Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Elizalde kontseilariak herritarren partaidetza nabarmendu du bere Departamentuari buruzko 2018ko balantzean

Hondakinen Legea, Klima Aldaketaren aurkako Ibilbide-Orria, Tokiko Administrazioaren Erreforma, Red Explora Navarra sarea eta nekazaritza sektorea eta lurraldea Landa Garapenerako Programaren erdigune bihurtu izana dira lortutako helburuetako batzuk

DN - Lunes, 30 de Julio de 2018 - Actualizado a las 19:53h

Nafarroako herritarren eta lurralde eragileen inplikazioa, partaidetza eta atal guztietako proiektuen prozesu guzti-guztietan izandako sintonia giltzarrizkoak izan dira Departamentuak legealdi honetarako ezarriak zituen helburu nagusiak bete ahal izateko. Hitz horiekin eskertu du Isabel Elizalde kontseilariak, Departamentuak iraunkortasunaren alde egina duen apustuari nafarrek adierazitako atxikimendua, eta horrelaxe eman dio hasiera haren zuzendaritzapeko Departamentuaren 2018-2019 lan-urteari buruzko balorazioa (gaztelaniaz, euskaraz) emateko prentsaurrekoari. Departamentuko hiri zuzendari nagusiak ondoan zituela, kontseilariak bakoitzaren jardueraren berri eman du, zehatz-mehatz. Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzaren arloan, Elizaldek ziurtatu du “landa ingurunearen erronkei sektorearen, lurraldearen nahiz landa garapenaren ikuspegitik erantzutea” izan dela apustua, eta horren harira, Zuzendaritza Nagusi honek legealdiaren hasieraz geroztik izandako aurrekontu-igoera nabarmendu du, % 28,6koa 2015koaren aldean, aurtengo ekitaldian 77,5 milioi euroko aurrekontua izanik. Haren hitzetan, “nekazaritza sektorea indartzea da aurrekontuen xedea, sektoreak Nafarroako egitura ekonomikoan duen pisua mantendu eta horren lehiakortasuna hobetzeko asmoz. Helburu honi begira, proiektuan, ustiategietako inbertsioak sustatzeko nahiz gazteak sektorera erakartzeko ildoak indartu dira, baita ekonomiaren, ingurumenaren zein gizartearen ikuspegitik efizienteagoak diren ekoizpen-sistemak bultzatzea xede dutenak ere. Nekazaritza Politika Bateratuari egin beharreko erreformari begira egiten ari den lana ere nabarmendu du. “Nafarroak erreforma nahi du, eskubide historikoetan oinarritutako ordainketa-eredua baztertu eta nekazari profesionala, ustiategi familiarra eta landa garapena nekazaritza politiken erdigunean kokatzea nahi du”. Halaxe jakinarazi dugu Estatuaren aurrean, nekazaritza-elkarteen adostasunaz. Elizaldek iragarri duenez, hauxe da asteazkenean, abuztuak 1, Nekazaritza Ministro Luis Planasekin egingo duen aldebiko bileran defendatuko duen jarrera. Halaber, nekazaritza sektorea eta lurraldea landa garapenerako politikaren erdigunean kokatuta, 2015-2020rako Landa Garapenerako Planaren (LGP) aldaketa aipatu du. Aldaketa 2017an egin zen “iraunkortasunari eutsiz, nekazaritza eta ingurumenaren aldeko neurriak -8,5 milioi euro- zein klima aldaketari dagozkionak indartuz, baita sektore ekologikoarenak ere, betiere mugapen naturalak dituzten eremuen eta landa garapenaren mesedetan, tokiko ekintza-taldeen bitartez”. Honen harira, nekazaritza ustiategietako inbertsioak egiten eta nekazari gazteak instalatzen laguntzeko onartu berri den 13,5 M€ko gastua nabarmendu, izan ere, Departamentuak arreta berezia ematen dio gai honi urteko deialdien bitartez eta aurrekontua handituz, “belaunaldien arteko erreleboa lehentasunezkoa baita sektorea berpizteko”. Era berean, Nafarroako Ubidearen egoeraren berri eman eta aspaldi honetan egindako azken tramite eta jarduketak gogoratu ditu. Hauei esker, Argako Adarra Handitzeko Lehen Fasea osatu da, Egako adarraren