Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Osotara, 3.665 lagunek egin dute aurreinskripzioa NUP-en graduko ikasketak egiteko

Gaur argitaratu da, uztailak 5, osteguna, NUPen onartu diren ikasleen lehen zerrenda, eta matrikula hilaren 17tik 19ra egin behar da

unavarra.es - Lunes, 9 de Julio de 2018 - Actualizado a las 12:03h

NAFARROA. Osotara, 3.665 lagunek egin dute aurreinskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2018-2019 ikasturtean graduko ikasketak egiteko;2017-2018 ikasturtean, berriz, 3.145 lagunek egin zuten. NUPen onartu diren ikasleen lehen zerrenda 2017ko uztailaren 5ean (osteguna) eman da ezagutzera, eta aurreinskripzio epea bukatu ondoren, uztailaren 17tik 19ra (zein titulazio den), egin behar dute matrikula Unibertsitatearen webgunean. Hor azaltzen da zehatz-mehatz zer pauso eman behar diren matrikulatze prozesua behar bezala egiteko.

NUPek 1.805 ikaspostu eskaini ditu graduko titulazioak ikasten hasteko heldu den ikasturterako. Lau titulazio berri daude, eta 25 ikaspostu dauzka bakoitzak. Titulazio horiek egiteko eskaerak, aldiz, gehiago dira: Bioteknologia ikasteko, 185;Ingeniaritza Biomedikorako, 131;Zientziak ikasteko, 38;eta Datuen Zientziarako, 48. Titulazio guztietan, Datuen Zientzian ez beste, emakumezko gehiagok egin dute aurreinskripzioa gizonezkoek baino: 113, 77, 22 eta 13 emakumezkok, hurrenez hurren. Erizaintzako Graduan egin dira eskaera gehien, zehazki, 726 eskaera 100 ikaspostutarako.

Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak esan du Unibertsitateko arduradunak kontent daudela lau karrera berriek izan duten harrerarekin. “Pozik gaude aurreinskripzio datuak ikusita, eta irudipena dugu asmatu dugula aukeratu ditugun gradu berriekin, interes handia piztu baitute datuen arabera. Titulazio berriei esker, gainera, emakumezko asko erakarri dugu, eta gauza ona da hori”, esan du errektoreordeak.

Matrikula egiteko egunak eta lekuak

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIGMET), Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartu diren ikasleek uztailaren 17ko 09:00etatik uztailaren 18ko 09:00etara (etenik gabe) dute matrikula egiteko epea. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartu direnek uztailaren 18ko 09:00etatik uztailaren 19ko 09:00ak arte (etenik gabe) egin behar dute matrikula.

Interneteko sarbiderik ez dutenek Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezakete automatrikula, Ikasgelategiko 017. ikasgelan (beheko solairuan), betiere gorago adierazitako egun eta orduetan, 09:00etatik 14:00etara. Tuterako campusean ere ikasgela bat egongo da automatrikula egiteko.