Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Uztailean, 32.569 lagun zeuden lanik Gabe

Uztailean langabeziak gora egin badu ere, azken urtean langabezia gehien jaitsi den autonomia-erkidegoetan laugarrena da Nafarroa, eta Gizarte Segurantzako afiliazioa gehien igo den erkidegoetan ere laugarrena

Sábado, 4 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 20:30h

Uztailari dagozkion langabezia-datuak negatiboak dira, langabezia igo egin baita;hala ere, zenbait gauza aipatu behar dira, balantzeari nolabaiteko anbibalentzia ematen diotenak. Izan ere, hilabetean 515 langabe gehiago dauden arren (% 1,61), urtebetean 3.564 langabe gutxiago daude, ia % 10 (zehazki, % 9,86);estatu osoan, berriz, % 6. Kasu honetan, 2006az geroztik uztailean gertatu den langabeziaren urteko jaitsierarik handiena da.

Gainera, jarraian azaltzen denez, igoera hori gertatu da, batez ere, lana urtarokoa delako, langabeziaren hazkundearen zatirik handiena hezkuntza-adarretik baitator, ikasturtea amaitzen denean.

Beraz, hiletik hilerako datuak negatiboak dira, langabeziaren igoera oro halaxe jo behar baita. Hala ere, langabeziak beheranzko joeran jarraitzen du joan den urtearen aldean. Testuingurua, gainera, positiboa da, beste zenbait lan- eta ekonomia-adierazlek islatzen dutenez.

Langabeziaren hileko igoerari dagokionez, beste gauza bat adierazi behar da, urtaroak duen eragin nabarmenari lotua, esan bezala. Esanguratsua da ezen, krisiaren aurreko urteetan ere, uztailak negatiboak izan zirela —orduan ere, langabeziak gora egiten zuen—;hau da, hilabete horretan, langabezia igo egin zen, gaur egun baino askoz gehiago, gainera. Adibidez, 2007ko uztailean, langabezia % 5,7 igo zen;2008an, berriz, % 5,3.

Hori dela eta, hedapen- edo hazkunde-denboraldietan —halako batean gaude gaur egun—, uztaila ez da positiboa izaten langabezia jaisteari dagokionez. Nolanahi ere, zenbait adierazlek adierazten dutenez, testuinguruak mesedegarria izaten jarraitzen du. Izan ere, 2017an, langabezia % 0,54 igo zen;hala, hautsi egin zen langabeziak 2012-2016ko krisialdian zehar uztailean izaten zuen beheranzko joera.

Laburbilduz, nahiz eta, zalantzarik gabe, langabeziaren igoera oro negatiboa izan, datua ez da modu isolatuan hartu behar, baizik eta kontuan izanik, batetik, zer bilakaera edo joera duen epe luzeago baten ikuspegitik, eta, bestetik, zer testuingurutan gertatzen den —orain ez bezala, lehen, langabezia, modu konstantean ez ezik, askoz gehiago igotzen zen—.

Berriro esan behar da joan den uztailean gertatu zen langabezia-igoera oso urrun dagoela krisiaren aurreko uztailetan gertatzen zenetik. Bestalde, langabezia igo egin bada ere, 2008aren amaieran erregistratu ziren azken aldiz antzeko langabezia-zifrak. Bestalde, ez da ahaztu behar Nafarroako langabezia-mailarik altuena 2013ko otsailean izan zela —hilabete hartan, 56.524 langabe zeuden—.

Hau da, orduz geroztik, langabezia % 42,4 jaitsi da;alegia, 23.955 langabe gutxiago daude erregistratuta. Estatuan, berriz, langabezia % 0,86 jaitsi da hilabetean;urtean, % 6,02 jaitsi da. Beraz, uztailean, langabezia zertxobait jaitsi da estatuan;Nafarroan, aldiz, igo egin da (% 1,6). Hala ere, urtean, gehiago jaitsi da langabezia Foru Komunitatean (% 9,86).

