Gazteendako babes ofizialeko etxebizitzak

Baztango Udalak gazteen artean dagoen etxebizitza beharra neurtu nahi du

Fernando Anbustegi Juan Mari Ondikol - Viernes, 10 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Iruritako Saguesen gaur egun dauden etxebizitzak.

Iruritako Saguesen gaur egun dauden etxebizitzak. (Argazkia: Ondikol)

Galería Noticia

Iruritako Saguesen gaur egun dauden etxebizitzak.

irurita- Iruritan, Sagues alderdian, behar sozialak dituztenendako etxebizitzak daude aspaldidanik. Dena den, egoera kaxkarrean daude eta Baztango Udala Nasuvinsarekin harremanetan jarri zen, etxebizitza horien egoera aztertu eta aterabide egokia emateko pausuak eman zitzan. Azken hilabete hauetan udalaren eta erakundearen artean bilera desberdinak egin dituzte, bertatik bertara etxebizitza horien egoera aztertu da eta irtenbidea aurkitu nahian adostasun batera ailegatu dira Baztango Udala eta Nasuvinsa. Duela bi aste lortutako akordioaren arabera, Baztango Udala prest legoke Sagues alderdiko etxebizitza horiek eraitsi eta Nafarroako Gobernuko erakunde publikoa denari lursaila uzteko, honek, bere aldetik alokairuan emateko etxebizi-tzak egin ditzan. Etxebizitza horiek babes ofizialeko etxebizitzak izanen lirateke, batetik, 35 urtez beheitiko gazteendako, bertzetik, urritasunak dituztenendako eta baita bertze behar sozialak dituztenendako ere. Babes ofizialeko etxebizitzak, alokairuan emateko. Baztango Udalak, lehenagotik urritasunak dituztenen eta behar sozialak dituztenen errolda moduko bat egina du jada, hortaz, orain, 35 urtez beheitiko gazteen zerrenda bat egin nahi du, gazteen beharrak neurtzeko. Heldu den abuztuaren 20ra arteko epea jarri du, Baztango gazteen beharrak neur-tzeko. Beraz, 35 urtez beheitiko edozein baztandar, Iruritako Sagues alderdian eginen liratekeen babes ofizialeko etxebizitzaren bat alokairuan hartzeko prest balego, udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri, bertzerik ez du egin behar. Izena emateko, gizartezerbitzua@baztan.eus e-postara idatzi, eta datu batzuk eman behar dira. Mezuan, izen-abizenak, jaio-tza data, herria eta telefono zenbakia idatzi behar dira. Joseba Otondo, Baztango Alkateak, azpimarratu duenez, e-posta bidez izena emateak ez du inolako konpromisorik barnebiltzen, hau da, izena emateak ez du inor behartzen etxebizitza hori alokairuan hartzera. Erran bezala, momentu honetan, abuztuaren 20ra bitartean, udalak Baztango gazteen beharrak neurtu nahi ditu, Saguesko etxebizitzen proiektua egin aitzinetik, benetako beharra ote dagoen jakiteko. Gazteen artean beharra eta interesa balego, Nasuvinsa arduratuko litzateke etxebizitzak eraikitzeaz. Etxebizitza onak, kalitatezkoak, energetikoki eraginkorrak izanen lirateke, txikiak, eta alokairu merkearekin. Honekin lotuta, uztailean Ultzama Campusa burutu zen, arkitektura ikasketetako azken urteko ikasleen parte hartzearekin. Nasuvinsaren eskariz Iruritako Saguesko balizko proiektuaren zirriborroa egin zuten. Zirriborro horren arabera, 50. 80 eta 100 metro karratuko 27 etxebizitza egin daitezke bertan. Beti ere, zirriborro bat da, etorkizunean, etxebizitza beharra balego eta egitasmo hau aitzinet aterako balitz, kontutan har litekeena. Baztango Udalak, 35 urtez beheitiko gazte baztandarrei dei egiten die, interesa izanez gero, izena ematera.