Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
GIZARTEA

Osakidetza nazioarteko proiektu baten ko-liderra izango da

Proiektuak 500.000 €-ko finantziazioa lortu du Fundação para a Ciência ea Tecnologiaren eskutik, La Caixa fundazioaren Health Research Call-en esparruan egindako lankidetza-hitzarmenari esker

2018(e)ko abuztuaren 21a, asteartea - 13:02etan eguneratua

La directora general de Osakidetza, María Jesús Múgica.

La directora general de Osakidetza, María Jesús Múgica. (EFE)

Galería Noticia

La directora general de Osakidetza, María Jesús Múgica.

Osakidetzaren Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua Lisboako Unibertsitateko Farmazia Fakultateak zuzenduko duen ikerketa-proiektu kolaboratibo baten ko-liderra izango da hurrengo 3 urtetan. Proiektuak aztergai izango du besikula extrazelularrek gibel koipetsu ez-alkoholikoaren gaixotasunaren (NAFLD) biomarkatzaile ez-inbaditzaile gisa duten papera, eta gaitz horren garapen eta aurrerapenean duten eragina.

Espainian gaur egun hiru pertsona heldutatik batek dauka gibel koipetsu ez-alkoholikoa, sintomarik gabeko gaixotasuna dena, gibelean koipe gehiegi pilatzeak eragindakoa. Halaber, gaitz horrek hamar haurretatik bati eragiten dio, horren jakitun izan gabe. Badira gaixotasuna izateko arriskua handitzen duten faktoreak;hala nola, gehiegizko pisua edo obesitatea, diabetesa edo kolesterol-eta triglizerido-indize altuak. Patologia honen intzidentzia oso handia da, eta hurrengo urteetan handitzen joango dela espero da, populazioaren ohitura txarrak direla-eta. Euskadin gibel koipetsu ez-alkoholikoaren gaitza 400.000 lagun inguruk duela uste da. Gaixotasun kroniko horrek aurrera egin dezake eta inflamazioa eta fibrosia sortu, eta baita gibeleko minbizia ere.

Proiektu honetan ahaleginik handiena egingo da behazun-azidoen TGR5 hartzaileak besikula extrazelularren edukiaren (i.e., microARNen) modulazioan duen eragina zehazten eta ehun adiposoaren eta gibelaren arteko seinalizazio-mekanismo gisa duen papera finkatzen. Horrek ondorio diagnostiko eta terapeutiko garrantzitsuak izan ditzake. Zentzu horretan, proiektuak Intercept Pharmaceuticals konpainia farmazeutikoaren lankidetza dauka.

Diziplina anitzeko ikerketa-proiektu honen buru Rui Mota Castro doktorea izango da, Lisboako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko ikertzailea;eta berarekin batera arituko da Jesus Bañales doktorea, Miguel Servet, Ikerbasque eta CIBERehd-ko ikertzailea eta Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduraduna. Halaber, María Luz Martinez-Chantar doktorearen (CICBiogune, Derio) eta Kristina Schoonjans doktorearen (École Polytechnique Fédérale de Lausanne, Suitza) taldeek parte hartuko dute.

Proiektuak 500.000 €-ko aurrekontua izango du, Fundação para a Ciência ea Tecnologiak finantzatuko duena, La Caixa fundazioaren Health Research Call 2017 deialdiaren esparruan egindako lankidetza-hitzarmenari esker. Entitate horrek martxan jarritako lehenengo ikerketa-deialdi irekia izan da, oso lehiakorra;izan ere, kalitate zientifiko handiko 785 proiektu aurkeztu dira, Portugal eta Espainiakoak, eta orotara 24 proiektu finantzatu dira.

Deialdiaren helburua izan da bikaintasuneko proiektuak bultzatzea, munduan eraginik handiena duten gaixotasunei aurre egiteko;adibidez, gaixotasun kardiobaskularrei, neurologikoei, infekziosoei eta onkologikoei.

Finantziazioa emateko orduan, balio handia eman zaio taldea diziplina anitzez osatutakoa izateari eta proiektuaren liderrak nahiz ko-liderrak gaixotasun hepatikoen arloan ikerketa-ibilbide sendoa izateari. Kontuan hartu da proiektuak eragin zientifiko oso handia izan dezakeela eta bultzada handia eman dakiokeela disfuntzio metaboliko eta hepatikoen esparruari. Era berean, gizarte mailan izan dezakeen eragina balioetsi da.