Orain bestak heldu dira

Kolorezko irribarre bat Santio bestak hasteko

Naxara Aleman Irisarri, 11 urteko elizondarrak, piztuko du gaur Elizondoko Santio besten hasmenta iragartzen duen altxaferoa.

Fernando Anbustegi | Juan Mari Ondikol - Martes, 24 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Naxara Aleman Irisarri, bere marrazkia esku batean eta piztuko duen altxaferoa bertzean dituela, Elizondoko Herriko Etxeko atarian.

Naxara Aleman Irisarri, bere marrazkia esku batean eta piztuko duen altxaferoa bertzean dituela, Elizondoko Herriko Etxeko atarian. (JUAN MARI ONDIKOL)

Galería Noticia

Naxara Aleman Irisarri, bere marrazkia esku batean eta piztuko duen altxaferoa bertzean dituela, Elizondoko Herriko Etxeko atarian.

“Dantzan aritzea eta barraketan ibiltzea da bestetan gehien gustatzen zaidana”

NAXARA ALEMAN IRISARRI

ELIZONDO- Elizondoko bestak hasi aitzinetik egin dugu hitzordua Naxararekin. Urduri dagoela ematen du, baina berari galdetuta, ezetz dio;oraindik ez omen dago urduri, beharbada gaur, 12.00ak hurbildu ahala sumatuko du zerbait. Beharbada ez. Ixila dirudi Naxarak, hitz guttikoa. Halere, bere irribarre zabal eta ederrak hitzek baino aunitzez gehiago erraten du. Xumea, goxoa, pertsona onaren itxura ematen dio;eta berarekin solastuz bezala konturatzen zara halakoa dela bera ere, bere irribarrea bezain benetazkoa. Gaurkoa, egun berezia da elizondar aunitzendako, Santio bestak hasiko direlako. Are bereziagoa Naxararendako, berea izanen baita bestak ofizialki hasi direla iragartzen duen altxaferoa pizteko ardura eta ohorea. Urtero, Elizondoko Herriak marrazki lehiaketa bat antolatzen du, Elizondoko Eskola Publikoko eta Baztan Ikastolako ikasleek parte hartzen dute bertan, eta marrazki politena aukeratzen dute. Marrazkiaren egileak pizten du altxaferoa. Jakina, aurten Naxararen marrazkia aukeratu dute, eta berak hasiko ditu bestak. Marrazki koloretsua da, kuadrila bat ageri da elkarri sorbaldatik lotuak, tuku-tuku leloa daraman bestetako atorra du batek, Naxararen kuadrilarena hain zuzen ere. Ez beti da ez! dio bertze protagonista baten kamisetak. Kalian gora! kalian behera! kantari ari dira. Besta giroa islatzen du marrazkiak, pertsonak, lagunak eta aldarrikapena uztartuz. Marrazkian, berdintasuna eta elkartasuna nabarmendu nahi izan ditu Naxarak. Kontent hartu du altxaferoa pizteko erantzukizuna, ezustean, hori bai. Bere lagunekin partekatu zuen albistea, eta bere lagunekin joanen da altxaferoa piztera. Momentu horretan zer erranen duen ere pentsatua du honezkero,;argi du, eta marrazkian bezala, aldarrikapenak ere izanen du tarterik. Santio bestetan ere lagunekin ibiliko da, horixe du gustukuen, kuadrilarekin elkartu eta dantzan eta barraketan ibiltzea. Tartean, bere amatxo eta aitatxorekin eztabaidaren bat izanen du seguraski, etxera zer ordutan itzuli, barrakak garestiak dira eta diru pixka bat gehiago eman...eta ziur gaude “negoziazio” horietan bere irribarre eder horrek, nahi duena lortzen lagunduko diola. Bestez gain, udan, igerilekura joan eta lagunekin jolastea gustatzen zaio. Halere, bertzelako zaletasunak ere baditu, ederki lantzen ditu gainera. Kantatzea gustuko du eta Elizondoko Abesbatza Ttikiko partaidea da. Kirolari amorratua ere bada, BKT eskubaloi taldean ari da eta berriki, igerian hasi da. Burlatara joaten da entrenatzera. Mendira joateko zaletasuna ere barne-barnean darama. Ez da erraz aspertuko, ez horixe! Neska arduratsua dirudi Naxarak, eta gauzak arras argi dituela ematen du. Pentsa, 11 urte ditu, Baztan Ikastolan 5. maila egin du aurten eta hurrengoa izanen du azken ikasturtea bertan. Gero institutura, eta oraindik urrun dagoen arren, argi du etorkizunean zer izan nahi duen: andereño. Orain, oporretan jo eta su ari da igerian, eta ikasturte berrian eskubaloi eta igeriketa entrenamentuak uztartzeko tetris moduko bat egin beharko omen du, baina tira, hori ere ailegatuko da. Orain bestak heldu dira, eta goza dezagun!

etiquetas: baztan, elizondo