Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Pasa den zereal-kanpainaren uztan 871.000 tona bildu dira

Horrela adierazi zuten 2017/18 neguko laborantza estentsiboen balantzearen inguruan asteazkenean Erriberrin egindako jardunaldian

DN - Jueves, 9 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:00h

Pasa den zereal-kanpainaren uztan 871.000 tona bildu dira, 2017/18 neguko laborantza estentsiboen balantzearen inguruan egindako jardunaldian eskainitako behin-behineko lehen datuen arabera. Datu horiei esker, kanpaina oro har "oso ona" izan dela esan daiteke, eskualdeen artean alde handiak egon arren. Saioa asteazken honetan egin zen Erriberriko Evena eraikinean, INTIA (Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) enpresa publikoak antolatuta, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria den Isabel Elizaldek inauguratu zuen. Lortutako emaitzak, kooperatiben azken datuak jasotzeko badaude ere, iazko kanpainaren antzekoak dira, eta duela bi urte baino baxuagoak (-%7,5), "orduan kanpaina bikaina izan baitzen", 2016an Nafarroako ekoizpen-errekorra hautsi zelako, 942.000 tonarekin. Azken hiru kanpaina hauetako produkzioa produkzio historiko handienetarikoa da. Laborantza-moten arabera, zerealak dira labore garrantzitsuenak, gariak uztaren ia erdia hartzen du (%48,6), eta, ondoren, garagarra (%42,5) eta oloa (%6) daude. Gainerakoak ordezko laboreak dira;hala nola, koltza (%1,7) eta leguminosoak (ilar proteaginosoa eta babak), soilik %0,8. Eskualdeak aintzat hartuta, gariaren zein garagarraren kasuan, errendimenduak handiagoak dira hegoaldetik iparraldera, ohikoa den moduan, baina historikoekin alderatuta, uzta bikaina izan da hegoaldeko zona idorretan, oso ona Erdialdean eta soilik arrunta behe-mendian, prezipitazio gehiegi izateagatik. 2017/18 kanpainako neguko labore estentsiboetarako ereindako azalera 194.625 ha-koa izan da, 1000. ha baino zertxobait gehiago murriztua, lugorrirako azalera gehiago uzteagatik. Kudeatzaileei, batzordekideei eta INTIAko kooperatiba bazkidetako espezialistei zuzendutako saioan zehar, adierazi zuten gehien garagarra ereiten dela (84.000 ha) eta horren atzetik garia (78.000 ha). Aurten, ordea, euri ugari egin du, eta horrek uztak baldintzatu ditu;izan ere, gariaren ekoizpenak oso aldakorrak izan dira partzelen eta zonen arabera, eta prezipitazioen bidezko istiltzeen ondorioz ekoizpenak asko jaitsi dira, osasun-arazo garrantzitsuak eta belar txarrak direla-eta. Halaber, jardunaldian aurten izandako gaixotasunei buruz aritu ziren eta fungiziden aplikazioak nola eragin duen errendimenduetan aztertu zuten, garagarrari nahiz gariari dagokienean. INTIAk fungizida ezberdinak aplikatuta eta estrategia ezberdinak erabilita egindako entseguetan lortutako emaitzak aurkeztu zituzten, hori guztia tratamendu-kopuruaren eta laboreen egoera fenologikoen arabera. INTIAko teknikariek zerealen, leguminosoen eta oleaginosoen aldaerekin egindako entseguen emaitzen laburpena azaldu zuten baita ere, zehazki, garagarra, garia, koltza, oloa, ilarrak eta babarenak. Guztira, 4.000 mikropartzelaren gainean egin dituzte entseguak eta uzta-biltzeak, lehorreko heze, lehorreko eta sail ureztatuen artean, Tafalla inguruan. Horrez gain, jardunaldian Europako Recap proiektua aurkeztu zuten;bertan, INTIAk lan egiten du Orvalaiz Kooperatibarekin eta bost herrialdetako beste hamar erakunderekin batera, Informazio Geografikoko Sistemetan (SIG) eta satelite bidezko irudien tratamenduan oinarritutako zerbitzuak garatzeko, Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) baldintzatasunaren kudeaketa nekazaritza-ustiapenetan babesteko erreminta gisa.

Últimas Noticias Multimedia