Izan ere, urtebetean, urteko langabezia-jaitsieraren laugarren postuan dago Nafarroa, Gaztela eta Leonen (% 10,24), Kantabriaren eta Galiziaren (% 10,15) atzetik, eta gure inguruko autonomia-erkidegoen aurretik. Garrantzi berezia du langabeziagatiko babesaren estatuko sistemaren estaldurak.

Aurkeztutako azken datuek berriro erakusten dute estatuko sistemak muga handiak dituela, nahiz eta estaldura-maila igo egin den ekainean —hori da eskura dagoen azken datua—.

Hala, jaitsi egin da azken hilabeteetako beheranzko joera. Nafarroan, langabeziagatiko estaldura-tasa % 50,01 zen ekainean;hau da, maiatzean baino 4,1 puntu gehiago, eta duela urtebete baino 1,4 puntu gehiago.

Laburbilduz, estatuko sistemak ez die estaldurarik ematen lan-esperientzia duten langabeen erdiei. Gainera, langabe guztiak hartzen badira kontuan, langabeen ia % 55ek ez du langabeziagatiko estaldurarik;zifra absolututan, 17.581 langabe daude estaldurarik gabe Nafarroan. Estatuan, estaldura-tasa % 57,5era arte igo da;hau da, 7,5 puntu handiagoa da. Izan ere, estatuan, 1,9 puntu igo da urtebetean estaldura-tasa —Nafarroan, 1,4 puntu—.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, datuek erakusten dute hileko afiliazioa jaitsi egin dela;beraz, hautsi egin da azken bost hilabeteetako goranzko joera. Nafarroaren kasuan, uztaila ez da gainerako hilabeteak bezalakoa izaten;izan ere, 2006tik, zortzi aldiz gertatu dira afiliazio-jaitsierak hilabete horretan. Esaterako, 2016ko uztailean, ekonomia jada suspertzen hasia zela, afiliazio-jaitsiera antzekoa izan zen.

Hala, uztailean, 280.975 lagun daude Gizarte Segurantzara afiliatuta Nafarroan;beraz, aurreko hilabetean baino 1.090 gutxiago, baina duela urtebete baino 9.366 gehiago. Ehunekotan adierazita, hilabetean % 0,39 jaitsi da afiliazioa, eta, urtean, % 3,45 igo da. Beraz, urtean, enplegu gehiago sortu da Nafarroan estatuan baino (% 2,99), azken hilabetean jaitsi egin bada ere.

Bestalde, aipatzekoa da, halaber, Nafarroak hobera egin duela gure inguruko autonomia-erkidegoekiko alderaketan (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) —horiek dira, gainera, langabezia-tasa txikienak dituztenak—.

Adierazi denez, afiliazioa % 3,45 igo da, urtean, Nafarroan —langabezia-tasa txikiena duen erkidegoa da—. Bada, Euskadin, % 1,98 igo da urtean;Errioxan, % 2,70;eta, Aragoin, % 2,86 igo da afiliazioa urtean. Autonomia-erkidego guztiekin alderatuta, Nafarroa laugarren postuan dago urteko enplegu-sorrerari dagokionez, Madrilen (% 4,01), Kanarien (% 3,82) eta Valentziako Komunitatearen (% 3,75) atzetik.

Afiliazioaren hileko jaitsierari dagokionez, Aragoiren kasua salbu (% 0,49 igo baita afiliazioa), gure inguruko erkidegoetan ere jaitsi egin da hileko afiliazioa, Nafarroan baino gehiago, gainera. Izan ere, Euskadin % 0,46 jaitsi da hilean;Errioxan, berriz, % 1,03 jaitsi da. Kasu honetan, zazpi autonomia-erkidegotan jaitsi da afiliazioa ekainaren aldean.

Ez dugu ahaztu behar afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean izan zela: 243.505 afiliazio. Beraz, uztaileko azken datua kontuan hartzen badugu, 37.470 afiliatu gehiago daude (% 15,4 gehiago). 2008an izan zen azken aldiz antzeko enplegu-maila, Gizarte Segurantzako afiliazioaren bidez neurtuta. Kontratazioari dagokionez, uztailean, lantokia Foru Komunitatean duten 34.061 kontratu zeuden erregistratuta Nafar Lansaren. Beraz, aurreko hilean baino 87 kontratu gehiago dira (% 0,3 gehiago), eta iaz baino % 5,5 gehiago (2017ko uztailean baino 1.766 kontratu gehiago).