tarte berrien tramitazioan aurrera egin da eta Bigarren Faseari dagozkion alternatiben azterlana egin eta proiektuaren lizitazioa bideratu da, abenduaren entregatzeko xedez. Atal honetan, Elizaldek joan den udaberriko uholdeek eragindako kalteak estaltzeko laguntzak ere aipatu ditu: 2,8 M€, guztira. Dagozkien foru aginduak argitaratu eta Gobernuaren erabakia onartu ondoren, horien deialdia datozen egunotan argitaratuko da. Ingurumenari eta Lurralde Antolamenduari dagokionez, kontseilariak Zuzendari Nagusi honen aurrekontuan izandako igoera ere gogoratu du: 12,8 M€ 2015ean eta 19,9 M€ 2018an (% 55eko igoera), betiere ekonomia zirkularra, klima aldaketaren aurkako borroka eta naturguneak ardatz nagusitzat hartuta. Honen harita, kontseilariak Klima Aldaketaren aurkako 2017-2030erako Ibilbide-Orria gogoratu du, Foru Gobernuak NGko Departamentu guztien arteko koordinaziorako Estrategiatzat onartutakoa, baita LIFE Nadapta europar proiektu integratua lortu izana ere, hauxe baita LIFE Europak eskualde batean abiarazi duen lehenengoa. 15,6 milioi euroko aurrekontua du datozen 8 urteetarako, eta Nafarroa klima aldaketara egokitzeko ahalegina bultzatuko du politika publikoen eta gizarte-eragileekiko lanaren bitartez. LIFE Nadapta gure komunitatea klima aldaketaren ondorioetara egokitzea xede duen programa zabala da, sei arlo estrategiko hauei dagozkien 53 neurri zehazten dituena: ura, basoak, nekazaritza eta abeltzaintza, osasuna, azpiegiturak eta plangintza, eta monitorizazioa. Horrekin batera, ekainean hondakinei eta hauen fiskalitateari buruzko Foru Legea onartu izana ere aipatu du. Estatuan nahiz Europan aitzindaria den lege honek prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatuko du, hondakina baliabide bihurtuz eta ekonomia zirkularrari eraginez. Lurralde Antolamenduari dagokionez, kontseilariak udaleko nahiz udalez gaindiko plangintza sustatzeko zein ingurumen politiken definizioa eta diseinua, iraunkortasun irizpideak edota hirigintza eta mugikortasunari lotutako hainbat alderdiren kontserbazioa integratzeko toki erakundeekin batera egindako lana nabarmendu du, 2015az geroztik 39 plan onartu, planak berrikusteko 13 hitzarmen sinatu eta beste 3 idazketa fasean daudelarik. Lursarea Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentziaren sorrera;paisaiaren gaineko lana, paisaiari buruzko hitzarmena aplikatuz eta plangintzarako tresnetan txertatuz, eta 38 paisaia berezien elaborazio kartografikoaren eta kontserbazio-irizpideen bukaera. Nafarroan dauden 42 Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) kudeatzeko planak eta naturguneei buruzko webgunean horren dibulgazioa egitea. Explora Sarea, natura-balioen kontserbazioari eta mantenimenduari lotutako maila anitzeko kudeatzaileak eta naturgune eta esparru berezien kudeaketa eta garapen iraunkorra uztartzen dituena. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren kasuan, Elizaldek, lehenik eta behin, Nafarroako toki erakundeen finantzaketan izandako hobekuntza azpimarratu du, izan ere, akordio programatikoa betez, transferentzia korronteen funtsaren horniketa areagotu da egonkortasun bermatzeko. Haren esanetan, “2018an 219,3 milioi euroko kopurura iritsiko da, 2015ean baino ia 19 milioi gehiago”. “2018-2019ko transferentzia korronteetarako horniketari dagokion berritasun nagusietako bat udalen montepioen defizita finantzatzea izan da, bost milioi eta erdi eurorekin”, gaineratu du. Gainera, 2016an eta 2017an, 2,9 milioi euroko ordainketa egin zaie udalei, udal zergen konbrantzako salbuespenengatik bildutako onura fiskalen truk.