Nafarroa Oinezen, zu lehendabizi

Eneida Carreño Mundiñano. Iñigo Aritza Ikastolako lehendakaria - Martes, 31 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Udazken koloretan jaso genuen lekukoa eta udarako gau luzetan gaude. Ordutik hamaika kontu eta guztietan, oztopoen gainetik, zu lehendabizi. Eskertzea jendarte onekoa omen, bihotz onekoa omen. Horretara gatoz lerro hauekin. Zu, guraso kooperatibista, irakasle, langile, laguntzaile, kolaboratzaile, ikasle, Nafarroa Oinezen eta Ikastolaren lagun, zaretenak eta zinetenak, zu eta beti zu, ondoan zaitugulako, batzuetan ozen eta beste batzuetan ixil. Herria eta ikastola proiektua bizirik mantentzeko beti prest eta beharrezko zaitugulako. Ehunka proiektu, pedagogikoak, gizartekoak, herrigintzakoak... hor zaudelako beti, zu. Auzolanaren bitartez bizirik gaudela erakutsi dugu. Bihotz bihotzez mila esker eta besarkada bat guztiontzat.

Urriaren 21ean Altsasu BIZIrik dagoela erakutsiko dugu, badator euskararen haize zirimola. Oporraldiaren ondoren berriz lan egitea dagokigu, izan ardi gurpildun, izan erbi geldo edo haritz adar oker. Animatu, zuretzako txokoa aurkituko duzu. Izena eman eta auzolanaren bitartez herria egin dezagun, euskaraz bizi nahi dugulako, hezkuntza propioa nahi dugulako, gure proiektuak aurrera eraman nahi ditugulako, gure herriko haurrak etorkizuna direlako. Eragiozu!!

Bizi Nafarroa Oinez 2018 eta biziarazi.