Elkano, egia zor

Beñi Agirre Euskera irakaslea - Viernes, 17 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Gaztelako tropek 1200 urtean Getaria herri nafarra militarki hartu eta portua suntsitu egin zuten. 1204an, jada Getaria Gaztela zela, harresiak berreraiki eta Donostiako Foru nafarra lekualdatu zion Alfonso VIII.ak. Gaztelako erregearen asmoa garbi ikus daiteke historiaren argitan: euskal itsasaldeko jakintza, arrantzarako eskarmentua eta ontzigintzako teknologia beretu (Gaztela ez zen jajoa horietan), eta baskoien hiriburuari itsasorako irteera ebatsi. Ordukoa da baskoen eta nabarroen arteko bereizkeria.

Esteban Garibaik, Felipe II.a Espainiako erregearen kronikariak ere argi adierazi zituen horiek: “…, eta Getaria eta Mutriku hiribilduak berreraiki zituen itsasaldean. Oso ondo gotortu zituen hesi eta dorreekin, Kantauri Ozeanoan gailendu nahi izan baitzuen”. Alegia, kostaldeko herriak suntsitu eta ondoren berreraiki. Zertarako-eta, Kantauri Ozeanoan nagusi izateko.

Gaztelak eta Espainiak, godoen jarraiko erresumak euren esanetan, ez diote ezeren ekarpenik egin gizateriaren zibilizazioari. Amerikako konkistan, merkataritza eta trukean oinarritutako ekonomia, sarraskia eta arpilaketa bihurtu zuten. Euskaldunok batzuetan oldartu eta besteetan kolobaratu egin izan ohi dugu. Elkanoren kasuan, getariarrek jarri zuten ezagutza, eskarmentua eta teknologia. Espainiako erregeek, ordea, egin zuten negozioa. Ospatu ala ez eztabaidaren gainetik, Gaztelak Getariari egia zor.