Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-eko ingeniari batek profil murriztuko antena batzuk diseinatu ditu, turuta itxurakoen prestazioekin pareka daitezkeenak

Garapen horrek Unai Beaskoetxearen doktoretza-tesian du sorburua, eta sateliteetan, droneetan eta tripulatu gabeko ontzietan erabil liteke duen pisu txikiagatik

DN - Jueves, 9 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:02h

Unai Beaskoetxea Gartzia ingeniariak (Baiona, Frantzia, 1987) bost antena desberdin diseinatu ditu (ihes-uhin motakoak). Ezaugarri hauek dituzte antena horiek: bolumen txikia eta profil laua dute, maiztasun handiko uhinak hartzeko eta igortzeko gauza direnak, eta, gainera, potentzia handiagoz igortzen dute ohiko antena bolumetrikoek, esaterako antena parabolikoek baino. Garapen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesiaren barruan dago, eta sateliteetan, dronetan eta tripulatu gabeko ontzietan erabil daiteke, pisu, bolumen eta prezio txikiagoa duelako, eta alternatiba egokia da bolumen handiagoko turuta-antenen aldean. Proposatutako antenek, bolumen eta pisu txikiagoarekin, “potentziaren kontzentrazio handiagoa lortzen dute norabide bakarrean, eta beste angelu batzuetan gutxiago igortzen dituzte uhinak;hau da, sortak aratzagoak dira eta igorritako potentzia gero eta handiagoa da”, Beaskoetxearen arabera. Miguel Beruete Díazek, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta (ISC) Smart Cities Institutuko zuzendariak zuzendu zuen Beaskoetxearen tesia, eta ingeniariak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen. Antena horien ezaugarri nagusiak dira lauak eta arinak direla. Horrenbestez, bereziki egokiak izan daitezke espazioko komunikazioetan. “profil oso murriztuko eta irabazi handiko antenak dira, eta egokiak dira aurrez aurre dauden bi antenen artean komunikazioa ezartzeko —azaldu du—. Sateliteetan, droneetan eta tripulatu gabeko ontzietan, pisua eragozpen dutenetan, aukera oso erakargarria da jada erabiltzen diren antenen antzeko ezaugarriak dituzten baina pisu, bolumen eta prezio nabarmen txikiagoa duten antenak lortzea”. Halaber, antena horiek antena parabolikoen alternatiba bihur litezke. “Geure leihoan, hormari itsatsita jar genezake disko lauaren forma duen antena bat. Leku gutxiago beharko luke, eta, horretaz gainera, eraikinen ikusizko inpaktua hobetuko luke, hormaren kolorea erabiltzeko aukera bailegoke antena oharkabean igarotzeko”, erantsi du Unai Beaskoetxeak.

Últimas Noticias Multimedia