Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroan C Hepatitisa duten hiru gaixotatik bik jada infekzioa gainditu dute

Osasunak eta ATEHNAk azken generazioko tratamenduaren programaren garapena positiboa izan dela esan dute;horretaz baliatu dira 1.267 eri, eta bi urtetan egun lehentasuna duten gaixo guztietara zabaltzea aurreikusten da

NAVARA.ES - Domingo, 5 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 21:03h

Guztira, 1.267 pertsonak jaso dituzte Nafarroan birusaren kontrako tratamendu berriak, 2015eko apirilean C Hepatitisari aurre egiteko Plan Nazionala abian jarri zenetik. Nafarroako Hepatitisaren Talde Teknikoaren ustez, kopuru horiek positiboak dira, eta itxaropena ematen dute datozen bi urteetan egun lehentasuna duten gaixo guztien tratamendua amaitu ahal izateko.

Gaur Hepatitisaren Munduko Eguna izanik, Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak eta Transplantatuen eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteak (ATEHNA) Nafarroan infekzio hori jorratzeko Plan Nazionalaren garapenari buruzko balorazio positiboa egin dute. Plana duela hiru urte jarri zen abian, eta tratamendu berriak aplikatu zitzaizkien soilik kasu larrienei;gaur egun, ordea, birusaren infekzio aktiboa duten pertsona guztiei jada ematen zaie. ATEHNAk gaur Iruñean jarritako informaziorako karpan, Antonio García lehendakariak ondorengoa aitortu du: "orain, azkenean, C Hepatitisa sendatzen denez, garrantzitsua da tratamenduaren egutegiarekin jarraitzea eta goiz detektatzea bultzatzea helburu handia baina lortzeko modukoa betetzeko;hau da, Nafarroan birusak kaltetutako pertsonen gehiengo nagusia sendatzea".

Halaber, zuzeneko ekintzako birus-kontrako berrien iritsierak iraultza sortu duela nabarmendu du;izan ere, botika horiek, kasuen arabera, 8 eta 12 aste artean, gaixotasuna sendatzen dute kasuen %95 baino gehiagotan.

Ekitaldi berean, Osasuneko Zuzendari Nagusiak, Luis Gabilondok, honela berretsi du: "programaren emaitza bikainek erabat justifikatzen dute Osasun Sistema Publikoak egindako ahalegin ekonomiko izugarria";gainera, baikor agertu da zeren "uste dute helburu errealista dela urtean 500 tratamendu berri hastea eta, 2020. urtean zehar, egun lehentasuna duten gaixo guztien tratamendua amaitzea".

4.039 pertsona

Gaur egun, Nafarroan, C Hepatitisaren Birusaren antigorputzen aurrekari ezagunak dituzten 4.039 pertsona bizi dira. Horietatik 2.719 lagunek (%67,3) infekzioa gainditu dute tratamenduari esker edo era naturalean, beste 147k (%3,6) tratamendua hasi dute eta beste 477 eri (%11,8) tratamendua hasteko zain daude, oraindik infekzioa aktibo dutelako;gehienak erasan hepatikoaren gradu baxuko gaixoak dira (F1-F0).

Bestalde, NOZ-Oko Epidemiologia eta Mikrobiologia zerbitzuek azken urteetan egindako analitiken berrikuspen sistematikoari esker, antigorputzen aurrekariak dituzten beste 696 gaixo (%11,8) detektatu ahal izan dira, eta horien historia klinikoan ez da agertzen biremiaren zehaztapenik egin zaienik infekzioa aktibo duten jakite aldera. Zuzeneko ekintzako antibiral berrien tratamendua jaso duten 1.267 eriren (267k GIB gaixotasuna ere badute) %97ak infekzioa gainditu du, eta, era horretan, zirrosia garatzeko, gibeleko minbizia izateko edo transplante hepatikoa behar izateko arriskua baztertu da, birusa transmititzeko arriskua ezabatzearekin batera.