Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek eta Lurederra Zentro Teknologikoak inprimatze digitalerako tinta berri batzuk asmatu dituzte nanoteknologiaren bidez

Proiektu horrek accesit bat lortu du SciencEkaitza lehiaketan, eta koloratzaile organikoen eta pigmentu ez-organikoen alderdi hoberenak elkartzen dituzte

DN - Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:27h

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) eta Lurederra Zentro Teknologikoko ikertzaileek –Zentroak Nafarroako Los Arcos herrian du egoitza– kolore anitzeko inprimatze digitalerako tinta berri batzuk asmatu dituzte. Tinta horiek, nanoteknologiari esker, koloratzaile organikoen eta pigmentu ez-organikoen alderdi hoberenak elkartzen dituzte (erabiltzeko erraztasuna eta egonkortasun kimikoa eta termikoa, hurrenez hurren). Proiektuak Inkoptimum du izena, eta accesita lortu zuen Automozioa eta Mekatronika kategorian, SciencEkaitza lehenengo lehiaketa zientifikoan. Corporación Tecnológica ADITech-ek egin zuen lehiaketarako deialdia. Tinta horiek dituzten abantailen artean aipatzekoa da material ez-porotsuetan aplika daitezkeela. Esaterako: beiran edo zeramikan. Eta, tinten partikulek duten tamaina nanometrikoa dela-eta mantentze-lan gutxiago egin behar da inprimatze ekipoetan. Honako hau zen SciencEkaitza lehiaketaren helburua: ideia disruptibo eta eraldatzaileenak saritzea. Ideia horiek sormen zientifikoaren eta/edo teknologikoaren esparrutik aurkeztu behar ziren, eta eragin berritzaile handia izan behar zuten Nafarroaren garapen sozioekonomikorako. Taldeek aurkeztu behar zituzten ideia horiek, eta gutxienez ere kide hauek izan behar zituzten taldeek: SINAIko (I+G+b.ko Nafar Sistema) bi agente desberdinetako pare bat kide, ikerketa jarduera Foru Komunitatean egingo zutenak. Pertsona hauek daude Inkoptimum proiektuaren atzean: NUPen aldetik, Luis Gandía Pascual eta Fernando Bimbela Serrano, Erreaktore Kimikoak eta Baliabide Berriztagarriak Balorizatzeko Prozesuak taldeko ikertzaileak;eta, Lurederraren aldetik, Cristina Salazar Castro, nanoteknologia arloko proiektuen kudeaketako eta I+G-ko Saileko ikertzailea. Erreaktore Kimikoak eta Baliabide Berriztagarriak Balorizatzeko Prozesuak taldea Zientzien Sailari eta InaMat Institutuari atxikita dago. IDENTIFIKATZEA ETA ERROTULATZEA “Gaur egun, ia ezinezkoa da azken produktuak eta makinak irudikatzea identifikazio, errotulazio edo pertsonalizaziorik gabe —esan du Cristina Salazarrek—. Erabilera masiboko materialak dira, dauden muga batzuk gorabehera. Esaterako, tinta batzuen itsaspena gainazal ez-porotsuetan edo haien degradazioa zenbait faktorerengatik, hala nola erradiazio ultramoreagatik. Hain zuzen muga horietan du sorburua errotulazio horretarako beharrezkoak diren bi kategoria nagusien gauza hoberenak, hau da, koloratzaile organikoak eta pigmentu ez-organikoak, nanoteknologiaren ahalmenari esker elkartuko dituzten tinta berriak diseinatzeko eta fabrikatzeko lankidetzak”. Ikertzaile horiek azaltzen dutenez, koloratzaile organikoak substantzia sintetikoak dira, sintetikoak izan nahiz naturalak izan, eta azken horietako asko landare jakin batzuen estraktuetatik ateratakoak dira. Egitura molekularrean kromoforo esaten zaien atomo taldeak dituzte. Talde horien loturak erradiazio ikusgaiarekin eta ultramorearekin elkarri eragiteko gauza dira, eta horrek kolore aldakuntzak eta dekolorazioak eragiten ditu. Haien erakargarri nagusia erabiltzeko erraztasuna da, erraz disolbatzen baitira zenbait ingurune likidotan, eta horrela haiek nahasi eta gainazaletan era kontrolatuan aplikatzen dira premia tekniko korapilatsurik gabe. Bestalde, ikertzaile horien arabera, pigmentu ez-organikoak uhin-luzera desberdinak xurgatzeko eta adierazteko gauza diren konposatuetan oinarritzen dira, eta zenbait kolore erakusten dituzte, baina, koloratzaile organikoak ez bezala, ezin dira disolbatu ingurune likido ohikoenetan. Hori dela-eta, prestatzeko bitarteko desberdinak eduki behar dira. Hauts itxurako oxidoetan (hauts egoeran) oinarritutako formulazioak dira, eta bitarteko likido edo matrize bati eransten zaizkio, non barreiatu egiten baitira. Aipatu bitarteko likidoak funtzio gehigarriak ematen ditu. Esaterako, itsaskortasuna. ERRONKA TEKNIKOAK Hain zuzen, solido-likido integrazioa eta egonkortasunari kalte egiten dioten partikula solidoen aglomerazio problemak erronka teknikoak dira pigmentu ez-organikoak erabiltzeko. Ikertzaile hauekin bat etorriz, “nanoteknologiari eta, batez ere, Lurederrak duela aspalditik garatzen dituen teknika esklusiboei esker, hauts itxura duten material oso txiki batzuk diseinatu eta fabrikatu ditzakegu, eta horri esker pigmentuen erabileraren erronka nagusiei aurre egin diezaiekegu” bereimen handiko inprimatze digitalean. “Inkoptimum proiektuaren xedea materialak diseinatzea da, koloratzaile organikoen erabileraren erraztasuna eta erradiazio ultramorearen aurrean pigmentu ez-organikoen egonkortasun kimikoa elkartzeko gauza izango direnak, bai eta aplikazio batzuk lehortzean eta idortzean beharrezkoak izan daitezkeen tenperatura altuen aurreko erresistentzia hobetua ere”, Luis Gandíaren eta Fernando Bimbelaren arabera. Hori lortzeko, ikertzaileak nanomaterialak ekoizten ari dira (100 nanometro edo 0,0001 mm baino gutxiagoko neurriak dituztenak). Nanomaterial horiei nano-oxido mistoak esaten zaie, eta kolore primarioekin bat datozenak nahi dituzte (zian, magenta, horia eta beltza) tenta berrien oinarri gisa erabiltzeko. Tinta horiek inprimatze digitaleko ekipoetan nahastu ahal izango dira beste edozein kolore lortzeko. “Horretaz gainera, tinta berriek ez dute mugarik izango tenperatura handietan idortzeko, eta, horrenbestez, material ez-porotsuetan itsastea lortzeko. Esaterako, beiran eta zeramikan. Halaber, kanpoaldeetan aplikatu ahal izango dira, eta, dituzten partikulen tamaina txikia dela-eta, inprimagailuetako oztopoekin lotutako mantentzea errazagoa eta merkeagoa izango da”, esan du Cristina Salazarrek.