Nerabeentzat argazki lehiaketa antolatu dute

12-18 URTE ARTEKOEI ZUZENDU DIE | Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h

lesaka- Gizarte Zerbitzua gazteria eta sexualitateari buruzko Gozamenez programaren baitan dagoenez, 2018ko uda, oporrak eta herriko besta giroa aprobetxatu nahi du Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako gazteei (12-18 adinekoei) lehen aldiz antolatu duen argazki lehiaketan parte hartzera animatzeko. Urriaren 8ra bitarte aurkez daitezke lanak.

Lehiaketaren helburua 12-18 urte arteko gazteek argazkiaren bidez gozamena, harremanak, errespetua, sentimenduak eta sentitzeko erak, aniztasuna... adieraztea da. Ideiak, sentimenduak, pentsamenduak adieraztea hainbat ikuspuntu, adin, une edo herritatik, beti ere ikuspegi positibo, integral, anitz eta ireki batetik pertsonaren garapen globala bilatuz edo ahalbidetuz. Mankomunitatetik azpimarratu nahi dute bakoitzak nahi eran, gustuko duen moduan sentitzea, disfruta-tzea, erlazionatzea, komunikatzea, dantzatzea, irri egitea… zilegia dela non eta bakoitzaren hautua den, norbere burua eta bertzeena errespetatuz egina den.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bortz argazki aurkez ditzake eta JPG formatuan aurkeztu behar dira.

Argazkiarekin egilearen izen-abizenak, eta bi gurasoen kontaktua (izena eta telefonoa);herria eta non eta noiz aterata dagoen jarri beharko da. Argazkiko irudiekin batera iradokitako esaldi edo azalpenen bat ere atxiki daiteke. Argazkiak originalak izan beharko dira eta bertze inon argitaratu gabeak, eta koloretan edo zuri beltzean izan daitezke.

Argazkiak helbide honetara aurkeztu beharko dira: info@bortziriakgz.eus. Informazio gehiago ere helbide elektroniko horretan topa daiteke.

Epaimahaia Gizarte Zerbi-tzuko hezitzaileak eta Gozamenez programako kide batek osatuko dute. Irabazlean zein den urriaren 31n jakinen da, zuzenean berarekin harremanean jarriz. Argazki egokirik ez bada epaimahaiak saria banatu gabe gelditzea erabaki dezake. Kirol materiala edo ikasketa materiala erosteko bonoa izanen da saria. - Aitor Arotzena