Modu positiboan nabarmentzekoa da mugagabeko kontratazioaren ehuneko pilatua (urtarrila-uztaila) gehiago igo dela urtean, eta aldi baterako kontratazioa baino askoz handiagoa dela. Aurten, kontratu mugagabeak % 18,9 igo dira;aldi baterako kontratuen kasuan, berriz, urteko igoera pilatua % 4,3koa izan da. Hala ere, hilean, mugagabeko kontratazioa % 17,4 jaitsi da —egoera hori ohikoa izaten da uztailean—;aldi baterakoa, berriz, % 1,4 igo da. Aldakuntza horien ondorioz, uztailean egin ziren kontratazio guztietatik % 5,1 dira mugagabeak, gutxi gorabehera.

Bestalde, 2016ko denboraldi berarekin alderatuta, kontratazioaren igoera pilatua (urtarrila-uztaila) % 5,2koa izan da, enplegu-sorreraren testuinguru horri dagokionez. Hala, 2017aren aldean, 10.930 kontratu gehiago erregistratu dira. Kontratazio-motari dagokionez, urtarriletik uztailera, mugagabeko kontratazioaren pisua % 5,9koa izan da;aldi baterakoarena, berriz, % 94,1ekoa.

Langabeziaren datuen banakapena

Enplegu-agentzien eta hileko datuen arabera, hileko aldakuntza ez da berdina izan leku guztietan. Agentzia hauetan, jatsi egin da langabezia: Agoizkoan (% 3,1), Tuterakoan (% 1,1) eta Tafallakoan (% 1,0). Aldiz, langabeziak gora egin du agentzia hauetan: Doneztebekoan (% 7,7), Altsasukoan (% 4,8), Lodosakoan (% 2,8), Errotxapea-Iruñekoan (% 2,8), Zabalgunea-Iruñekoan (% 2,5), Yamaguchi-Iruñekoan (% 2,2) eta Lizarrakoan (% 0,7). Urteko aldakuntzari dagokionez, kasu honetan, langabezia, oro har, jaitsi egin da agentzia guztietan, baina hura ere maila desberdinean. Hauek izan dira urteko jaitsierak: Doneztebeko agentzia (% 14,5), Yamaguchi-Iruñea (% 11,5), Errotxapea-Iruñea (% 11,3), Zabalgunea-Iruñea (% 10,8), Agoitz (% 9,2), Lodosa (% 9,1), Lizarra (% 7,7), Altsasu (% 7,2), Tutera (% 6,9) eta Tafalla (% 3,6). 

Sexuaren arabera, 19.592 emakume daude langabezian (aurreko hilean baino % 1,5 gehiago;295 emakume gehiago), eta 12.977 gizonezko (% 1,7 gehiago;220 gizonezko gehiago). Beraz, datu erlatibotan, langabeziaren hileko igoera antzekoa izan da. Hala ere, urteko aldakuntzari genero-ikuspegitik erreparatzen badiogu, krisiaren urterik larrienen ondoren, non banaketa antzekoa izan baitzen —“beheranzko berdintasuna” gertatu zen—, orain, berriro ere, modu desorekatuagoan dago banatuta langabezia: gizonezko langabeen kopurua % 13,6 jaitsi da urtean;emakumezkoen kasuan, berriz, hura ere positiboa izan bada ere, % 7,2 jaitsi da. Hala, gaur egun, langabeen % 60,2 emakumezkoak dira;2009. urtearen amaieran, berriz, % 49 ziren.

