Kulturak "Laxoa jokoa" Kultura Intereseko Ondasun Inmaterial aitortzeko espedienteari hasiera eman dio

Baztanen eta Malerrekan jokatzen da, eta baliteke euskal pilotan bizirik jarraitzen duen modalitaterik zaharrena izatea

Miércoles, 1 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 20:59h

Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak hasiera eman dio "Laxoa jokoa" Kultur Ondasun Inmaterial (KOI) aitortzeko espedienteari, "Laxoa Elkartea" kultur elkarteak proposatuta. Baztanen eta Malerrekan jokatzen da, eta baliteke euskal pilotan bizirik jarraitzen duen modalitaterik zaharrena izatea.

Horrela jasotzen da Kultura-Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusiak, Dori Lopez Juriok, emandako eta pasa den asteartean, uztailaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratutako ebazpenean. Ikuspegi inmaterialetik, laxoa jokoa Nafarroarentzat garrantzi berezia duen ondasun bezala hartzen da, duen berezitasunarengatik nahiz bizirik jarraitzeagatik. Alde batetik, pilota-jokoaren antzinako modalitatea da, soilik Foru Erkidegoan bizirik iraun duena, eta, bestetik, jokoaren praktika erkidegoko transmisioaren adierazpen bizia, sustraitua eta partekatua da.

Laxoa jokoa, "Eskularrua" bezala ere ezagutzen dena, plaza librean jokatzen da, eta lau pilotarik osatutako bi talde aritzen dira aurrez aurre. Sakea harri finko edo plazaren alde batean jarritako botarritik egiten da, eta jokalariek, modalitate honetako larruzko eskularru espezifikoak jantzita, pilota zuzenean botatzen dute tantoa edo marra lortu arte. Laxoan aspaldi pilota-soroetan jokatzen zuten, herritik distantzia batera zeuden zelaietan. Beranduago, hiri-barrutiko plazetan jokatzen hasi ziren. Euskal pilotaren inguruko beste joko batzuen antzeko ezaugarriak ditu;hala nola, bote luzea, errebotea edo paxaka. Euskal Pilotaren eremutik kanpo, badira oso antzeko bestelako modalitateak, Espainian (Valentzia edo Lanzarote), Europan (Frantzia, Belgika, Holanda eta Italia) eta Amerikan (Mexiko, Kolonbia, Ekuador edo Argentina).

Berezitasun horiez gain, beste batzuk ere nabarmendu daitezke: herrietako plazak hartzen ditu;elizarekin oso lotuta dago, jokorako espazioa bezala (eliz atariak, hormak eta teilatua) nahiz pilotari apaiz edo erritu erlijiosoen erreferentzia historiko ugari izateagatik, Angelusaren otoitza bezala;eta lanbide tradizionalak bizirik irautea eskatzen du, hots, ezinbestekoak diren bi tresna egiten espezializatuak (pilota eta eskularrua). Baina, bizirik iraute hori zailtzen duten faktore ezberdinak izan badira;esate baterako, lurralde-eremu gutxitan ezarrita egotea, jokalari gutxi izatea, arauak konplexuak izatea, alboko eraikinei edo jokatzeko lekuei kalteak egitea, eta beharrezko tresnak fabrikatzen dituzten artisauak pixkanaka desagertzen joatea.