Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek eta Nafarroako hiru enpresak osatutako partzuergo bat mikrobus elektriko, autonomo eta konexiodun berri bat garatzen ari da

unavarra.es - Domingo, 26 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:59h

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) partzuergo bat osatu du, Smart Cities Institutuaren (ISC) bidez, egoitza Nafarroan duten hiru enpresarekin (Integralia, Ingeteam eta Permagsa) mikrobus elektriko eta autonomo bat garatzeko, konexioa eta 150 kilometroko autonomia dituena. Proiektuak BOLETUS du izena (mikrobus elektriko autonomoaren izena erabiliz sortutako siglak), eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa dauka, 2017-2019 aldiko I+G-ko proiektu estrategikoak egiteko deialdiko laguntzetako baten onuraduna baita, VOLTA izeneko 1. erronkaren barruan, 0 igorpeneko irismen handiko eta teknologia aurreratuko ibilgailuetarako.. Diru-laguntza 1,46 milioi de eurokoa da.

“Ibilgailu elektriko eta autonomoen garapena interesgarria da aspalditik  —azaldu du Jesús Villadangos Alonso NUPeko ISC Institutuko ikertzaileak eta Estatistika, Matematika eta Informatika Saileko irakaslea—. Nolanahi ere, orain arte garatutako teknologia batez ere auto utilitarioetan aplikatu da. Egun merkaturatzen diren ibilgailu horietako gehienak ibilgailu autonomoak ez badira ere, gidatzen laguntzen duten funtzionaltasunak integratzen dituzte, hau da, Gidatzen Laguntzeko Sistema Aurreratua edo ADAS. Sistema horrek erreia detektatzen du edo seinaleak identifikatzen ditu sentsore eta teknologia batzuei esker”.

Integralia egoitza Eskirotzen (Nafarroan) duen enpresa bat da, mikrobusen karrozeria kontuetan nazio mailan burua eta nazioartean eredu dena. Mikrobus elektriko, autonomo eta konexiodunen esparruan negozio-lerro berri bat garatzeko ideia izan zuen enpresa horrek. Interes hori dela-eta proiektu estrategiko bat proposatu zen Nafarroako Gobernuaren 2017ko I+G-ko proiektu estrategikoetarako diru-laguntzen deialdian. Horretarako, NUPekin elkartu zen, bai eta Permagsa eta Ingeteam enpresekin ere. Permagsak igogailuetarako motorrak egiten ditu, eta egoitza Altsasun du. Ingeteam energia berriztagarrien arloko enpresa bat da, eta lantegiak ditu Nafarroan (Sesman eta Sarrigurenen). Haren lan arloetako bat mugikortasun elektrikoa da.

Bazkide bakoitzaren ekarpenak

Proiektu honen helburu tekniko nagusia mikrobus elektriko baten prototipo bat garatzea da, ADAS sistemen funtzionamendua eta ibilgailu horiek era autonomoan gidatzeko estrategiak ebaluatzeko bidea emango duena. “Partzuergoan bazkide bakoitzak funtsezko zeregina du helburua erdiesteko —esan du Jesús Villadangos ikertzaileak—. Hala, Integralia ibilgailuaren egitura eta mekanika garapenaz eta konfort sistemaz arduratzen da. Permagsari dagokionez, bost tonako mikrobusentzako trakzio elektrikoko sistema berri batean ari da lanean. Bestalde, Ingeteam mikrobusentzako kargatzaile laster berri bat garatzen ari da. Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak trakzioaren eta gidatze autonomoaren kontrol sistema garatu nahi du, bai eta mikrobusetara egokitutako gidatzen laguntzeko sistema ere”.

Kontu horri dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak, bistaratze konputazionalean espezializatutako enpresa batekin, alegia NVIDIA iparramerikar multinazionalarekin akordio batera iritsi ondoren, “prest daude ADAS sistema eta ibilgailuaren gidatze autonomoarena garatzeko nazioarteko beste ikerketa batzuetan erabiltzen ari diren hardwarearekin”. “ADAS sistema ‘deep learning’ edo ikaskuntza sakona deritzan teknologia erabiliz garatzen da, adimen artifizialaren parte bat, gizakien ikaskuntza ikuspegia emulatzen duena, eta seinale bertikalen multzo murritz bat kontuan hartuta, zeinak modu autonomoan gidatzeko estrategietan integratuko baitira”, esan du Jesús Villadangosek.

Gainera, proiektuan beste enpresa batzuk ari dira elkarlanean, horietako batzuk NUPeko “spin-off” edo oinarri teknologikoko enpresak, ibilgailuen segurtasuna hobetuko duten sentsoreak garatzeko. Zehazki, Tafco Metawireless eta Anteral dira.

Proiektu honetan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileak hauek dira: Xabier Aláez Sarasíbar, José Javier Astráin Escola, Alberto Córdoba Izaguirre, Jesús Corres Sanz, Francisco Falcone Lanas, Ion Goizueta Crespo, José Ramón González de Mendívil Moreno, Manuel Prieto Míguez, Mael Taleb eta Jesús Villadangos Alonso. Enpresa bakoitzari dagokionez, arduradunak hauek dira: Javier Ayúcar Undiano eta Ángel M.ª Ruiz Murugarren (Integralia), Íñigo Landíbar Goñi (Ingeteam) eta Asier Leiza (Permagsa), enpresa bakoitzeko giza talde zabal batek parte hartzen badu ere.