KIROLAK

"Helburua iaz izandako sentsazio zoragarriak errepikatzea da"

GOIERRIKO BI HAUNDIAK ESPAINIAKO KOPAN EUSKAL SELEKZIOA ORDEZKATZEN ARI DEN MAYI MUJIKAKHIRUGARRENEZ PARTE HARTUKO DU G2H PROBAN. BERTAN HASI ZUEN MENDI LASTERKETEKIN DUEN IDILIOA

Jabi Leon - 2018(e)ko uztailaren 9a, astelehena - 11:15etan eguneratua

Legazpin jaiotako Mayi Mujika mendi lasterkaria bere adopzio herria bilakatu den Elgoibarko Mintxeta kirol instalakuntzen inguruan.

Legazpin jaiotako Mayi Mujika mendi lasterkaria bere adopzio herria bilakatu den Elgoibarko Mintxeta kirol instalakuntzen inguruan.

Galería Noticia

Legazpin jaiotako Mayi Mujika mendi lasterkaria bere adopzio herria bilakatu den Elgoibarko Mintxeta kirol instalakuntzen inguruan.

ELGOIBAR – Legazpin jaio eta egun Elgoibarren bizi den Mayi Mujika 29 urteko gazteak betidanik izan du kirolarekiko zaletasuna. Orain dela urte gutxira arte futbola zen bere maitasunezko modalitatea (Urretxu, Legazpi, Azpeitia eta Elgoibarko taldeekin jokatu zuen);mendi lasterketak ezagutu zituen arte.

Mayik berak azaldu duenez, mendian egiten diren lasterketekin egun mantentzen duen idilioa 2016ko Goierriko Bi Handiak prestatzen hasi zenean sortu zen: “Aurretik pare bat probetan parte hartuta nengoen baina nire mutilarekin eta nebarekin G2Hrako preparatzen ari nintzela ikusi nuen kirol modalitate honekin izugarri disfrutatzen nuela”.

Gauzak horrela, orain dela hiru urteko G2Hn parte hartu zuen estrainekoz. Bere hitzetan, “helburua amaitzea zen eta lasterketa lasai lasai egin ondoren 19 ordu eta erdiko denboran bukatzea lortu nuen, oso nekatuta baina oso gustora bizi izandako esperientziarekin”.

Bizipen hori bere barnean gordeta, Mayik ez zuen inolako zalantzarik izan eta hurrengo urte osoan zehar entrenatzen eta “20 bat kilometroko” bestelako probetan parte hartzen jarraitu ondoren joan den urteko G2Hn berriro parte hartzeko aukera suertatu zitzaion.

Forma fisiko hobea lortuta, Mujikak 88 kilometroko lasterketari ekin zion “ilusioz beterik” eta bere harridurarako hirugarren postuan helmugaratzea lortu zuen, 13 ordu eta 54 minutuko denbora eginez. Mayik aitortzen duenez, “ez nuen inolaz ere espero horrelako emaitzarik lortzea baina onena aurreko urtean baino askoz hobeto amaitu nuela ikustea izan zen”.

Horregatik, “iaz izandako sentsazio zoragarriekin bukatzea” izango da aurtengo G2H lasterketarako bere buruari ezarri dion helbururik printzipalena: “Joan den urteko proba primeran atera zitzaidan;ez nuen inolako minik ezta bajonazorik izan eta oso gutxi sufrituta bukatu nuenez aurtengoan ere horrela amaitzea nahiko nuke”, azaltzen du. 

Edonola ere, Mayik ondo daki “nahigabe bada ere” bere buruari gehiago eskatuko diola eta “iazko denbora hobetzen” ahaleginduko dela onartzen du.

ESPAINIAKO KOPAN

Euskal Herriko selekzioarekin

Bizipen aberasgarria Mendi lasterketetan azken bi urteotan izan duen bilakaeraren ondorioz, Mayi Mujika aurtengo Espainiako Kopan parte hartzen ari da Euskal Herriko selekzioa ordezkatuz.

Ez zuen martxoan jaso zuen deia espero “baina euskal selekzioarekin lehiatzeko proposatu zidatenean ez nuen bitan pentsatu eta baietz esan nien”. Hasieran karrera baterako deitu zuten Mayi baina horren ondoren Espainiako Kopa osoa selekzioarekin korritzera gonbidatu zuten.

Eta hortan dabil azken hilabeteotan murgilduta. Aitortzen duenez, Euskal Herriko selekzioaren baitan bizitzen ari den esperientzia “zoragarria” izaten ari da baina, hori bai, “bizpahiru astean behin lasterketa bat dugunez entrenatzen baino errekuperatzen egoten naiz”.

Edozein kasuan, Espainiako Kopako egutegiaren probak 30-40 kilometrokoak dira;Mayi Mujikaren ustetan “Goierriko Bi Haundiak prestatzeko aproposak”.

Horregatik aurtengo ediziora “forma onean” ailegatuko dela pentsatzen du Elgoibarren finkatutako korrikalariak. Mendi lasterketetan barruan duen “guztia” ematera ohituta, “disfrutatzera” aterako da baina proba irauten duen bitartean sufritzea tokatzen bazaio ere aurrera egiten ahaleginduko dela aurreratzen du: “Oso burugogorra naiz eta une gogorrak suertatzen badira ere helmugara heltzen saiatuko naiz”.

Ikusitakoa ikusita, Espainiako Kopa eta G2H dira Mayi Mujikak aurretik dituen hurbileko erronkak. Baina ez dira bakarrak. Izan ere, dagoeneko badauka urrian ospatuko den Hiru Haundiak egiteko dortsala;“nahiz eta agian ez izan hori egiteko aukerarik, aurreko asteburuan beste karrera bat izan dezakedalako”.