Virtual market

Mikel Hualde Otamendi - Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:01h

“Zatozte, jendeok, zatozte erostera! Prezio baxu-baxuak ditugu, eta informazio ugaria, ahalik eta intimoena! Pribatutasunaren mugak zeharkatzeak ematen duen sentsazioa bizitzeko gogorik? Eros ezazue hemen!”.

Mota eta itxura guztietako pertsonak gerturatzen dira oihu hauen iturrira, inguruko bakea eta armonia zapuzten duen pertsonaia horrengana. Gehienek soilik begiratzen dute, produktuak eskutan hartu eta guzti egiten dute batzuek, baina amaieran ez dira ezerekin geratzen. Beste batzuek, ordea, doako salgaiak besterik ez dituzte hartzen, eroslea konbentzitzeko erakusmahaian dauden frogatxo txikiak, eros dezakezunaren zati txiki bat. Nahaspila honen guztiaren aurretik pasatzen direnak badaude, baina ez dute ezer ikusten, eta zuzen jarraitzen dute haien bidea, burua euren aferatan murgildurik.

Lapurrak ere badaude, trikimailu pentsaezinak bideratzen dituztenak ahalik eta gehien lapurtzeko, ondoren lagunei erakusteko edota txanpon gutxi batzuen truke saltzeko. Gertakari hauek ekiditearren, zenbait begiralek segurtasuna bermatzen dute, edozein banako susmagarri atxilotuz, baina arrakasta gutxirekin, itsu baleude bezala.

Hala ere, guztietan txarrenak trajedun eta purodunak dira, korpora-ez-dakit-zer bat osatzen omen dutela diote. Begiraleen babesa izateaz gain, erosten dutena helburu gaiztoetarako erabiltzen dute, nahiz eta haiek esan zerbitzuak eta segurtasuna hobetzea dutela helburu. Dena den, identitateen salmentaren kontu hau kontatu didatelako dakit, gure etxeko atarian jazotzen den arren.