Cartas a la Dirección

Meza, zertarako

Miren Jone Azurza - Martes, 7 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Hirugarren igandez, bata bestearen ondoren, Euskadi Irratiak eskaintzen digun meza santua entzun behar izan dut eta garrantzizko zenbait galdera sortu zaizkit nire baitan. Izan ere, nire ustez elizara ezin joan diren kristau euskaldunentzat ematen da irratiz aspaldiko urtetan. Entzule gehientxoenak oheaturik entzun beharra dutenak dira. Goizeko 7.30etan hastea ote da unerik egokiena? Demagun mezari ordu erditxo juxtu hori besterik ezin eman dezaioketela, halabeharrez. Nire iritzi apalez, goiz-goizeko meza horrek patxada osoa behar du, ez da korrika apustua. Zer da meza? Jesusek Azken Afarian erakutsi ziguna bizitzea, errepikatzea, hemen eta gaur egitea, irrati bidez bada ere. Apaizak ere bere jarrera egokitu, hitz jario handirik gabe, samurki agurtu, ongi etorriak direla adierazi, eguneko ebanjelioaren muina agertu, zer egiten ari garen adierazi eta isil-aldiak egin eta mantendu, elkarturik afari santu ederra lasai ospa dezagun. Meza bera itxuragabetzen ari gara, ordu erdian sarrerak, epistolak, salmoak, liburuetan idatziak dauzkagun xehetasunak irakurtzen. Hobe genuke Jesusen Azken Afariko Hitzak guk ere aitortu eta bizi izateko elkar laguntza jorratzea. Eskerrak eman, poztu, bizi-tzak ekartzen dizkigun nahigabeak onartu. Eguneroko bizitza eraman meza-emaile bihurtzen den elkartera. Sakondu Jesusen hitzak: “Elkar maita, nik maite zaituztedan bezala.” Bai eta kantuz ere. Eta hori guztia, patxada ederrean. Hitz bezain ugari izan bitez isil uneak, barrua arindu, poztu, berriturik amaitu dezagun Meza Santua. Horrela astean zehar ere nabariko ditugu Jaunaren laguntza eta hurrengo mezaren beharra eta poza. Meza Jai Santua da. Ospa dezagun bihotzez eta fedez.