Baluarte Fundazioaren 2018 – 2019 Denboraldirako abonu oso berriak salgai daude jada

Domingo, 2 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 12:45h

Baluarte Fundazioaren 2018 - 2019 Denboraldi berrirako abonu eta sarreren salmenta egutegiaren baitan, abonu oso berriak salgai jarri dira. Denboraldi berrian kalitatezko 14 ikuskizun ekarriko ditu Baluarte Fundazioak, Espainiako nahiz nazioarteko musika klasiko, lirika eta dantza hitzordu nabarmenekin. Abonu osoek denboraldiko hamalau ikuskizunetarako sarrerak eskaintzen ditu, sarrera solteekiko %20eko deskontuarekin: 1.zona: 485€ / 2. zona: 361€ / 3. zona: 261€. Gainera, Baluarte Joven programaren abonuak ere jada eskura daitezke (gazte txartelarekin): 2. zona: 135€ / 3. zona: 98€. Abonuak Baluarteko txartel-leihatilan eta 948 066 061 telefono zenbakian eskura daitezke. 
 
Eszenifikatutako opera Baluartera itzuliko da programazioaren baitan, Opera Lagunen Gayarre Elkartearekin (AGAO) elkarlanean, errepertorioko bi izenburu nabarmenekin: Donizettiren L’elisir d’amore eta VerdirenOtello. Bi operek etxeko bi artista izango dituzte protagonista: Sabina Puértolas nafarra Donizettiren operako emakume protagonista izango da eta Gregory Kunde, egungo Otello handiena. Nazioarteko operaren arloan gogokoenen arteko zerrendan dagoen beste tenor batek, Javier Camarenak, gala bat eskainiko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin. Gainera, lehenbiziko aldiz Baluarte Fundazioaren denboraldi batean, ballet klasikoa izango dugu orkestra batekin zuzenean: Intxaur-hauskailuaren ekoizpen berri baten erabateko estreinaldia, José Carlos Martínezek , Dantza Konpainia Nazionalerako egindakoa (haren zuzendari artistikoa da). Dantzaren arloko beste hiru ikuskizunek lagun egingo diote proposamen honi denboraldian zehar: Víctor Ullate Balletaren 30. urteurreneko gala, Goteborgeko Operako taldea eta Farruquito flamenkoko dantzari handia.Mariinsky Theatreko orkestraren urteroko hitzordu berria izango dugu, Iruñeko Orfeoiarekin duen lankidetzan, eta nazioarteko gazte orkestra nagusiaren bisita, Gustav Mahler Jugendorchester. Kalitate bereko musika, baina formatu intimoago batean, izango da kontzertuen areto handietan ohikoak diren bi piano-jotzaile hauek beren errezitaldietan eskainiko digutena: Sir András Schiff, Bachen Goldberg bariazioak aurkezteko, eta Grigory Sokolov. Aste Santuko bezperetan ere Bach izango da protagonista: Pasioa San Joanen arabera aurkeztuko dute XVIII. Mendeko Orkestrak, Cappella Amsterdam taldeak eta bakarlarien talde gailen batek. Baluarte Fundazioaren programazioa berezitasuna eta bikaintasuna ezaugarri duten bi musika proposamenek amaituko dute: Amoria, Katya eta Marielle Labèque ahizpak eta Carlos Mena protagonista dituela, eta María Bayo Baluartera itzuliko da, Latinoskontzertua aurkeztera.
 
Halaber, Baluarte Cámara programarako abonamenduak ere salgai daude: ganbera-musika 6 emanaldi 58 eurotan.