriburu inguruko lurrak oro, gerra aitzineko gure idazleek paperean moldatu bezala, Iruñerriko paisaiaz ari zirelarik: “udako kixkaldura, …eremu agor eta idor horiek... lur erreak… lur kixkalduak…”. Beraz, zaharrak berri, Iruñea Sanfermin urrinez betetzen ari zaigun honetan. Egia erran, taberna aunitzendako, festak joan den larunbat arratsaldean hasi ziren, gazte altsasuarren aldeko manifestazio alimalearen ondotik;lehendabizi, Zaragoza etorbideko lokutorioetako hozkailuak gelditu ziren edaririk gabe, eta gero, Bigarren Zabalguneko taberna franko, eta Alde Zaharrekoak, jakina;a zer diru-besta taberna-jabeendako. Baina albiste txarren gurpilak ez du etenik. Joan den asteburutik honat, bertze epai batek areagotu du sumina, eta sentimendu horiek oro ez dira aise itzaliko Sanferminak izanagatik ere. Handik edo hemendik aterako da haserrea festetan. Ongi legoke sumina burua erabilita bideratzea. Herritar askoren iritziz, ez da kasualitatea epai bidegabeak Nafarroan gertatu izana, non eta politikagintzan bide ezberdina jorratzen hasi den lekuan;gauza jakina da bide hori ez dela hemengo eta kanpoko askoren gustukoa, eta edozein gauza egiteko prest daudela gauzak “bere onera ekartzeko”, duela berrogei urte bezala. Aspaldian errana baita Nafarroa (Iruñea) probalekua dela. Hala gertatu zen 78an, presorik gabeko jaiak aldarrikatu zirenean;aurten ere, batzuek lelo berberari eman nahi diote indarra. Aurten, gainera, bereziki oroituko gara gizartearen erdiak baino gehiagok bizi izan ez zituen gertakari latz eta mugarri haiez. Horra aurtengo osagaiak. Espero dezagun, duela 40 urte ez bezala, inork tentaziorik ez izatea polizia jaiak lehertzera igortzeko. Pasatu uda on!

Últimas Noticias Multimedia