Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Angel Mariezkurrena san fermin kantu zaharren bazkariko antolatzailea

“Nongoa zaren importa gabe, arazoak baztertzeko eta disfrutatzeko egun bat da Kantu Zaharren bazkaria”

San Fermin Kantu Zaharren Bazkariko hirugarren edizioa ospatuko da gaur Baluarten. Eguerditik gauera arte luzatuko den kultura erakustaldia izango da

Miren Mindegia Iñaki Porto - Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Angel Mariezkurrena, Iruñeko alde zaharrean.

Angel Mariezkurrena, Iruñeko alde zaharrean.

Galería Noticia

Angel Mariezkurrena, Iruñeko alde zaharrean.

iruñea- Duela 15 urte antolatu zuen lehenengo kantu zaharren bazkaria Angel Mariezkurrena erasundarrak, Sunbillan, eta ordutik ez da gelditu. Dantxarinean ospatzen dena, jada, urteroko ezinbesteko hitzorduan bilakatu da askorentzat, eta besteak beste Iruñeako Baluarten, Donostiako Kursaalean edota Bilboko Arriaga antzokian egin diren Kantu Jaialdiak ere ez dira atzean gelditzen. Euskal kantagintza tradizionalaren hedapenean lortu duena “denen artean” lortu dela azpimarratzen du Mariezkurrenak, antolatzaile bezala egunez egun egiten duen ezinbesteko lana ukaezina den arren. Sanferminetakoa, tradizio bilakatzeko bidean dagoen beste bat da. Hirugarren edizioa ospatuko da gaur, Baluarten. Bazkari ederraz, musikaz, dantzaz eta, noski, euskal kantetaz gozatzeko parada ezin hobea eskainiko da. Besta giroa ziurtatuta egonen da bai bazkarian zehar, baita ekitaldiaren ondoren ere, izan ere, kantuak ekitaldiaren ondoren jarraituko du Iruñeko kaleetan zehar.

Lehenengoa nobedadea, bigarrena errepikapena eta hirugarrena, tradizioa sortzen duena erran ohi da. Hala suertatuko da San Fermin Kantu Zaharren bazkariarekin ere?

-Hori da gustatuko litzaidakena, tradizioa sortzea. Dantxarinean gertatu zen bezala. Sunbillan hasi nintzen kantu zaharren bazkaria antolatzen, pentsatzen 40 lagun joanen zirela, eta 109 lagun bildu ginen azkenean. Jende asko kanpoan gelditu zen. Dantxarinean ere berdina gertatu zen, eta berehala bukatu ziren sarrerak. Ikusita edukitako arrakasta, Elizondoko Lur aretoan egin genuen hurrengoa. Hango nagusiak, Francisek, asko lagundu zidan, berak ere gogo handia zeukan. 204 lagun bildu ginen bazkaltzen, eta arratsaldean ateak zabaldu eta dena bete zen. Hori ikusita, konturatu nintzen: ostras, ez da Erasungo ohitura, Euskal Herriko ohitura da.

Gutxinaka itzaltzen ari zen ohitura bat?

-Nire etxean, aita-amak beti izan dute mahai-inguruan kantatzeko ohitura. Erasunen aldioro ospatzen ziren kantu bazkariak. Garai batean, jende asko mendira joaten zen lanera, Frantzia aldera. Beste asko Ameriketara joaten ziren. Erasungo bestetan, irailean, Frantzitik gazte guztiak etortzen ziren eta jaialdi ederrak ospatzen ziren, dena zen kantuz. Eguberrietan bueltatzen zirenean gauza bera, dena zen kantuz, etxez-etxe edo mahai-inguruan, hori beti ezagutu dugu. Dena buruz ezagu-tzen zen. Zer gertatu zen? Denborarekin, edo teknologia berriekin, bakoitzak bere bizia egiten duela... Galdua zela ikusi nuen, eta ez zen hala. Egia da apaltzen edo ahazten ari zela, baina ez zegoen desagertua.

Kantu Zaharren bazkaria baino lehenago, Iruñea Kantuan antola-tzen zenuen jada hemen, hiriburuan.

