Solaslagunek piztu dute San Joan bezperako Euskarren Eguneko sua

Urte bukaerarako iragarria den Euskaraldia ekimena izan da aurtengo protagonista Lesakan

Aitor Arotzena - Miércoles, 27 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Euskaraldiako lan taldeko kideak atera ziren plazara, manifestua irakurtzerakoan.

Euskaraldiako lan taldeko kideak atera ziren plazara, manifestua irakurtzerakoan. (AITOR AROTZENA)

Galería Noticia

Euskaraldiako lan taldeko kideak atera ziren plazara, manifestua irakurtzerakoan.

LESAKA- Azken urteotako ohiturari eutsiz, Lesakako Euskara Batzordearen eskutik hainbat ekitaldi izan dituzte San Joan bezperan Lesakako Plazan Guk ahoa bizi, zuek belarria prest? goiburupean.. Izan ere, urtengoan Euskaraldia izan da protagonista eta Lesakako Euskaraldia taldearen laguntza ere izan dute antolaketan. Euskaraldiako ikurrekin plazaratu ziren, Joxe Emilio Txoltxan Txoperenak, Euskara Batzordearen izenean manifestua irakurtzen zuen bitartean.

Adierazpena Euskara Ba-tzordeko kidearen adierazpenak Euskaraldia izan zuen gaitzat, “denon borondatea, ilusio, gogoa eta lana behar baitugu ekimen hau martxan paratu eta azken helburua lortzeko, eta badakigu, ederki jakin ere, honelakoak gainezka ditugula gure artean”. Euskaraldia zer den ere garbi adierazi zuen: “Prest dituzue belarriak? Bizi ahoak? Zuek, negu luze honetan hotza bazkatzen ibili zaretenek? Hexur berriak dituzuen horiek? Euria zaldizka egiten duenean etxetik ateratzen ez zaretenek? Aizkora ezteran zorrozten duzuenek? Bai? Bada, entzun! Heldu da Euskaraldia. Eta zer da Euskaraldia? Hona, euskaraz dakigunontzat mezu bat dakarrena: euskara gure bizian, egoera guztietan eta denekin erabil dezagun eta erabil dezakegulako, saio moduan, azaro bukaera eta abenduaren hasieraren artean honelako zerbait egiten ahal dela agerian utziko duen aldia, denbora. Eta euskaraz jakin ez edo kili-kolo zabiltzatenentzat ere badakar mandatua;euskara al día, alegia, sartu euskara zuen egunean, zuen egunekoan, zuen egunerokoan eta zabal-zabal eduki belarriak;izan ere, ikusiko duzue prest izanez gero Europako hizkuntza zaharrenak zuen belarriak bailakatuz muinetara ailegatu eta mingainean bukatuko duela ibilbidea, zuen ahoak ere biziaraziz”.

Herri Koreografia ere dantzatu zuten ttikienek, Biziberrituz euskara kanta abestu zuten trikitilariekin eta Bor-tzirietako Bertso Eskolak ere kantatu zuen. Erran bezala, Solasalagunak izan dira aurten sua pizteko arduradunak, nolabait egitasmo honek laburbiltzen baitu Euskaraldia ekimena ere, “belarriak prestatuz lehen urratsa eman zuten eta gaur egun ahobizi izateko eta mingaina zorrozteko astero elkartzen dir, haien artean solasteko, horrela ibilbideari buru emateko”. Solaslagunen izenean, Mertxe de Benitok eta Alvaro Lopezek piztu zuten sua, abesbatzako lausorginek irrintziak botatzen zituzten bitartean.

Ondotik, ezpata-dantzari-taldeko neska-mutilek beraien saioa eskaini zuten, Unai Gurrutxaga aitzinesku berria buru zutela. Ttiki nahiz helduak su gainean saltoka zebiltzan bitartean, herri afaria ere egin zuten hainbat lagunek. Plazan bertan bokatak eta edariak izan ziren aukeran eta batzuk etxetik ekarritakoa ere afaldu zuten, Euskara Batzordeak paratutako mahai eta aulkiekin. Herriko komertzio eta ostatuek eskainitako produktuen zozketak ere egin zituzten eta dantzatzeko eta kantatzeko aukera izan zen Jeiki Hadi taldearekin, urteko gaurik laburrenaz gozatzeko.