III. Argazki Rallyko sariak banatu ditu. Beti Gaztek

Omar Igual Marcos donostiarrak jaso du bilduma onenaren saria

Aitor Arotzena - Jueves, 28 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Rallyko saridunetako batzuk, Beti Gazteko batzordekideekin.

Rallyko saridunetako batzuk, Beti Gazteko batzordekideekin. (Jon Martinez)

Galería Noticia

Rallyko saridunetako batzuk, Beti Gazteko batzordekideekin.

LESAKA- Hemeretzi argazkilarik parte hartu zuten ekainaren 3an Beti Gaztek hirugarren urtez antolatutako Argazki Rallyan. Orduan aurkeztu ziren lanak baloratu eta sariak banatu dituzte San Joan bezperan. Bilduma onenaren sari nagusia Omar Igual Marcos donostiarrak irabazi du eta 150 euro eta diploma eskuratu ditu.

Sari nagusi horretaz gain, Beti Gaztek proposatutako lau gaietako argazki onenek ere 75 euroko saria eta diploma jaso dute. Horietako bi, Artea eta Zubiak gaietakoak, Omar Igual Marcos berak irabazi ditu. Tradizioa gaiari lotutako argazki onenaren saria bertze gipuzkoar batek eskuratu du, Altzako Imanol Lorenzo Arribillagak. Gai libreko argazki onenaren saria, berriz, Oronoz-Mugairiko Josu Inziarte Irurietak eskuratu du.

Azkenik, Bortzirietako argazkilarien bilduma onenarentzat ere saria eman du aurten Beti Gaztek, 100 euro eta diploma. Fred Jose Ramos Lasaga lesakarrak irabazi du.

Argazki saridunak Beti Gazte elkartearen web orrian ikus daitezke.

Zubigaineko krosa Lesakako I. Zubigaineko kros herrikoia ere antolatu du Beti Gaztek, Udalaren laguntzaz larunbatean. Maila ttikietako lasterketak larunbatean 10:30ean hasiko dira eta gainerako mailak, 11.00etan. Izen-ematea irteeran eginen dute, 09.30etik aitzinera.

Adinaren arabera, ibilbidearen luzera ezberdina izanen dute: ttikiek (2003 urtean edo ondotik jaiotakoek) 150 metro eginen dituzte;aurrebenjaminek (2010-2012), 300 metro;benjaminek (2008-2009), 400 metro;alebinek (2006-2007), 800 metro;infantilek (2004-2005), 1.200 metro;kadeteek (2002-2003) 3.400 metro eta junior, senior eta beteranoek 5.000 metro.

Bakarkako lasterketaz gain, peñen arteko lehia ere antolatu du Beti Gaztek. Peña bakoitzak guttienez lau lagun aurkeztu beharko ditu eta kuadrilletako kamixetak eraman beharko dituzte. Sailkapena postuaren arabera eginen da, ez denboraren arabera eta peña bakoitzeko lau kidek puntuatuko dute, horietako bat guttienez emakumea izan beharko du. Lehen hiru peñentzat izanen dira sariak. Sari berezi bat ere izanen da kide gehien atera eta ailegatzen diren peñarentzat.