-Sunbillan lehenengoa antolatu genuenean, Iparraldetik ere etorri zen jendea, denak ziren menditarrak, eta giro ikaragarria izan zen. Hortik sortu zen Kantu Zaharren Eguna. Gero, Dantxarineakoarekin hasi ginen. Han egiten ditugunak ikaragarriak izaten dira. Dantxarineak badu zerbait berezia, 480 pertsona sartzen gara, eta lekua dena harria eta zura da, goxoa. Neguan egiten da, xarma berezia dauka. Jendeak errespetu handia dauka, gainera. Lehen Nafarroako jendea biltzen ginen bakarrik, eta orain Bizkaiatik eta Gipuzkoatik ere etortzen dira. Eskerrak eman beharra dizkiot Benta Peioko nagusiari, noski, parte-har-tze zuzena izaten baitu. Halako arrakasta ikusita, hurrengo pausua Baluarten Iruñea Kantuan antolatzea izan zen.

Bai Iruñea Kantuan jaialdia, bai kantu zaharren bazkaria Iruñean ospa-tzeak esanahi berezia dauka zure-tzat?

-Kantu zaharren bazkariaren inguruan iruditu zitzaidan, Dantxarineako arrakasta ikusita, Iruñera ekarzea garrantzitsua zela. Nafarroa da nire herria, eta nafar bezala Iruñean egitea eta gainera Sanferminetan, niretzat oso garrantzitsua zen. Kantu Jaialdia Kursaalen egin dute, Arriagan egin dut, Gasteizen ere... Iruñea, niretzat, oso sinbolikoa da.

Bazkari bat baino askoz gehiago da, ezta?

-Hori da, kantuaren bidetik dantzariak, erraldoiak, musika... Euskal Herriko kultura tradizionalaren erakustaldi bat da. Bazkaria ere nafar produktuekin egiten da. Guzti honek, gure kulturaren aberastasun osoa erakusten du.

Bertan sortzen den giroa, bertan biltzen den publikoa, desberdina izanen da Dantxarinean sortzen denarekin, ezta?

-Galdera ona. Dantxarinean egiten duguna neguan izan ohi da, eta giroak etxeko sutondoaren berotasuna ekartzen dizu gogora. Euskal Herrian Euskaraz kantuarekin hasten gara beti, bai Iruñekoan bai Dantxarineakoan. Baina hortik aurrera, Dantxarienan kantatzen ditugun kantuak apalagoak dira, pixkanaka joaten gara giroa berotzen. Iruñean, aldiz, besta giroa hasieratik nagusi da. Sanferminek bizia eskatzen dute. Jendea zutik, dantzan, berriz mahaira... Bazkaldu bitartean, hasieratik bukatu arte, kantu eta dantza aritzen gara. Gauza polita da.

Urtero nobedadeak izan ohi dira. Zer aurkituko du ikusleak gaurkoan?

-Aurten nobedade txiki bat daukagu. Bazkaria 14:00etan hasten da, 14:30ean mahaiak prest egonen dira eta ekitaldiarekin hasiko gara. 20:30ean agurra izanen da. Jendea animoz ateratzen da, eta iaz faltan bota genuen saltsarekin jarraitzea. Aurten, altaboz bat prestatu dugu, bere karroarekin, eta bukatu bezala kalejira eginen dugu. Alde zaharrera edo inguruetara joanen gara, dantza eta musikarekin segitzeko. Gainera, mexikanak ere edukiko ditugu aurten Txutxin Ibañezen eskutik, euskal kulturarekin lotura handia duen musika. Hori da aurtengo proposamena.

Kantu zaharren bazkari batean sekula egon ez denik ere bertaratuko da...

-Bai, urtero. Asko, euskal kantak gustatzen zaion jendea da, nahiz eta inoiz kantu bazkari batean egon ez izan. Iaz, Ameriketatik sanferminetara etorritako jendea apuntatu izan zen, euskaraz ere ez zekitenak, eta ikaragarri gustatu zitzaien. Kantu zaharrak eta, orokorrean, gure kulturak badu gauza bat, niretzat: ez dutela mugarik. Denentzat da, eta gure kulturaren aberastasuna erakusten du. Elkarren artean dugun harremana ere erakusten du, ondoan jarrita duzun pertsona ezagutzen ez baduzu ere elkarren arteko lotura bat sortzen delako. Bakoitzak dituen aurreiriziak eta arazoak, baztertzeko egun bat da. Nongoa zaren inporta gabe, disfrutatzeko egun bat da.