Adin-tarteka, langabezia adin-tarte guztietan igo da hilean, 54 urtetik gorakoen tartean izan ezik, non zertxobait jaitsi baita (8 langabe gutxiago;% 0,1 gutxiago). Gainerako adin-tarteei dagokienez, langabe gazteen kopurua zertxobait igo da ekainetik (% 0,1;2 langabe gehiago). 25-34 urte bitarteko langabeak % 7 igo dira (414 gehiago), eta talde horretan igo da gehien hilean langabezia. 35-44 urte bitarteko langabeak, berriz, % 1,1 igo dira (86 gehiago). Azkenik, 45-54 urte bitarteko 21 langabe gehiago daude bakarrik (% 0,3 gehiago). Hala, 25 urtetik beherako gazteen artean, 2.985 langabe daude (langabe guztien % 9,2);25 eta 34 urte artekoak langabe guztien % 19,4 dira (6.317);35 eta 44 urte artekoak langabe guztien % 23,9 dira (7.770);eta 45 eta 54 urte artekoak, langabe guztien % 23,6 (7.695 lagun).

Azkenik, 55 urte edo hortik gorakoen artekoak langabe guztien % 24 dira, hau da, 7.802 lagun. Urteko aldakuntzari dagokionez, erregistratutako langabezia, oro har, adin-talde guztietan jaitsi da. Gazte langabeen kopuruak % 17 egin du behera (610 gutxiago);25 eta 34 urte artekoen artean, % 5,6 jaitsi da langabezia (375 langabe gutxiago);eta 35 eta 44 urte arteko langabeen urteko jaitsiera % 13,5 izan da (1.214 langabe gutxiago). 45 eta 54 urte arteko langabe kopuruak, berriz, % 10 egin du behera urtebetean (857 gutxiago), eta 55 urtetik gorakoen artean % 6,1 jaitsi da (508 gutxiago).

Ikasketa-mailari dagokionez, hamar langabetik ia zazpik ez dute Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik, hau da, langabe guztien % 70ek (22.789 lagunek). Unibertsitate-ikasketak dituztenen langabezia-tasa, berriz, % 11,4 da (3.701 lagun). Unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleei dagokienez, adierazgarria da hamarretik zazpi emakumeak direla (% 72).

Bestalde, nazionalitatearen arabera, uztailean lanik gabe zeudenen % 19 atzerritarrak dira (6.178 lagun). Hileko eta urteko aldakuntzei dagokienez, atzerritarren langabezia % 0,9 jaitsi da ekainetik;espainiarren langabezia, berriz, % 2,2 igo da hilean. Hala ere, urtean, atzerritarren langabezia % 5,9 jaitsi da;espainiarrena, berriz, % 10,7. Luzaroko langabeziari dagokionez (urtebete baino gehiago segidan langabezian daramaten pertsona kopurua), 12.531 lagun dira luzaroko langabeak, eta langabezia osoaren % 38,5 dira. Ehuneko hori altua izan arren eta kontuan hartzeko modukoa izan arren, egia da, halaber, jaitsi egin dela, 2015eko udaberrian % 43ra iritsi baitzen.

Aipatzekoa da, gainera, alderdi positibo gisa, gehiago jaitsi dela, bai hilean, bai urtean, luzaroko langabezia —hilean % 1,2 gutxiago;igoera totala % 1,6koa izan da—. Urtean, % 10,7 jaitsi da;langabezia osoa berriz, % 9,9 jaitsi da, esan bezala. Adinari eta luzaroko langabeziari dagokienez, luzaroko 10 langabetik ia 4k 54 urte baino gehiago ditu (% 39,4). Bestalde, urtebete baino gehiago segidan lanik gabe daramatenen % 64,9 emakumezkoak dira. Bi aldagaiak (sexua eta adina) gurutzatuta, luzaroko langabe guztietatik, laurdena (% 25,1) 54 urtetik gorako emakumeak dira. Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, langabezia pixka bat igo da hilean nekazaritzan, industrian eta, batez ere, zerbitzuen sektorean;eraikuntzaren sektorean, berriz, jaitsi egin da. Lehen sektorean, % 0,8 igo da (16 langabe gehiago). Industrian, % 0,3 igo da (13 langabe gehiago).

