Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Abuztuaren 16ra bitarte parte har daiteke orduaren aldaketaren inguruan Europako Batzordeak sustatutako kontsulta publikoan

Herritarrek eta Estatu kideek adierazi ahal izango dute sei hilabetetik behin egiten den ordu-aldaketaren aurrean duten iritzia

Sábado, 4 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 20:36h

Abuztuaren 16ra bitarte parte har daiteke sei hilabetetik behin, martxoan eta urrian, egiten den ordu-aldaketari buruzko kontsulta publikoan. Europako Batzordeak sustatutako kontsultaren helburua da herritarren, alde interesatuen eta Estatu kideen iritziak biltzea, ordu-aldaketari buruzko egungo xedapenak aldatzeko aukeraren gainean.

Bi aukera hauetariko bat hauta daiteke: 2000/84/EB zuzentarauan jasotako egungo sistemari eustea, hots, urtean egiten diren bi aldaketekin jarraitzea, edota, alderantziz, egungo sei hilabetez behingo xedapenei amaiera eman eta aldizkako aldaketak galaraztea.

Ildo horretan, adierazi behar da horrek ez lukeela eraginik izango ordu-eremuan. Zuzentarauan jasotakoaren arabera, Estatu kideek ordua aldatzeko betebeharra dute martxoko azken igandean eta neguko ordutegira itzultzeko betebeharra urriko azken igandean. Online galdetegia EBko hizkuntza ofizial guztietan eskura daiteke (irlanderaz izan ezik). Erantzunak EBko edozein hizkuntzatan bidal daitezke, ingelesez egitea hobe den arren.

EBko ordutegia

EBk onartutako egungo sistema eguneko argiaren bilakaera jarraitzeko eta argi hori denboraldi jakin batean erabiltzeko eran diseinatuta dago. Estatu kide gehienek tradizio luzea dute zentzu horretan;hots, 70eko hamarkadako petrolioaren krisira edota Lehen edo Bigarren Mundu Gerrara egin dezakegu atzera.

Garai hartan, aldaketen helburua batik bat energia aurreztea zen. Baina baziren bestelako helburuak ere;hala nola, bide-segurtasuna, aisiarako aukerak gehitzea egunak luzatzearen ondorioz edo alboko herrialdeen edo bazkide komertzial nagusien praktiketara egokitzea.

Bestalde, adierazi behar da Estatu kideak hiru ordu-eremu ezberdinetan banatzen direla. Ordu-eremu bati eusteak ez du loturarik ordu-aldaketari buruzko xedapenekin edo horren inguruko edozein aldaketarekin. Horrez gain, aipatu behar da eguneko argiaren disponibilitatea aldatu egiten dela estatu bakoitzaren kokapen geografikoaren arabera. Urtean zehar, iparraldeko estatuek eguneko argiaren aldetik aldaketa garrantzitsua izaten dute, neguan argi-ordu gutxi izaten baitituzte eta udan egun argitsuak gau laburrekin.

Bestalde, hegoalderago dauden estatuetan, eguneko eta gaueko orduen arteko banaketa ia ez da aldatu ere egiten urtean zehar.

Aldaketa-proposamenak

Urteetan zehar, azterketa ezberdinak burutu dira egungo sistema ebaluatzeko asmoarekin, eta barne-merkatua, energia, osasuna, bide-segurtasuna edo nekazaritza bezalako parametroak aztertu dira. Gainera, Batzordeak aldizka herritarren oharrak jasotzen ditu, askotan osasunerako negatibotzat hartzen direnekin lotutakoak (esate baterako, loa galtzea, e.a.). Beste kasu batzuetan, aldiz, egungo sistema mantentzeko eskatzen diote, positibotzat jotzen dutelako.

Zenbait Estatu kidek ordu-aldaketaren gaia proposatu berri dute Batzordeari zuzendutako idatzietan. Zehazki, Finlandiak sei hilabetez behingo ordu-aldaketari amaiera emateko eskatu du, eta Lituaniak egungo sistema berrikusteko eskaera egin du, eskualdeko aldeak eta alde geografikoak kontuan hartu ahal izate aldera. Hori guztia dela-eta, otsailean, Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, Batzordeari 2000/84EB Zuzentarauaren ebaluazio zehatza egiteko eskatzeko, eta, bestela, zuzentaraua berrikusteko proposamena aurkezteko.

Aldi berean, ebazpenean ondorengoa berretsi zen: “funtsezkoa da Batasunean ordutegi-erregimen bateratua izatea, baita urtean bitan egiten diren aldaketak amaitu ondoren ere”.