Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

10.000 plaza Nafar Lansareren 660 ikastarotan langabeen eta jardunean diharduten langileen gaitasun profesionalak hobetzeko

Nafar Lansarearen azken lauhilekoko prestakuntza eskaintzaren barnean, 3D animazioko puntako ikastaroetako 30 plaza nabarmen daitezke, ikusentzunezko ekoiztetxeen eskariari erantzunez

Martes, 28 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 21:38h

Nafar Lansareak 10.000 plaza baino gehiago dituzten 661 ikastaro eskainiko ditu urteko azken lauhilekoan, langabeen nahiz jardunean diharduten langileen gaitasun profesionalak hobetzeko. Prestakuntza ekintza guztiak diruz lagunduta daude eta izen-emateak www.empleo.navarra.es webgunearen bitartez egingo dira, hortxe eguneratzen baita eskaintza etengabe. Prestakuntza-maila guztiei nahiz Nafarroako eskualde guztietako ekoizpen-esparruei dagozkien ikastaroak daude, oinarrizko gaikuntzatik hasi eta goi-kargudunen prestakuntzarako ikastaro tekniko trinkoetaraino, betiere kontuan harturik bizitzan zehar prestatzeak duen garrantzi gero eta handiagoa, lan-merkatu aldakorrera eta digitalizaziora egokitu ahal izateko, NLako zuzendari-kudeatzaile Paz Fernándezek prentsaurrekoan adierazi duenez . Eskaintza osoan, langileen gaitasunak hobetzea helburu duten 464 ikastaroetako ia 7.000 plaza nabarmen daitezke. Langabeek plazen % 30ez baliatzeko aukera dute. Ikastaroak prestakuntza erakundeek emanen dituzte eta NLak gaitasunen araberako lehentasunak finkatu ditu komunitatearen giltzarrizko esparruetan (S3) eta enpresa eta sektorei erantzunez. Langabeei zuzenduta, NLak 500 plaza inguru eskainiko ditu Profesionaltasun Ziurtagirien titulazio ofiziala lortzeko 33 ikastarotan, hauek ere prestakuntza erakundeen bitartez;logistika eta kutxa-kudeaketari buruzko 40 plaza prestakuntza eta enpleguaren aldeko bi programa integraletan;eta 285 plaza giltzarrizko gaitasunei buruzko 19 ikastarotan. Eskaintza anitza Iturrondon eta Gazte Bermean Era berean, NLak 120 ikastaro programatuak ditu bigarren seihileko honetan Iturrondoko zentroan (Burlata), 2.000 plaza ingururekin, honako esparru hauen inguruan: administrazioa eta kudeaketa;ekintzailetza, merkataritza eta garraioa (industriarako balio anitzeko langilea, besteak beste;gaitasun digitalak eta pertsonalak;4.0 industria;hizkuntzak;fabrikazio mekanikoa;ostalaritza eta turismoa;informatika;irudia eta soinua;mantenimendua;lan-arriskuak;zerbitzu soziokulturalak;edota entretenimendu industrietarako proiektuen kudeaketa. Berariaz nabarmen daitezke Gazte Bermearen sistemari atxikita dauden gazteentzako ikastaroak (soldadura, merkataritza eta biltegia), Iruñearen inguruko udalen lankidetzaz antolatu eta gaitasunak pertsonalak indartzea xede dutenak. Bestalde, “Proiektu bereziak” lan-ildoaren bitartez (enpresen, sektoreen eta eskualdeen eskariei eskainitako erantzun azkarra), NLak nekazaritzako peoien ikastaroan programatu ditu Erriberako zenbait herritan;galdaragintza eta kontrol numerikokoak Cintruenigon, garbiketakoak Ablitasen, eta lehendabiziko aldiz ikastaroak Piriniora hurbiltzen hasi da (ostalaritza, nibologia, gaitasun digitalak, etab.);eta beste batzuk abiaraziko ditu Iruñean eta Iruñerrian 4.0 industriari buruz. Ingeniaritzak eta lanbide teknikoak CENIFERen Energia berriztagarriei buruzko prestakuntzarako erreferentzia bihurtu den CENIFER zentroko eskaintzak 23 ikastaro eta 350 plaza inguru ditu, ingeniari teknikoei eta lanbide teknikoetako espezialistei zuzenduta, nagusiki. NLak aurre hartu dio autokontsumoaren eta sare adimendunen goraldiari energiari buruzko oinarrizko prestakuntza ibilbidearekin (161 ordu, irailaren 10ean hasteko). Beren horretan mantendu dira automaten programazioa, programazio eta diseinu industriala;BIM;mantenimendu elektrikoa eta maniobra industrialak edota energia berriztagarrien sektorerako ingelesa, besteak beste. Berariaz nabarmendu behar da irailaren 27an hasiko den 28 prestakuntza orduko “Intrapreneur Program Manager. Azeleratu berrikuntza proiektuen salmenta zure nagusiei” ikastaroa, enpresen barruko talentua eta ekintzailetza aitortzea xede duena. 