Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Ayerdi eta Elizalde kontseilariek Urbasa Andia bisitatu dute, Nafarroako naturagune bisitatuena

Ikusi zuten zer hobekuntza egin diren Parke Naturaleko kanpineko ur-hornikuntzan. Parke Naturalak laster lizitatuko du bere Erabilera Publikoko Planaren idazketa

navarra.es - Domingo, 12 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 19:47h

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Urbasako kanpineko instalazioak eta Urbasa Andia Parke Naturala bisitatu dituzte ostegun honetan. Nafarroako gune horrek 150.000 lagun jasotzen ditu urtean, gutxi gorabehera, eta, horrenbestez, Foru Komunitateko gune natural bisitatuena da.

Urbasa Andia Parke Naturala Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du, Patronatuaren gainbegiradapean, eta, aurten, bere kudeaketa berrirako baldintzak osatu ditu. Baldintzok erabilera publikoko plan batean zehaztuko dira, eta haren idazketa laster lizitatuko da. Landa Garapeneko sailak 400.000 euroko inbertsioa aurreikusten du 2018an egin beharreko lanetarako. Instalazio turistikora egin duten bisitan, ur-bilketarako obrak ikusi dituzte.

Turismoko Zuzendaritza Nagusiak 225.000 euro inbertitu ditu obra horietan, hornikuntzan lehen zeuden okerrak konpontzeko. Izan ere, oker horiek zailtasun handiak eragin zituzten kanpinaren funtzionamenduan. Obra horietan, Ayerdik azaldu duenez, bilketa berrirako putzu bat induskatu da, 270 metroko sakoneran, eta bulkatzeko ponpa bat instalatu da.

Bigarren fasean, aurrez fabrikatutako andel bat instalatu da, poliester-erretxinan egina. 65.000 litroko edukiera du, eta bi ganberatan zatituta dago, bakoitza 32.500 litrokoa. Honako hauek ere instalatu dira: balbuleria hartzen duen ekipamendu-etxetxoa, presio-multzoko bi ponpako hodiak, koadro elektrikoa eta kloragailua, bai eta ura hornitzeko sare orokorrera konektatzeko hodia ere.

Ayerdi lehendakariordeak adierazi du, halaber, instalazio berriak aurrekoa ordezten duela, zeinak Urbasako Jauregitik gertu dagoen putzu batetik hartzen baitzuen ura, 9 kilometro egiten baitzituen kanpinera, eta konponketa garestiak egin behar izan baitzitzaizkion —eta, hala ere, ezin izan zen konpondu kanpina urez hornitzeko ezintasuna, eta aldi baterako itxita egon behar izan zuen, gainera, 2015. urtearen amaieran—.

Lanak Jocal SL eta Lakita SL enpresek egin dituzte;lehenak putzua zulatu du, eta bigarrenak ur-andela instalatu du. Urbasako kanpina 1990eko hamarkadaren hasieran inauguratu zen, eta Urbasara iristen zen turismo “berdea” ordenatu eta kontrolatzeko bitarteko bat izan zen. Izan ere, paraje hori Parke Natural izendatu zen 1997an, kontrolik gabe.

Establezimenduak zenbait ostatu-modalitate ditu, eta 556 laguni eman diezaieke ostatu. Taberna-jatetxe bat du, eta aukera ematen du naturan jarduerak egiteko. Bisitariei zein bizilagunei eta parkean lan egiten duten langileei ematen die zerbitzua. Balio turistiko ukaezina du, baina baita ingurumen-balioa ere, kanpaldi libreak eragiten zituen inpaktuak kontzentratzen baititu.

Haren instalazioek gune horretako garapen ekonomikoari laguntzen diote —gogoan izan Sakanako haranetik zein Ameskoetatik gertu dagoela, Lizarrerrian). Sei langile finko ditu, eta beste sei langile hartzen ditu goi-denboraldian. Jarduera turistikoa sortzen du gune horretan, eta merkataritza aktibatzen du tokiko hornitzaileetan. 11.000 ostatu-gau egiten dira, gutxi gorabehera, modalitate batzuetan eta besteetan (kanpaldi-eremua, aterpetxea, gela anizkoitzak edo bungalowak), eta kopuru hori sendotu egin da azken urteetan.

Horri sukaldaritza-jarduera gehitu behar zaio, eta hura ere gorabidean da. Goranzko joera horri eusten laguntzea dute helburu ura hornitzeko oinarrizko instalazio batzuk bermatzeak (hala nola oraintsu gaitu direnak) eta enpresak berak egin dituen mantentze-lanek eta inbertsioek. Parkearen barruan, Urederraren Iturburuko Natur Erreserbak 150.000 bisitari inguru jaso zituen 2017an, 2016an baino pixka bat gutxiago, eta Foru Komunitate osoko naturagune bisitatuena izaten jarraitzen du. Urbasara 40.000 lagun baino gehiago etorri ziren bisitan uztailean eta abuztuan bakarrik.