Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Espezializazio Adimenduneko Estrategiak bi urteko “eboluzio positiboa” ospatu du

Hala egiaztatu dute Aginte-Koadroaren jarraipenak eta Sodenak berrikitan ekonomia, enpresa eta ezagutza arloetako Nafarroako 80 eragileren aurrean aurkeztutako S3ko 24 Erronken azterketak

NAVARRA.ES - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 20:51h

Badira bi urte Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategia (S3) definitu eta onartu zela, eta berrikitan Nafarroako Gobernuaren Sodena sozietate publikoak S3ko Plataforma Estrategikoan bildutako ekonomia, enpresa eta ezagutza arloetako Nafarroako 80 eragileren aurrean aurkeztutako Aginte-Koadroaren eta S3ko Erronken azterketatik ondoriozta daitekeenez, “bilakaera positiboa” izan du handik hona.

Hartara, Aginte-Koadroak, komunitate mailako 26 adierazletan, bizi-kalitate, iraunkortasun eta oparotasunari buruzko bukaerako 6 helburutan, eta komunitate mailako lehiakortasun-faktoreei buruzko bitarteko 20 adierazletan izandako bilakaera islatzen du, Sodenak sei hilabetero egiten duen eguneratze-lanaren arabera (erantsitako dokumentua ikusi). Hortik abiatuta, pobrezia-arriskuaren tasan izandako 2015az geroko hobekuntza eta iraupen luzeko langabezian 2016az geroztik lortutako murrizketa nabarmen daitezke helburuen artean. Horrela, datuek egiaztatu dutenez, langabezian 2 urteo edo gehiago daramatzaten langabeen portzentajea % 5,1etik % 3,1era murriztu da 2015. eta 2018. urteen artean.

Lehiakortasunari dagokionez, hezkuntzan izandako goi-mailako tituludun kopuruaren eta LHko laneratze-tasaren bilakaera onaren gainetik, hezkuntza arloko abandonua nabarmendu da, aurreko urteetako beheranzko joera hautsi baitu. Hala ere, Nafarroak ditu estatu mailako tasari txikienak esparru honetan.

Azkenik, I+G+b arloko eta enpresa-garapeneko adierazleen bilakaera positiboa izan da oro har. Lehenengo kasuan, halaxe aitortu du Regional Innovation Schoreboard deritzonak, eta honi gaineratu behar zaio zientzia eta teknologiaren arloko pertsonalaren hazkundea, Europako funtsen erakarpena eta Nafarroako Gobernuak komunitateko aurrekontuetan egindako I+G+b arloko gastu publikoaren igoera. Bestetik, S3arentzat funtsezkoa den enpresa-garapenean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kopurua igo da, 403tik 445era, bereziki Goi Erriberan eta Tuteran, baita lan-produktibitatea ere (+% 1,6 2015etik 2016ra), eta enplegu-tasa % 72,1ekoa da, 2010eko maila berean baina krisiaren aurreko egoeratik urrun.

Erronken jarraipena

2017-2020ko 24 Erronkak dira Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategia inplementatzeko tresna nagusia. Metodologia berritzaile honek sektore publikoa S3arekin lerrokatzen eta aurrekontuak, ekintzak eta emaitzak monitorizatu eta ebaluatzen laguntzen du (erantsitako dokumentua ikusi). Erronka horien lantaldeetan, 102 ekintza edo programa koordinatzen dituzten hainbat departamentu eta enpresa publikotako 49 kudeatzaile ere sartu.

Plataforma Estrategikoaren bileran, Sodenak, lantaldeetako buruekin batera, 2017ko aurrekontuaren gauzatzearen monitorizazio-prozesua aurkeztu zuen, baita 2018rako esleitutako aurrekontua eta helburuen betetze-maila ere. Lan honi esker, iaz esleitutako aurrekontuaren gauzatze-maila % 99koa izan dela egiaztatu ahal izan da (195,9 M€, aurreikusitako 197,3M€ko zenbatekotik), eta zehaztutako helburuen betetze-maila % 77koa.

Neurketa kuantitatibo honez gain, Plataforma Estrategikoak berrikusketa kualitatiboa ere egin du 4.0 industria, osasuna, sormen-industriak eta industria digitalak, enpresen tamaina, I+G+b eta eskualde-garapena aztertzeko talde espezifikoen bitartez, eta bertan bildutako iradokizunak S3ko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio.

Sodenari buruz

Sodena (Nafarroako Garapen Sozietatea, S.L.) da Nafarroako Gobernuak balio erantsiko enpresa-proiektuak Nafarroara erakarri eta garatzeko erabiltzen duen tresna, eta honen bitartez, komunitateko Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren diseinua eta inplementazioa ere koordinatzen du, lankidetza, hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko asmoz, eskualdeko garapenean eta kalitateko enpleguaren sorreran lagunduz.