Itziarko kopraixak abuztuaren 4tik 8ra ospatuko dituzte

Berrikuntzen artean goi mailako bertsolarien saioa, motozerra erakustaldia eta Xabi Solanoren kontzertua izango dira

Sábado, 28 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h

deba- Itziartarrek abuztuaren 4tik 8ra bitartean ospatuko dituzte aurtengo Kopraixak, ohitura dutenez, mota askotako ekintzekin.

Tradizioak agintzen du eta horregatik urteroko zezen, erromeria, aurresku, jolas, herri-bazkari, sagardo-dastaketa edota danborrada izango dira Itziarko jaietan. Edonola ere, ez dira berrikuntzak faltan izango. Horien artean Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolari ezagunek eskeiniko duten saioa, Luis Erasoren motozerra erakustaldia eta Xabi Solanoren kontzertua nabarmendu daitezke.

Interesatuek Xabi Solanoren kontzerturako sarrerak eta abuztuaren 6ko herri bazkarirako tiketak eros ditzakete jada

Bestalde, Kopraixetako batzordetik jakinarazi dute, aurtengo jaietarako gradak eraldatu direla plazaren alde batean, “eserlekuen erdigunean kokatuz eta lekua irabaziz”. Horren helburua, “plazako aktuazio eta aurkezpenei garrantzi gehiago ematea” litzateke.

Horretaz gain, jaietan pilatzen den zaborra gutxitzeko edalontzi berrerabilgarriak jarriko dira hainbat gunetan herritarren eta bisitarien eskura eta azken urteotan bezala, festetako larunbatean eta asteazkenean autobus zerbitzu bereziak izango dira Deba eta Zumaiatik “joan-etorriak gauez egin ahal izateko”.

sarrerak eta txartelakKopraixetako batzordeak jakinarazten du nahi duten guztiek dagoeneko eros ditzaketela abuztuaren 6an (bikoteen egunean) egingo den herri bazkarirako txartelak Itziarko Gure Dendan.

Era berean, Xabi Solanok abuztuaren 5ean frontoian (23.00etan) emango duen kontzerturako sarrerak Itziarko Gure Dendan, Debako Arkatza dendan eta Zumaiako Trapaia tabernan eskura daitezke jada. - J.L.