30 plaza 3D animazioko puntako ikastaroetan Berritasun gisa, prestakuntza multzo txiki honen barnean, Nafar Lansareak 3D animazioko puntako hiru ikastarotan dauden 30 plazatarako izena emateko epea ireki du. Ikusentzunezkoen Klusterrarekin batera eta Sodenaren laguntzaz diseinatzen ari den lehen prestakuntza multzoari atxikitako eskaintza honen bidez, enplegua sustatu nahi du Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategiaren (S3 Nafarroa) sei zutabeetako batean: sormen industrietan eta industria digitaletan, ikusentzunezko ekoizpen digitalari arreta berezia emanez. Nafarroako zerga-kenkariek erakarrita, komunitatean finkatuz doazen enpresek zailtasunak dituzte ikusentzunezkoen arloko zenbait profil profesional betetzeko. Horren harira, www.empleo.navarra.es eta http://www.animacion3dnavarra.es webguneetan eskura daitekeen lehenengo ikastaro-multzo honetan, NLak 30 plaza eskainiko ditu urriaren 1ean hasi eta 416 ordu teoriko-praktiko izango dituzten hiru ikastaro hauetan (izena emateko epea irailaren 16an bukatuko da). - “3D argiztapena, shading-a, compo-a eta renderra”, 3D inguruneen gainekoa, materialen aplikazioa, geruzen renderra eta konposizioa kalitate zinematografikoko irudiak lortzeko. - “Concept Art animazioetarako eta bideojokoetarako”, marrakigintzako nahiz irudigintzako gaitasunak garatzeko, 3D animazioko eta bideojokoen arloko ekoizpenei zuzendutako concept art deritzona diseinatu eta gauzatzeko. - “Animazio digital aurreratua”, 3D ezaguerak (artea, aurre-ekoizpena, modelaketa, rigg-a, lay out-a, animazioa, argiztapena, render-a, compo-a) dituzten ikasleek eta profesionalek animazio digital aurreratuko film luzeen sektore profesionalean sartzeko aukera izan dezaten. Aldez aurretik, 3D Argiztapeneko eta Concept Art-eko ikastaroetarako onartutako pertsonek “Animaziozko ekoizpen baten erradiografia” deritzon ikusentzunezko industriari buruzko hastapen ikastaroa egin beharko dute irailean. Prestakuntza kualifikazio goreneko Estatuko profesionalen emango dute. Ikastaroak 35-40 orduko dedikazioa eskatuko dute astero. Enplegu Zerbitzuak sarbidea lehenetsiko die 2D animazioan, 3D animazioan, VFXan, postprodukzio digitalean, argiztapenean eta abarretan nolabaiteko prestakuntza edo esperientzia duten pertsonei, softwaren espezifikoen (Photoshop, Maya, 3DMax, Animate, etab.) inguruko esperientzia dutenei edota marrazki artistikoa, irudigintza, nobela grafikoa eta komikia bezalako esparruetan esperientzia dutenei. Ikastaroen prestakuntza egiazko ekoizpen ingurunean hartuko dela bermatuko dute, prestakuntza lanez besteko praktikekin konbinatuz. NLak beka-programa bat du parte-hartzea errazteko. Gainera, lan-poltsa sortuko da. Nafarroako Ikusentzunezkoen Klusterreko kudeatzaile Arturo Cisnerosek ziurtatu duenez, abian diren proiektu guztiek aurrera egitekotan, Nafarroan 60 profesional baino gehiago beharko dira espezialitate desberdinetan. Curriculuma bidali nahi dutenek, motibazio gutun batekin batera igor dezakete ikastaroak@clavna.com helbidera. Hiru esparru horietako etorkizuneko profesionalen gaikuntza bermatzeko, NLak 130.000 euro inguru inbertituko ditu. Era berean, diseinatzen diharduen prestakuntza ekintzak otsailean abiaraziko dira, egun abian dituen proiektuak ikusentzunezko ekoizpeari dagozkion alorretan zehaztu ondoren: story board eta animatika, 3D modelaketa, ekoizpen kontrola, Visual Fx edo sistemen administrazioa. Nafar Lansareko zuzendari-kudeatzaile Paz Fernándezek adierazi duenez, NLak puntako teknologia arras aurreratuen inguruko prestakuntza eskari honi emandako “erantzun azkarra” bat dator “erakundeak Nafarroan digitalizazioa bultzatzearen alde egin duen apustuarekin, bai industrian, baita beste sektore batzuetan ere, maila desberedinetan: oinarrizko gaitasun digitaletatik 4.0 industria erraztuko duten teknologietaraino (big data, ikusmen artifiziala, automatizazioa, etab), animazio eta sormen industriak barne hartuta, gainerako sektore industrialei eragiten dieten heinean”, azaldu du.