Zerbitzuen sektorean, berriz, langabezia % 2,7 igo da (572 langabe gehiago). Eraikuntzari dagokionez, langabezia % 2,6 jaitsi da hilean (ekainean baino 45 langabe gutxiago). Azkenik, lehendik lanik ez zuten langabeak gutxitu egin dira, % 1,3 gutxitu ere (41 lagun gutxiago). Aipagarria da ezen, urtean, langabezia nabarmen murriztu dela sektore guztietan, baina eraikuntzan eta industrian gertatutako jaitsiera nabarmendu behar da, duen garrantziagatik. Hala, eraikuntzaren sektorean, nabarmen jaitsi da urtean (% 23,5;523 langabe gutxiago urtebetean). Industriako langabezia, berriz, % 8,9 jaitsi da (432 langabe gutxiago urtebetean).

Lehen sektorean, % 6,7 jaitsi da (138 langabe gutxiago). Azkenik, zerbitzuen sektorean, urteko jaitsiera % 8,9koa izan da (2.098 langabe gutxiago). Gaineratu behar da erregistratutako langabeziaren % 65, gutxi gorabehera, zerbitzuen sektorean dagoela, eta industrian dagoen langabezia, berriz, % 13,6koa dela;eraikuntzakoa % 5,2koa da, eta, lehen sektorekoa, % 5,9koa. Bestalde, langabezia % 10,8 jaitsi da aurretik lanik ez zutenen artean (373 langabe gutxiago);langabe guztietatik % 9,4 dira talde horretakoak.

Azpisektore ekonomikoen araberako langabeziaren bilakaera aztertuta, Hezkuntza nabarmendu behar da langabeziaren hileko igoeraren arrazoi nagusi gisa. Erregistratutako langabeziaren datuen arabera, hilean 573 langabe gehiago izan dira adar horretan. Jaitsiera horrek lotura zuzena du ikasturtearen amaierarekin.

Ekainaren aldean langabezia igo den beste adar batzuk, besteak beste, Enpleguari lotutako jarduerak (73 gehiago), Janari- eta edari-zerbitzuak (66 gehiago), Kirol-, olgeta- eta entretenimendu-jarduerak (44 gehiago) eta Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa (38 gehiago) dira, nahiz eta adar horietan gutxiago igo den langabezia.

Bestalde, adar hauetan jaitsi da gehien langabezia hilean: Osasun-jarduerak (60 langabe gutxiago), Elikaduraren industria (41 gutxiago), Beste jarduera profesional, zientifiko eta tekniko batzuk (37 gutxiago), Etxeko langileei lana ematen dieten etxeen jarduerak (34 gutxiago), Egoitza-establezimenduetako laguntza (31 gutxiago), Administrazio Publikoa (30 gutxiago) eta Posta-jarduerak (28 gutxiago).

Langabeziaren urteko aldakuntzari dagokionez, jarduera-adar gehienetan behera egin du langabeziak urtean. Hauek nabarmentzen dira: Eraikuntza espezializatuko jarduerak (271 langabe gutxiago urtebetean);Txikizkako merkataritza, ibilgailu motordunena eta motozikletena izan ezik (266 gutxiago);Janari- eta edari-zerbitzuak (235 gutxiago);Administrazio Publikoa (213 gutxiago);Eraikinen eraikuntza (207 gutxiago);Elikaduraren industria (172 gutxiago);Enpleguari lotutako jarduerak (120 gutxiago);Nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta haiei lotutako zerbitzuak (111 gutxiago);Handizkako merkataritza eta merkataritzako bitartekariak (98 gutxiago);Lurreko eta hodi bidezko garraioa (98 gutxiago);Beste jarduera profesional, zientifiko eta tekniko batzuk (93 gutxiago);eta Hezkuntza (87 gutxiago).

Aldiz, langabezia igo den jarduera gutxien artean, aipatzekoa da langabeziaren urteko igoera adar hauetan: Material eta ekipamendu elektrikoen fabrikazioa (50 gehiago), Beste manufaktura-industria batzuk (33 gehiago), Makineriaren eta ekipamenduaren fabrikazioa (24 gehiago) eta Deskontaminazio-jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (15 gehiago).