Baztandik Jacara, elikagai enpresen haztegia bisitatzera

Baztango ordezkaritza batek Adecuara elkartearen esperientzia ezagutu du

Fernando Anbustegi - Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Adecuarako bisitan parte hartu zuen ordezkaritza. Argazkia: utzitakoa.

Adecuarako bisitan parte hartu zuen ordezkaritza. Argazkia: utzitakoa. (F.A.G.)

Galería Noticia

Adecuarako bisitan parte hartu zuen ordezkaritza. Argazkia: utzitakoa.

BAZTAN- Azken aldian, Baztanen aitzinerat pausu nabarmenak ari dira ematen tokiko garapena bulkatu nahian. Sektore desberdinen arteko elkarlana sustatzen ari dira, eragile desberdinak erakundeekin batera, eskutik-eskura. Bertan ekoitzi eta bertan kontsumitzearen garrantziaz jabetuta, adostasunak, sinergiak bilatzen ari dira inplikatutako agenteak.

Bide horretan, lehendabiziko sektoreari aukera berriak emateko eta industria agroalimentarioa indartzeko helburuarekin, azken aldian bertan ekoitzitakoa bertan eraldatzeko asmo irmoa erakutsi dute hainbatek. Xede hori buruan, bailarako hainbat ordezkari Jacara joan ziren duela egun gutxi, bertan dagoen Adecuara izeneko elikagai-enpresen haztegia ezagutzera.

Baztanen aspaldi dabiltza halako haztegi bat sortzeko ideiarekin, horregatik, bertatik bertara Adecuararen lan egiteko era ezagutu nahian, ordezkaritza zabala hurbildu zen Jacara: Joseba Otondo Baztango alkatea, Baztango Zaporeakeko Itziar Larratxea, Lorentzo Sarratea eta Jesus Angel Garcia, Cederna-Garalurreko teknikaria den Marian Zestau, eta Arantxa Arregi, Lursareako arduraduna. Adecuarako teknikariek eta haztegi proiektuaren sustatzaileek, euren proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten.

2016tik lanean ari den haztegi honek elikagaien eraldaketarako hiru gela eskain-tzen ditu: batetik, haragia eraldatzeko obradorea dago, bertzetik mermeladak eta postregintzarako gela eta azkenik, aitzinetik prestatutako janariarendako gunea. Elikagai-enpresen haztegi honen azpiegitura, jarduera ekonomiko berriak hasi nahi dituzten nekazari eta interesdunen eskura jartzen da, enpresari hasi berriengan gehiegizko karga suposatuko luketen inbertsio handiak egitea ekidinez. Azpiegitura erabiltzaile desberdinen artean elkarbanatzen dute, horretarako egutegia eta ordutegia finkatuz. Gehienez lau urtez erabiltzeko eskubidea dute, epe horren ondotik, proiektuaren bideragarritasuna aztertuta, aitzinerat egin edo dena bere horretan uzteko erabakia har dezakete. Adecuara elkarteak Jacakoaz gain, Biescasen bertze haztegi bat badu. Biak Europako Leader funtsekin finantziatu zituzten.

Ikusitakoa arras interesgarritzat jo zuen Baztango ordezkaritzak eta etorkizunean, halakorik hemen egitekotan Jacan ikasitakoa baliagarria izanen zaie.

etiquetas: nafarroa, baztan

Últimas Noticias Multimedia