Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Pediatriako kontsultek haurrenganako tratu ona eta hezte positiboaren estiloak susta ditzaten nahi du Lehen Mailako Arretak

Azken urtean, Pediatriako, Erizaintzako eta Gizarte Laneko 70 profesional baino gehiago trebatu dira Osasun Publikoarekin lankidetzan antolatutako lantegietan

DN - Lunes, 6 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:45h

Azken urtean, Lehen Mailako Arretako gerentziak indartu egin du osasun-esparruak haurrenganako tratu ona eman dezan sustatzeko apustua. Horretarako, hezte positiboaren estiloetan trebatzeko lantegiak antolatu ditu pediatria-arretari lotutako profesionalentzat. Ikastaro horien asmoa da profesionalei tresnak eta ezagutzak ematea heziketa-estilo hori sustatzeko eta artatzen dituzten familien arteko lotura afektibo seguruak eraikitzea sustatzeko.

Trebakuntza-plan horren helburua da jarraibideak ematea haurrak ongi garatu daitezen sozialki eta afektiboki osasun-arloko esku-hartzeetan. Pediatriako kontsultetan tratu onaren eta hezte positiboaren inguruko aholkuak txertatzearen aldeko apustua egitearen arrazoia da neurozientzian egin berri diren ikerketek baieztatzen dutela lotura dagoela atxikimendu seguruko harremanen eta osasun fisiko, mental eta sozialaren artean. Komunikazioak eta elkarrizketak protagonismo handia duten eta indarkeria fisikorik edo hitzezko indarkeriarik erabiltzen ez den hezte-estiloa sustatu nahi da, zaintzan, errespetuan eta txeran oinarritua.

Nafarroako Lehen Mailako Arretako 39 lantaldetatik datozen Pediatriako, Erizaintzako eta Gizarte Laneko 71 profesionalek parte hartu dute “Haurrenganako tratu ona sustatzea, lotura afektibo segurua eta gurasotasun positiboaren” inguruan azken urtean egin diren lantegietan. Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Lehen Mailako Arretako Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuak antolatu ditu lantegiok, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) lankidetzaz.

Osasun Planean jasota dago helburua

Haurren bizitzan lotura afektibo seguruak garatzea sustatzea lehentasunezkoa da osasun-arloko profesionalentzat, Osasunbideren zenbait dokumentu estrategikotan jasoa dagoenez, hala nola 2014-2020ko Osasun Planean;zehazki, prebentzioari eta haurren eta nerabeen osasuna sustatzeari buruzko lerroan.

Garapen afektiboa haurren garapen fisiko, kognitibo eta sozialaren oinarritzat jotzen da, eta hori lortzen da haurrek lotura estuenak dituzten pertsonei esker;horregatik egiten da apustu atxikimendu seguruko loturak sustatzearen alde.

“Gizaki baten buru-osasunerako eta etorkizuneko bizitza emozionalerako faktore erabakigarriren bat hautatu behar balitz, garrantzitsuenetako bat izango litzateke, zalantzarik gabe, nolako atxikimendu afektiboa garatu duen bere haurtzaroko lehenengo urteetan”, adierazi dute ikastaroko irakasleek.

Arrisku-egoerak hautematea

Trebakuntza-plan horren helburua da profesional horiek ezagutza horiek txerta ditzaten beren eguneroko jardunean, eta tratu onerako eta hezte positiborako jarraibideak eman ditzaten, bai haur-osasunerako programak ezartzen dituen aldizkako kontsultetan, bai taldeko eta komunitateko esku-hartzeetan.

“Nahi dugu profesionalek gurasoei edo erreferentziazko zaintzaileei lagundu diezaieten beren seme-alabekin lotura afektiboak ezartzen, eta garaiz hautematen lotura horretako arrisku-adierazleak, arrisku horiei zenbait diziplinatatik ekiteko” adierazi dute lantegien antolatzaileek.

Azaldu dutenez, gaur egun, haurren ongizatea sustatzearen alde lan egiteko, “jakitun izan behar da zeinen lotura estua dagoen aldagai psikologiko eta neurologikoen artean bizitzako lehenengo hilabeteetan, eta zer ondorio dituzten haiek geroko funtzionamendu fisiko, psikologiko eta sozialean”.